Anne Rodrigez Kintana AnneKdotas da, eta, aldi berean, ez da. "Egia esan Anne eszenatokitik kanpo mugituagoa da, AnneKdotas eszenatokira igotzen denean serioagoa da". Pandemiaren aurretik hasi zen olaztiarra musika proiektuarekin, "lehenengo kontzertua itxita neukan, eta ezin izan nuen egin". Itxialdiak proiektuarekin aurrera jarraitzeko "lagundu" zion: "Hasieran ez nengoen oso seguru, baina tarte horrek gogo gehiago izateko lagundu zidan". Hiru urte ondoren aurtengo uda "indartsuena" izan dela esan du musikariak: "Gasteizko Falerina tabernan kontzertu batekin hasi eta hortik ateratzen joan dira". Beste artistekin kolaborazioak egiten ditu, eta tartean Ehundu Gasteiz proiektuan parte hartu du.
Reggaetoiaren eta patxangeoaren inguruan murgiltzen hasi zen AnneKdotas, baina denborarekin rapera jo du. "Gustatzen zait; inguruko musikariek rapa egiten dute, eta kutsatu naute". Melodiak berak sortzen ditu, eta sortzaileekin kolaborazioak egiten ditu ere. Bi kolaborazio ditu eskuartean; lehenengoa Ehundu Gasteiz abestia Mice, Haizeatxo eta Benizzerekin, eta KStyle DJarekin egiten ari den techno abestia, "pumpum horietako bat". Musika estilo aldetik, "denetarik" egiten du AnneKdotasek.
'Ehundu Gasteiz'
AnneKdotas Gasteizen bizi da eta bertan egin duten 100 urte bakarrik ezin da dinamikatik abiatuta, aurten Gasteizko herri mugimenduko zenbait kolektibo ospatzen ari diren urtebetetzerako Ehundu Gasteiz abestia sortu zuten: Hala Bedik 40 urte betetzen ditu, Gasteizko Gaztetxeak 35, Auzolana Pilotalekuak 15, Errekaleor Bizirik!ek 10 eta Sumendik 7 urte, "denen urtebetetzeak batuta ehun urte dira, eta ospatzeko proiektua egin zuten".
Mice taldeak, "rock and roll lasaia, popetik gertu egiten du", sortu du abestia, eta Annekdotasek, Haizeatxok eta Benizzek kolaboratu dute abestian. Eli Zaldua eta Xabier Antia bertsolariek sortu zuten letra. "Niretako prozesua oso polita izan da ez nuelako espero; Miren Narbaiza Miceko abeslariak deitu zidan eta musika oinarria bidali zidan horren gainean zortzi konpas egiteko". Egun batean Miceren estudioan gelditu ziren, "oso estudio txukuna dute", eta abestia grabatu zuten: "Bakoitzak gure zatia grabatu genuen, eta arratsalde bat pasa genuen. Oso gustura egon ginen". Haizeatxo rap abeslariarekin kolaboratzeko gogoa zuela esan du olaztiarrak.
AnneKdotasek esku artean duen beste proiektu bat Zuleko DJ KStylekin sortzen ari den techno abestia da. "Technoaren munduan murgiltzen ari naiz ere, eta kolaborazioak ateratzen ari dira". Disko jartzaileak musika oinarria bidali zion eta horren gainean abestia sortu zuen AnneKdotasek: "Egia esan dena mantendu dit; technoan nahasketa asko egiten dira eta agian esaldi bat hartzen dute eta horrekin mantentzen da ia abesti osoa. Baina grabatu nuen moduan utzi du". Bideoklipa laster grabatzea espero du. "Ikusten dut proiektuak funtzionatzen duela eta gora noala. Aprobetxatu nahi dut eta musika egiten jarraitu nahi dut".
Diskoa grabatzeko "intentzioa" du olaztiarrak. Kontzertuetan hamar bat abesti egiten ditu, eta diskoan horietako zortziren bat sartzea nahi du. Gainera, aurretik "halanola" grabatutako zenbait abestiren bertsio berritua egitea gustatuko litzaioke ere. "Urtarriletik aurrera nire teknikariekin estudioan sartzea espero dut. Abestiak prest ditut". Kolaborazioak egiten ere jarraituko duela esan du, "orain gehienbat kolaborazioak eta abestiak ateratzen dira".
Aurkezlea
AnneKdotas musikaren munduan zentratu da, eta interpretazioa alde batera utzi du. Baina Beldur barik Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek antolatzen duen programaren topaketako aurkezlea izanen da, Beasainen. "Aurreko urteetan Beldur barik programan parte hartu izan dut berdintasunaren aldeko antzerkiak egiten eta musikaren letren inguruko hitzaldietan, eta aurten aurkezteko deitu didate".