Hizkuntza, gizarte, ekonomia eta kultura errealitate anitzetako 125 gaztek parte hartzen dute EuskarAbenturan, haren laugarren espedizioan. Parte hartzaileak, jziokitarrak (iziokitarrak irakurri) 16 eta 17 urte artekoak dira, Euskal Herrikoak eta diasporakoak (bi). Garilaren 1etik 31ra gazte horiek Euskararen Lurraldea zeharkatuko dute oinez. Kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna bezalako baloreak indartuko dituzte, euskaratik eta euskaraz. 400 km-ko ibilbidean 32 herri zeharkatuko dituzte.
Bederatzi sakandarrek parte hartuko dute aurtengo edizioan: Enara Uharte Osinaga ihebardarra, Beñat Gomez Maiz eta Artzai Karasatorre Sudera etxarriarrak, Leire Zelaia Leitza eta Erkuden Saez de Adana Larrañaga bakaikuarrak, Gurutz Goikoetxea Irisarri eta Kaiet Arzamendi Arakama urdindarrak eta Ekai Vicente Lopez de Goikoetxea eta Iraitz Larrañaga Vicente olaztiarrak.
Nola izan zenuten EuskarArabenturaren berri?
Enara. Ahizpa bizpahiru urte lehenago saiatu zen sartzen. Lagun baten bitartez ezagutu zuen berak. Geroztik saiatu da ni mundu honetara ekartzen. Kuadrillatik ez du inork izena eman, ni bakarra izan naiz. Aukera paregabea izan daiteke mendia ezagutzeko, gure parajeak baloratzeko, baita lagun berriak egiteko ere.
Kaiet. Institutuan geundela Batxilergoko 1. mailako ikasle batzuk etorri ziren EuskarAbenturari buruzko hitzaldia ematera. Hortik aurrera hasi nintzen informazioa bilatzen, gehiago interesatzen. Hasieran ikusi nuen hilabeterako zela, beharbada denbora gehiegi. Pentsatu nuen izan litekeela bizitzan behin izanen dudan esperientzia bat, betiko gogoratzeko. Gainera, kausa on batengatik da: euskara sustatzea.
Gurutz. Nik ere institutuan izan nuen EuskarAbenturaren berri. Kateari tiraka atera nituen behar nituen informazioak eta halakoak. Kaietekin ere hitz egin nuen, banekielako berak ere izena eman behar zuela, edo, behintzat, saiakera egin behar zuela. Urdiaingo euskara zabaltzeko aukera oso ona izan daiteke. Lagunak egiteko aukera polita izan daiteke. Eta bizitzako esperientzia polit bat izan daiteke.
Artzai. Joan zen urtean parte hartu zuen bat azalpenak ematera ikastolara etorri zen. Pixka bat harrigarria iruditu zitzaidan, joatea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen.
Beñat. Aurretik ezagutzen nuen, baina parte hartzeko asmo handirik ez nuen. Baina bideoak ikusten eta webgunean sartzen hasi nintzen eta nahiko interesgarri iruditu zitzaidan.
Erkuden. Lagun bat duela bi urte joan zen. Bere esperientzia kontatu zidan, gustatu zitzaidan eta, ordutik, joateko gogoa beti izan dut.
Leire. Kontzertu batean ezagutu nuen. Kalean geunden eta, bat-batean, laranjaz jantzitako kristoren kuadrilla sartu zen. Izebak kontatu zidan zer zen. Ondoren Erkudenekin hitz egin nuen.
Iraitz. Nire lehengusu Aimar duela bi urte joan zelako. Esan zidan oso kontent egon zela, sekulakoa dela. Horregatik eman nuen izena. Jende berria eta Euskal Herria ezagutzeko eman dut izena, eta mendiak igotzeko.
Ekai. Anaiaren bidez izan nuen espedizioaren berri, duela bi urte parte hartu zuen. Parte hartzera animatu ninduen, oso esperientzia polita dela esan zidan, eta aurten erabakia hartu nuen. Mendia gustatzen zait. Eta berria den zerbait probatzeko.
Aukeratuak izateko zer egin zenuten?
Leire. Happykrazia gaia aukeratu nuen. Pentsarazi digute pozik bizi behar dugula, poztasun hori lortzeko zer egin behar dugun. Horrekin abesti bat sortu nuen, eta testu batean abestia azaldu nuen.
Enara. Hainbat gai zeuden eta happykrazia aukeratu nuen idatzi bat egiteko. Gizarte honetan inposatutako zoriontasuna daukagu. Gorputz idealek ere eragin handia dute gizartearengan, baita gazteongan ere.
Erkuden. Gizartea-naturan, natura-gizartean gaia aukeratu nuen. Birziklatutako materialekin eskultura bat sortu nuen, metalezko buru bat. Niretako gizartea eta natura zer ziren irudikatzen zuen. Hura azaltzeko testu bat egin nuen: zergatik egin nuen, zein materialekin, nola egin nuen, esanahia...
Kaiet. Happykraziari buruzko ipuina egin nuen. Protagonista mutiki bat zen, zoriontsu izatea amesten zuena. Hasieran beti gauza materialetan pentsatzen zuen. Horiek lortzen joan hala konturatzen da benetako zoriontasuna ez dagoela gauza materialetan, esperientzietan baizik.
Beñat. Musika konposizio bat egin nuen, eta zortziko txikian bertso batzuk sortu nituen. Hura grabatu eta aurrera. Gaia, natura gizartean. Istorio bat asmatu nuen. Gizon batek maite zituen basoak suntsitzen joaten zirela ikusten zuen.
Artzai. Bidaiariak eta turistak gaia aukeratu nuen. Idatzi pixka bat literarioa egin nuen. Bi pertsonai daude, turista eta bidaiaria. Haien arteko elkarrizketa da, bidaia bera egin baina gauza desberdinak bizi eta ikusi dituzte.
Ekai. Happykraziaren inguruko poema bat egin nuen. Pertsonak egoera batzuetan nolako sentimenduak sentitu ahal zituen jasotzen du.
Iraitz. Ziorditik zerura izenburua zuen idatzi bat egin nuen. Ziordian bizi ziren bi anaien istorioa da. Anai batek besteari esan zion ibaia garbitu nahi zuela. Adostu eta hurrengo egunean ibaia garbitzera joan ziren. Anaietako batek Youtuben kanala egin eta bideoak igotzen hasi zen. Horrela anaia famatua egin zen eta Euskal Herrian barna ibaiak garbitzen aritu zen.
Gurutz. Turistak versus bidaiariak gaia aukeratu nuen. Mutiki bati buruzkoa, oso lan xinplea zeukan, eta bere bizitzarekin nahikoa aspertuta zegoen. Institutuko nesaki batekin elkartzen da festa batean eta lagunak egiten dira, ondoren nobioak. Eta munduan barna bidaiatzen dute, esperientzia eta gauza berriak ezagutzeko.
Zer sentitu zenuten jakinarazpena jasotzean?
Iraitz. Etxean nengoen. 13:00ak ziren, ordenagailua piztu nuen eta webgunea blokeatuta zegoen, jende guztia emaitzak ikusi nahian baitzebilen. 13:20 aldera eman ziguten jakinarazpena. Hartu nindutela ikusi eta oso kontent jarri nintzen. Lasaitasuna ere, lan bat egin genuelako. Jendea ezagutu eta esperientzia berriak biziko ditugu. Uste dut Ekai eta biok mutilak garelako hartu gaituztela.
Ekai. Bai. Mutilek baino gehiago ematen dute izena emakumezkoek, eta mutil guztiak hartzen gaituzte. Hautatua nintzela jakitean poza sentitu nuen. Hilabete oso bat herritik kanpo egon behar garelako, jende asko ezagutu behar dugulako eta esperientzia polit bat izatea espero dudalako.
Gurutz. Oso pozgarria izan zen. Hartuko nindutela espero nuen, baina jende asko geundela banekien eta, beharbada, pixka bat onartua nuen ez nintzela sartu behar. Sartu behar nintzela jakin nuenean asko poztu nintzen.
Artzai. Ezagutzen nuen jende askok eman zuen izena. Ez nekien hartu behar ninduten. Poztasun handia sentitu nuen.
Beñat. Lana egiteko denbora dezente sartu nuen. Gustura nago egindako lanarekin eta haiek ere hala pentsatu dute, eta oso pozik nago.
Kaiet. Momentuan, ilusioa. Gehien bat, sorpresa. Jende asko geunden eta pribilegiatua sentitzen zara.
Erkuden. Lehenik onartuen zerrenda bat atera zuten. Leire hautatu zuten eta bera pozik zegoen eta ni triste, baina bera hautatua izateagatik pozik nengoen. Ni onartuen bigarren zerrendan sartu nintzen. Zorion asko, joateko gogo pila sentitzen ditut. Azkenean, biak barruan geunden.
Leire. Egun hartan kristoren poza, alaitasun pila sentitu nituen. Oso urduri geunden denak.
Enara. E-posta hori iritsitakoan poz handia sentitu nuen. Egia esan, negarrez hasi nintzen. Italian nengoen eta lagun guztiei bidali nien hautatua izan nintzenaren berri.
Beñat. Etxarrin oso ohituta gaude euskaraz hitz egitera. Han beste euskalki batzuk ezagutuko ditugu. Alde horretatik, oso aberasgarria izango da. Baina nahiko abentura izanen da: Euskal Herrian sekula egon gabeko tokietan egonen naiz. Hori ere oso aberasgarria izanen da ere.
Leire. Gure inguruan gero eta gehiago gazteleraz ari da, adibidez, institutuan beti gaude gaztelaniaz hitz egiten. Gure euskara hobetzeko aukera polita da.
Artzai. Biak. Euskararen ezagutza handituko dugu, euskalki berriak. Baina abentura ere bada parte inportantea.
Enara. Zaila da aukeratzea, baina abentura handia izan daiteke.
Iraitz. Hobe abentura euskara baino (kar, kar).
Ekai. Abentura bila.
Kaiet. Bien arteko konbinazioa izango da. Euskara sustatzea helburu du, baina, esperientzia! Hilabete bat kanpoan, mendian, hainbat tokitako jende berria ezagutu. Oso aberasgarria izan daiteke.
Gurutz. Berdin. Gure adineko gazteak goaz. Polita izanen da jendea ezagutzea. Xerpak ere gazteak izanen dira. Polita izanen da horrelako esperientzia bizitzea.
Zer espero duzue?
Erkuden. Denetarik: negarrak, pozak... Ez dakit zer espero dudan, uste dut denetarik gertatuko zaidala.
Leire. Nik ere antzeko. Kontatu digutenagatik, oso ongi, baina gero ere negarrak eta denetarik.
Gurutz. Gehienbat, lagunak egitea. Jendeak urdingo euskara ezagutzea. Gutxi hitz egiten dugu Urdiaingo euskara.
Kaiet. Urdiaingo euskara txikitu egin da azken urtetan. Jendeak ezagutzeko euskalki desberdinak. Nik ere beste tokietako euskalkiak ezagutzeko. Pertsonak ezagutu eta esperientziarekin betiko gelditu nahi dut.
Iraitz. Abentura polita izatea.
Enara. Ez dakit. Hainbat gazterekin topatu naiz, eta gauza asko esan dizkidate, guztiak onak. Beraz, gauza onak espero ditut.
Artzai. Oso aukera ona da. Beldurrak baino gogo gehiago ditut. Beraz, aurrera. Ea zer gertatzen den.
Beñat. Gogo askorekin nabil. Sozializatzeko oso aukera ona izanen da, Euskal Herriko toki askotako jendea ezagutzen ari zarelako. Jende eta leku berriak ezagutzea espero dut.
Ekai. Ongi pasatzea eta jende asko ezagutzea.
Ekai. Sakanako lagun batzuekin ere hitz egin dut. Anaiak esandako gauza bera esan didate: esperientzia oso polita dela, joateak merezi duela, eta parte hartzera animatu gintuzten.
Enara. Bai, sakandarrekin mintzatu naiz.
Leire. Maiatzaren 27ko Arbizuko kontzertuetan beraiekin egon ginen. Gurekin etorriko diren batzuk ere han ezagutu genituen. Sakanakoak ere ezagutzen ditugu.
Kaiet. Bai, baina gainetik.
Artzai. Egia esan, ikastolara etorritakoaz aparte, ez.
Beñat. Ikastolara Arbizuko neskato bat etorri zen. Aurten joanen direnetako batzuk ezagutzen ditut, baina aurreko edizioetakoak, gutxi.
Gurutz. Aukera bai, baina ez dut interesik izan. Onena hasieratik bukaeraraino bizitzea izanen da, lehenago jakin gabe.
400 km aurretik. Zer iruditzen zaizue ibilbidea?
Leire. Horrek bai ematen duela errespetua.
Gurutz. Kirola egitea gustatzen zait, eta horrek laguntzen du. Ez naiz entrenatzen ari, futbol denboraldia despeditu dugu eta horrekin nahiko.
Erkuden. Ibilbidea gogorra da. Egunero gutxienez 20 km, ostras! Ni ez nago ohituta egunero 20 km egitera. Gogorra izanen da, baina merezi du.
Beñat. Pirinioetan astebeteko zeharkaldiak egiten ditut. Baina hilabete batekoa ez dut sekula egin. Ongi moldatuko gara.
Enara. Kostata, edo ez, egingo ditugu.
Iraitz. Niretako, km gutxi dira. Ni, aita eta lagun batzuk urtero Huescara bost egunerako joaten gara, eta behar bada, ehun km egiten ditugu. Beraz, km gutxi.
Ekai. Niretako km asko dira, ez dudalako inoiz horrelakorik egin. Ez dakit nola egonen naizen.
Kaiet. 400 km ikustean pixka beldurtu eta guzti egiten zara. Baina hilabete bat da, oso luzea, eta, azkenean, egin liteke. Gainera, mendira igotzeko zaletasuna dut, kiroletan ibiltzekoa... Nahiko egingo dudala uste dut.
Horretarako entrenatu beharra duzue?
Artzai. Ni hasi naiz pixka bat entrenatzen, mendira gehiago joaten. Baina hori gutxienekoa da. Aitari mendia gustatzen zaio eta esan dit pixka bat gogorra izanen dela. Ikusiko dugu.
Enara. Hasia naiz mendira joaten. Baina betidanik mendira joan izan naiz, beraz, espero dut zaila ez izatea.
Ekai. Nik ez dut entrenatu. Mendira batzuetan joan naiz, baina ez horrelako distantziak egitera.
Erkuden. Paseoren bat egin dugu, baina egunero ezin dugu.
Leire. Aldian behin saiatu, baina gutxi ibili naiz, azterketak eta hori guztia...
Iraitz. Mendira joanen naiz. Ez naiz prestatzen ari, baina ohituta nago.
Beñat. Uda hasi denez, mendira gehiago joaten hasi naiz.
Etaparen bat begiz jota duzue? Zergatik?
Ekai. Gainbegiratu dugu, baina ez.
Enara. Begiratu dut, baina, egia esan, ez dut ongi gogoratzen nondik nora ibiliko garen. Badakit egunen batean sanferminetan egongo garela. Eta Sakanatik ez garela pasatzen. Begiratuko dut.
Leire. Ez dut bat bera ere ikusi. Ez dakit zer egin behar dugun.
Beñat. Ez dut leku jakinik pentsatuta. Euskal Herriaren plano orokorra ikustea, hori bai.
Erkuden. Maulen hasten gara, Donejakue bidea hartu eta malda bat igotzen dugu. Hori besterik ez dakit. Toki pila bat ezagutzeko irrikitan nago.
Artzai. Ibilbidea begiratu du, baina zehazki zerbait ez dut. Euskal Herri guztia ikusi eta toki berriak ezagutu nahi ditut.
Kaiet. Ez dut ikusi. Beharbada hobe da Gurutzek lehen esandakoa: bizitzea eta momentuan sorpresa hartzea, momentua bizitzea.
Iraitz. Begiratu bai. Hemen ondoan, Araian, edo Iruñean. Lagunak ikusteko, etorriko zirela esan ziguten. Han espero ditugu.
Gurutz. Nik ez dut ikusi.
Eta euskaraz hitz egitearena, hori ere entrenatu beharra duzue?
Erkuden. Etxean amarekin bai, eta anaiarekin egunaren arabera. Lagunekin, zoritxarrez, ez. Leire eta bion artean bai. Baina kuadrillan euskaraz hitz egiten ez dakien bat dago. Zailagoa da gure artean euskaraz komunikatzea eta, normalean, gaztelaniaz aritzen gara. Institutuan irakasleekin bai, baina klase kideen artean ez. Horregatik, aukera oso polita da gure euskara hobetzeko eta erabiltzeko.
Gurutz. Etxean euskaraz beti, lagunekin ere askotan euskaraz.
Beñat. Alde horretatik, ez dut arazorik ikusten.
Iraitz. Beharbada bai, aste honetan gurasoekin eta lagunekin euskaraz hitz egin beharko dut. Ikasturte honetan Iruñean nago eta klaseak gaztelaniaz dira.
Enara. Azken urteotan euskara gutxiago erabili izan dut, baina ez zait gehiegi kostako. Gainera, lagun berriak eginez, erraza izanen dela espero dut.
Kaiet. Etxean beti euskaraz egiten da. Kalean gauza zailagoa da, baina saiatzen gara ahalik eta gehien Urdiaingo euskaraz hitz egiten.
Artzai. Arazorik ez dut uste izanen dugunik. Ea euskalki berriak ezagutzen ditugun.
Ekai. Bai. Kalean, lagunekin, ez dugulako ia euskaraz hitz egiten.
Erkuden. Zure ahoskera aztertzeko elkarrizketa zen.
Ekai. Nik ez dut elkarrizketa egin.
Artzai. Etorri ziren eta elkarrizketa egin zidaten. Hasieran ez nekien oso ongi zer zen. Interesgarria da, nola hitz egiten dugun jakiteko da.
Beñat. Mutiko bat etorri zen Bizkaitik. Testu batzuk irakurrarazi zizkidan. Ondoren galdera batzuk egin zizkidan. Esan digute EuskarAbenturaren aurretik, tartean eta ondoren eginen dutela, hiru proba.
Iraitz. Nik astelehenean egin nuen. Ongi, gustura egon ginen. Bigarrena 22. etapan eta azkena hiru hilabete barru izanen dela uste dut.
Enara. Horren inguruko berririk ez dut izan.
125 parte hartzaile, a ze kuadrilla!
Enara. Asko gara. Egunean zehar, etapak egiteko, talde txikiagoak egiten dituztela uste dut. Hori jendea ongi ezagutzeko ongi dago.
Leire. Gehiegi. Lagunak Euskal Herri guztian. Horrela, festetara joateko etxeak ditugu, ez dator gaizki.
Artzai. Jende asko. Gogoetako bat da jende berria ezagutzea. Ongi.
Iraitz. Zortzi bat ezagutzen ditugu, gainontzekoak, denak, berriak dira. Lagun asko eginen ditugu eta leku asko bisitatu ahalko ditugu beraiekin.
Beñat. Euskal Herri guztian lagunak, eta diasporako bi, Valentzia eta Argentina.
Kaiet. Jendea ezagutzeko oso aukera polita da.
Gurutz. Hori da. Jendea asko goaz, baina uste dut ez dugula arazorik izanen.
Zerekin bueltatu nahi zenuke?
Iraitz. Lagun askorekin. Eta beltzarantzea.
Erkuden. Lagun askorekin, eta euskara hobearekin. Ez dut gehiago eskatzen.
Leire. Gauza bera.
Kaiet. Esperientziarekin, betiko oroitzapen polit bat izatea eta mendiari zaletasun handiagoa hartzea. Uste dut dena ona izanen dela.
Artzai. Lagun berriekin eta oroitzapen politekin.
Gurutz. Esperientzia bikainarekin bueltatzea, lagun asko egitea, mendi eta herri politak ezagutzea, jendea ezagutzea eta ongi pasatzea.
Ekai. Harreman askorekin, lagunekin. Besteren batean beraiekin gelditu eta mendira joateko-edo.
Beñat. Esperientzia oso ona izanen da. Oroitzapenak bai, baina lagunak betiko, edo denboraldi luze baterako, eginen ditugu. Horren gogoz.
Enara. Lagun onak ekartzea, euskal kultura barneratu izana eta txoko politak ezagutzea.