EuskarAbentura despeditzen duenean, praktikak osatuta, begirale titulua eskuratuta bueltatuko da etxera olaztiarra. Irakasle ikasketak egiten ari da.
Nolaz begirale?
Duela urte batzuetatik argi daukat ume eta haurrekin lan egin nahi dudala, eta gustuko dudala haiekin lan egitea. Badakit irakasle ikasketak egin eta begirale titulua atera nahi dudala eta gazteekin egin nahi dudala nire bizitzako etapa.
Beraz, herriko Udan Euskaraz ezin duzu egon.
Aurten ez, heldu den urtean fijo. Bai.
Aurretik eskarmenturik baduzu?
Programaren batean ibili izan naiz bidelagun. Udan Euskarazen laguntzen egon naiz astelehenean (garilaren 3an), adibidez. Eta familiako lehengusu eta lehengusina txikiekin beti ongi moldatu naiz.
Bokazioa dena praktikan jartzera?
Hilabete bat aurretik, ea zer gertatzen den.
Zergatik eman zenuen izena EuskarAbenturan?
Izena eman nuen lehenengo aldia izan zen 2020. urtean, jzioquitar moduan onartu ninduten. COVID-19 garaia zen eta edizio pixka bat xelebrea izan zen: 10 egun egon nintzen bakarrik, baina primeran pasa nuen. Bigarren txandan bisitan egon nintzen. Joan zen urtean ere egun batzuetan bisitan izan nintzen. Argi nuen aurten joan behar nintzela. Izena eman eta kitto.
Zer oroitzapen duzu?
Lehenengo txandan egon nintzen. 120 gazte beharrean 60 gazte egon ginen. Nahikoa erlazio estua egin genuen gure artean. Hiruzpalau ezagunekin joan nintzen. Lehen egunetan hizketatzen hasi eta batzuk beste ezagun batzuen ezagunak ziren, ez dakit non familia zuena eta nire familia dena... Azkenean, kristoren harremana egiten duzu denekin, eta esperientzia polita bizitzen duzu.
Betirako gelditzen dena?
Gure edizioa berezia izan zenez, batzuekin bai, erlazio oso estua. Eta, besteekin, kalean topo egiten duzunean, primeran. Aurten bereziagoa izango da.
Balio du lagunak egiteko?
Bai, noski. Hilabete bat, 24 ordu batera. Lehenengo egunak arrotzak dira, jendea ezagutu behar duzulako, eta denak ez direlako zu bezalakoak. Baina bosgarren egunetik aurrera, jada, erlazioak egiten dituzu. Eta azken egunean ezin bukatu abentura.
Ezagutu zenuen Euskal Herria?
Nire espedizioan ez, berezia izan zelako. Bi oinarrizko kanpamendu modukoak egin genituen eta handik abiatuta mugitzen ginen. Baina, aurten Euskal Herria zeharkatzeko gogo handiz nago, txoko bereziak ezagutzeko gogoz.
Hilabete bat etxetik kanpo 125 gazteren arduradun.
Gustura. Ongi portatuko dira.
Lehengusua eta anaia joaten dira.
Ongi portatu beharko dira, bestela... Haiekin ongi ere.
Gainontzeko begiraleak ezagutzen dituzu?
Duela bi aste Zarautzen egon ginen, asteburu pasa, prestakuntza eta halako lanak egiten. Batzuk ezagunak dira beste edizio batzuetatik, eta aurten beste asko berriak, baina, tira.
Zein da zuen egitekoa EuskarAbenturako egun batean?
Xerpa edo begirale bakoitzak bere taldea du, 12 edo 13 pertsonakoa. Goizetik gauera talde hori bere ardurapean dago; haiekin gosaldu, bazkaldu, lo egin behar du. Horiek dira zure ardurapean daudenak, gehienbat. Gure egitekoa da dena normal joatea, eta gutxi gehiago. Azkenean, ez dira oso gazteak, nahiko helduak dira. Haiek beretik ere jartzen dute, eta dena ongi doa beti.
Zenbat jende joaten da partehartzaileekin batera?
125 gazte dira. Lantalde moduan 30 pertsona goaz. Horietatik xerpak uste dut hamar bat izango direla, eta sherpa laguntzaile hamabost. Bestalde, badira medikuak, erizainak, komunikazio lantaldea, koordinazio lan taldea...
Xerpa, zergatik?
Euskarabentura Ruta Quetzaletik dator, eta han monitore direnak xerpak dira. Beraz, espedizioan, EuskarAbenturan ere xerpak gara; ez gara ez monitore edo ez begirale, xerpak.
Baduzue izen berezi bat ere, lehen aipatu duzuna, ezta?
Jzioquitar. EuskarArabenturaren leloa jzioqui dugu da. Oker ez banabil, euskarazko lehen idatzitakoa da (Donemiliagako glosak, X. mende akabera edo XI. mende hasierakoak). Horregatik, jzioquitarrak.
Hilabete bat lanean etxetik kanpo.
Beno lanean, lanean ez dakit, gustura pasatzera. Baina hilabete bat ez da izango, zeren egun batean Olatzagutira eskapo eginen dut, festetara. Egun bat, lagunak ikusteko, eta listo.
Araiatik pasatzen zarete.
Araian ere geratu gara. Ea lagunak bisitan etortzen diren.
Gogoko etaparen bat baduzu?
Joan zen urtean bisitan egon nintzen, parte hartzaileen artean ezagunak nituelako. Uste dut etaparik hoberena egin nuela: Araia eta Zerain artekoa. Araiatik ateratzen gara. Aizkorri eta Aratz artean, San Adrian kobatik pasatzen gara. Etapa Zerainen bukatzen dugu etapa. Aurten hamabosgarren egunean tokatzen zaigu. Egun horretan bertso afaria egiten da. Herria antolatzen da, herri guztiak parte hartzen du, eta espedizio osoari afaltzen ematen digu, musu-truk. Gainera, bertsolariekin. Afari mundiala izaten da.
Zure esperientzia hartatik, zerekin bueltatu zinen?
Bueltatu nintzen lagun askorekin eta berri bueltatzeko gogo handiz bueltatu nintzen. Han nengoela argi neukan bueltatu behar nintzela, txantxa moduan esaten nuen: ni hurrengo urdin moduan bueltatu behar naiz. Eta bete dut.
Urdina, xerpen kolorea delako?
Hori da, urdina, xerpen kolorea da, eta laranja jzioquitarren kolorea, bai.
Urdin edo xerpa gisa, zerekin bueltatzea espero duzu?
Lasai bueltatzea espero dut. Espero dut ezer ez gertatzea espedizioan. Eta espero dut bueltatzea jzioquitar lagun askorekin, eta lantaldeko lagun askorekin baita ere. Bueltatu nahi dut lagun askorekin, ondoren Euskal Herrian zehar bisita ditzakedan eta juergak egin ditzakedan jende askorekin.