Astekaria

Olatzagutiko zinema platoa

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko aza. 28a, 12:12

Ana Barberan ezkerretik bigarrena, Olatzagutiko errodajean. UTZITAKOA

'Nafarroa, zinema lurraldea' jaialdian parte hartu du Olatzagutiak, eta horren baitan Ana Barberan zinemagileak 'Amandala' film laburra grabatu zuen urriko asteburu batean. Herriaren eta herritarren harrera "zoragarria" izan dela esan du.

Olatzagutia bigarren urtez zinema herria bihurtu da, Nafarroa, zinema lurraldea jaialdiaren barruan. Guztira, hamar film laburrek parte hartzen dute jaialdian, eta Ana Barberan zinemagileari Olatzagutia egoki zitzaion Amándala film laburra grabatzeko. Urriaren 18tik 20ra izan zen errodajea. Abenduaren 1ean, igandea, 18:00etan, aurkeztutako lan guztiak ikusteko eta gustukoenagatik bozkatzeko aukera izanen da, Olaztiko kultur etxean. 

"Festibala aurreko urtean ezagutu nuen eta Luzaiden parte hartu nuen. Izugarria izan zen. Jaialdia berezia iruditu zitzaidan, oso familiartekoa". Barberan Alikanten bizi den madrildarra da, eta aurreko urtera arte ez zuen Nafarroa ezagutzen. "Aurretik ez nintzen inoiz egon, eta oin bat jarri bezain pronto maitemindu nintzen". Orain askotan etortzen dela gaineratu du. 

Aurreko urteko esperientzia onaren ondoren, aurten ere parte hartzera animatu zen: "Gidoi bat nuen uste nuela maila eman zezakeela, aurkeztu nuen, eta finalista aukeratu zuten". Nafarroa, zinema jaialdia turismoa sustatzeko jaialdi bat da, eta helburuen artean herrialdearen ondare historiko eta kulturala eta naturalaren aniztasuna bultzatzea da. Platoa bihurtzeko hamar herri aurkeztu dira: Urdax, Iruñea, Allo, Erriberri, Mendabia, Ribaforada, Tafalla, Viana, Argedas eta Olatzagutia. 


Olatzagutian grabatutako 'Amándala' film laburraren une bat. UTZITAKOA

"Gidoia aurkezterakoan aukera ematen digute non grabatzea gustatuko litzaiguken esateko. Normalean aukeratutakoa ematen dizute, bi edo hiru pertsonak leku berdina aukeratzen ez badute; kasu horretan puntu sistema erabiltzen dute". Barberan Iruñea aukeratu zuen, baina beste proiektu bat zegoenez, Olatzagutia eman zioten. "Aurretik ez nuen ezagutzen, baina Imanol Retarekin, aurreko urtean Olaztin egon zena eta jaialdia irabazi zuena, oso laguna dut". 

Olatzagutian grabatzea "zoragarria" izan da. "Aurreko urtean ere gertatu zitzaidan, dena erraztasunak dira. Virginiari kartelak behar ditudala esan, eta ematen dizkit; ez dakit non grabatu behar dudala, eta irekita daukat; hilerrian grabatu nahi dudala, eta giltzak eman...". Horrelakorik edozein tokitan ez dela gertatzen gaineratu du. "Virginiak esan zigun lehentasuna genuela". 


Olatzagutian grabatutako 'Amándala' film laburraren une bat. UTZITAKOA

Istorioa

"Ezin da ahaztu fikzioaren aldea; baina jaialdia dela eta, herria erakutsi behar da"

Amándala da Barberanek aurkeztu duen film laburra, "alzheimer istorio bat": "Alaba batek eta ama batek nola bizi duten amaren alzheimerra". Nafarroa, zinema lurraldea jaialdiaren helburuetako bat turismoa sustatzea denez, "herriaren toki politenak, enblematikoenak eta abar" ateratzen saiatzen dira. "Ezin da ahaztu fikzioaren alde hori, baina ezin zara horretan bakarrik zentratu. Jaialdia ezagutzen dugu, eta turismoari buruz bada, herria erakutsi behar da". Olaztiarren laguntza ezinbestekoa izan dela esan du zinemagileak. "Jendeari galdetzen genion eta hau eta beste atera behar genuela esaten ziguten". Grabatzera etorri aurretik eta Olatzagutia aukeratutako herria zela jakin zuenean, "tren bat hartu" eta herria ezagutzera etorri zen Barberan. Errodajean "ekipo oso ona" izan du; Foro Europeo Ikus-entzunezko Lanbide Heziketako eskolako kideekin lan egin du. 


'Amándala' film laburraren grabazioa, Olatzagutian. UTZITAKOA

Urriaren 7an hamar finalistak jakitera eman zutenetik, parte hartzaileek hilabate bat dute film laburraren aurreprodukzioa egiteko, grabatzeko eta muntatzeko. Asteazkenean zuten entregatzeko azken eguna, eta ondoren herrietatik aurkezpenak egingo dituzte. Olatzagutian abenduaren 1ean egingo dute eta sari banaketa abenduaren 13an izango da, Ribaforadan. Barberanek ez daki Olatzagutian egoterik izango duen, baina Imanol Reta eta Lucia Gil film laburreko aktoreak izango direla aurreratu du. 

Aurreko urtean Olatzagutian grabatutako Imanol Retaren 'Última visita' irabazi zuen jaialdiaren lehenengo saria. Guztira, bost sari dira:l lehenengoa, 2.500 euro; bigarrena, 1000 euro; argazki hoberena, 500 euro; publikoaren saria, 500 euro; epaimaharen sari berezia, 500 euro, eta interpretazio hoberena, 250 euro. "Guk lana egin dugu. Oso polita da, oso atsegina... Baina gero ez dakigu zer aurekzten duten besteek. Maitasun handiz egin dugu, mimo handiarekin". Umore pixka batekin eramandako drama bat egin du Barberanek.