Olazti, zinema lurraldearen egoitza

Guaixe 2023ko aza. 27a, 13:13

Abenduaren 1ean, ostirala, Nafarra, zinema lurraldea film laburren lehiaketaren lan finalisten proiekzioa izanen da, Olaztiko kultur etxean; tartean herrian grabatutako 'Última visita' film laburraren emanaldia izanen da.

Nafarroa, Zinema Lurraldea (Navarra, Tierra de Cine gaztelaniaz) Film Laburren Jaialdiaren hamaikagarren edizioan hamar herri aurkeztu ziren: Viana, Iruñea, Peralta, Allo, Ribaforada, Luzaide, Urdax, Argedas eta Olatzagutia. Film laburren lehiaketan parte hartzen zuten finalistek bakoitzari egokitutako herrian grabatu behar zuten haiek lana eta urriaren amaieran Imanol Reta Olatzagutian egon zen Última visita lana grabatzen.

Grabazio eta postprodukzio garaia amaituta, parte hartzaileek haien lanak aurkeztu dituzte, eta film laburren emanaldien txanda iritsi da; azaroaren 27tik abenduaren 2ra festibalean parte hartu duten herrietan hamar finalisten lanak ikusteko aukera izanen da. Olatzagutian abenduaren 1ean, ostirala, 19:00etan, izanen da Nafarroa, Zinema Lurraldea Film Laburren Jaialdiaren finalisten film laburren proiekzioa. Sarrerak euro batean eros daitezke, Olaztiko Udaleko webgunean. Bozka emateko boligrafoa eramateko esan dute.

Nafarroa, Zinema Lurraldea-ko lan finalistak eta non grabatu zituzten: Ander Oses zinemagilearen ¿Tú qué has hecho?, Vianan; Richard Oses zinemagilearen La paya, Peraltan; Javier Ursua zinemagilearen Seis mujeres sin piedad, Argedasen; Ariel Heredia zinemagilearen Janeth, Iruñean; Imanol Reta zinemagilearen Última visita, Olatzagutian; Angel Chivite eta Luis Galindo zinemagileen La víctima, Ribaforadan; Ana Barberan zinemagilearen Lo importante, Luzaiden; Cristian Serrano eta Claudia Fuabelen Alas para volar, Urdaxen; Pablo Porcuna zinemagilearen Wannabe, Allon, eta Jorge Miranda zinemagilearen La Niña, Iruñean.

Erlazionatuak

Olatzagutia, zinema herria

Erkuden Ruiz Barroso 2023 aza 08 Olazti