Olaztiko kintoak

"Kintoetan zerbait falta zela bezala zen"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko ots. 7a, 11:13

2024ko Olaztiko kintoak ospakizunen lehenengo egunean.

Otsailaren 1etik 5era egin dituzte kinto ospakizunak 2005ean jaiotako Olaztiko hemezortzi kintoek. Otsailaren 2an, ostirala, egun handia izan zuten: herriko zortzikoa dantzatu zuten.

Santa Agedarekin bat egiten duten lehenengo aldia da.

1. Nola antolatzen zarete Olaztiko kintoak? 
Denon artean antolatzen gara eta bilerak egiten ditugu. Udan, gutxi gorabehera, kontu korrontea ireki genuen banketxean, eta hilabetero zerbait sartzen joan gara, zapiak eta txapelak erosteko. 

2. Aurreko urtetan elkartzen zarete? 
Bai. Prekintoak eta preprekintoak. Normalean kinto izan baino bi urte lehenago herrian bazkaria egiten da, eta aurreko urtean sagardotegira joaten gara. 

3. Zortzikoa dantzatuko duzue. Noiztik egiten dute kintoek?
Aurten lehendabiziko aldiz kinto ospakizunetan. Herri inauterietan egiten zuten kintoek zortzikoa, baina aurten esan genuen: "Zergatik ez dugu kintoetan egiten?". Animatu gara. 

4. Zergatik erabaki zenuten? 
Espontaneoa izan da. Kinto asko gara, normalean gutxiago izaten dira, eta herri inauterietan bakarrik bi pertsonek, bikote batek, dantzatzen du. Orduan, kinto gehiago dantzatzeko aukera izan zen. 

5. Zenbatek eginen duzue? 
Lauk: Joane Garciak, Olatz Badosek, Julen Martinezek eta Harri Landak. Eta inauterietan, bik, Maddi Goiak eta Mara Gomezek dantzatuko dute. Guztira, seik. 

6. Nola aukeratu dituzue nortzuk izanen ziren dantzariak?
Nahi izan duena animatu da; ez dugu zozketarik ez beste ezer egin. 

7. Nolakoa da Olaztiko zortzikoa? 
Bi dantza bezala dira, neskek eta mutilek egiten dituztenak, dena den, gaur egun ia denok egiten dugu. Batek dantza bat egiten du, eta besteak beste bat. Bi pauso, beste bi pauso eta gero beste pauso bat. Ondoren, jota eta porrusalda. Zortziko batean bik egiten dute; tarteka, lehenengo batek eta gero besteak. Zortzikoak bost minutu inguru irauten du, eta gero jota eta porrusalda egiten dugu.

8. Aurretik ezagutzen zenuten? Nola ikasi duzue?
Olatzek aurretik ezagutzen zuen. Plazan ikusteagatik eta aurreko urtean gaztetxeak dantza tailerra antolatu zuelako, eta zerbait ikasi genuen. Baina oso gainetik. Bideoen bidez eta abar ari gara. Azken entsegura herriko emakume bat etorri zen dantzarekin laguntzera.

9. Zer suposatzen du zuentzat kinto ospakizunetan zortzikoa dantzatzeak?
Tradizio bat da, eta guretako garrantzitsua da. Herri inauterietan egiten da, baina kintoetan ez dantzatzean zerbait falta zela bezala zen. Oso urduri gaude, baina gogotsu. Kinto ospakizunengatik ere. Azkenean txikitatik kintoak ikusten ditugu eta iristeko zain zaude. 

10. Nola janzten zarete? Zerbait berezia eramaten duzue?
Baserritarrez janzten gara, eta kintotako zapia eta txapela egin dugu.

11. Zortzikoaren aurretik eta ondoren parranda. Nola kudeatuko duzue?
Gainera, bost egun dira. Altsasu ere bost egun dira, baina tartean atseden egun bat izango dute. Behintzat zortzikoa bigarren egunean da, beraz, ongi.  

Erlazionatuak