Udako Orekan kontziliazio programan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2025ko mar. 4a, 11:16

Haurrak jolas parkean jolasten. ARTXIBOA

Udan Euskarazen osagarria izanen da.

Opor garaian lana eta familia ardurak uztartzea zaila dela jakinda, horretan lagundu asmoz, Olatzagutiko Udalak Orekan kontziliazio programaren eskaintza egin du: garagarrilaren 23tik garilaren 18ra, astegunetan, 09:00etatik 10:00etara izanen da. Egitasmoak adingabeen garapen integrala sustatzen duten jarduera eta espazio seguruak eskaini nahi ditu batetik, eta, bestetik, gurasoek edo tutoreek beren lan erantzukizunak bete ahal izatea erraztea, seme-alaben zaintza eta ongizatea alde batera utzi gabe.

Eskaintza Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailatik (2020. urtean jaioak)
Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko (biak barne) haurrendako da, baldin eta esfinterren kontrolean autonomia duten, edo autonomiarik eza justifikatzen duen dibertsitate funtzionala duten haurrendako. Orekanen eskaintzan sei eta hamabost parte hartzaile onartuko dira. Gutxieneko kopurua lortzen ez bada, egitasmoa bertan behera geldituko da. Dibertsitate funtzionala duten adingabeak inskribatzen badira, eta dibertsitate horren arabera, plaza-kopurua murriztu ahal izango da.

Izen ematea martxoaren 14ra arte zabalik egonen da. Udaletxean 09:00etatik 14:00etara egin daiteke. Ez da inskripziorik onartuko epea despeditu ondoren, adingabeak kanpaina horretan parte hartzeko beharra justifikatzen duten organismo edo erakunde publikoek egin ditzaketen eskabideak izan ezik. Haur baten izen emateagatik bederatzi euro ordaindu behar dira, familia bereko bi kide edo gehiago direnean, hamabost. Tarifak ordaintzetik salbuetsita egongo dira udalean berariaz eskatu ondoren, oinarrizko gizarte-zerbitzuek horretarako egindako txostenaren bidez prekarietate ekonomikoa egiaztatzen duten pertsonak. Eskaintzari buruzko informazioa olazti.eus webgunean dago.