Rosa Prieto

"Esperientzia zoragarria da, sakandarrak animatzen ditugu"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 16a, 12:00

Rosa Prieto.

Rosa Prieto Mendaza Montes Solidarios elkarteko kidea da eta Mank-ek antolatutako 'Mendiak Guztiontzat' ekimenean parte hartuko du

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, hainbat eragileekin elkarlanean, "Mendiak Guztiontzat" lelopean Gasteizko Montes Solidarios elkarteak egiten duen lana gizarteratzeko aurkezpen-hitzaldia eta, ondoren, Koskobilora irteera antolatu ditu maiatzaren 18an, 10:00etatik aurrera, Olaztin. Ekimenera edozein joan daitke, baina dei berezia egin zaie desgaitasunen bat edo dibertsitate funtzionalen bat dutenei.

Nola sortu zen Montes Solidarios?
Mendia izugarri maite zuen pertsona batek esaten zuen: "mendian disfrutatzen dudanarekin, nola da posible mendira joan ezin duen jendea egotea?". Eta arazoari irtenbidea eman nahian sortu zen elkartea, duela 8 urte. Hasieran mendiko irteerak ziren, baina denetatik egiten dugu: leizetara irteerak, lasterketak...

Zer nolako desgaitasunak dituzte zuenera jotzen dutenek?
Denetarik: mugikortasun murriztua, itsutasuna edo ikusmen arazoak, Down sindromea, autismoa...

Zeintzuk dira dituzuen lan tresna bereziak?
Joelette aulkia mugikortasun murriztua duen jendearendako da. Aulkiak gurpil bakarra du, eta heldulekuak. Gutxienez lau pertsonek mugitzen dugu. Ikusmen arazoak dituztenendako direkzio-barra dugu. 3 metroko barra da, eta pertsonak aurrean eta atzean gidariak ditu. Informazioa jasotzen du: harriak daudela, adarrak...

Zer moduzko esperientzia izaten da?
Zoragarria. Hasieran urduri daude, baina tresnak probatzen ditugu, eurak seguru sentitzeko. Berehala lasaitzen dira, eta asko disfrutatzen dute. Sakandar guztiak animatzen ditugu. 

Erlazionatuak

Mendiak guztiontzat direlako

Maider Betelu Ganboa mai 15 Olazti