Udan Euskaraz kanpainan izena emateko garaia

Guaixe 2025ko mar. 3a, 11:18

Haurrak San Migel plazan. ARTXIBOA

Horretarako 948 012 012 doako telefonora hots egin behar da. 

Olatzagutiko Udalak udako opor garaian haurrei zuzendutako aisialdia eskaintza da Udan Euskaraz. Hartan parte har dezakete Haur Hezkuntzako bigarren zikloko 2. mailatik (2020. urtean jaiotakoak) Lehen Hezkuntzako 6 mailara arte ikasten ari direnak, biak barne. Udalak jakinarazi duenez, D eta B ereduetan ikasten duten haurrak onartuko ditu. Gaineratu duenez, beste hizkuntza ereduetan ikasten duten haurrek ere parte hartu ahal izango dute kanpainan, baldin eta gutxienez eredu bereko zazpi haurreko taldea osatzen badute eta antzeko adina badute.

Aurtengo Udan Euskaraz kanpaina garagarrilaren 23an hasi eta garilaren 18an despedituko da. Astegunetan, 10:00etatik 13:00etara, izanen da. Izena emateko 948 012 012 doako telefonora hots egin behar da astegunetan 08:00etatik 18:00etara. Izen emateak 35 euro balio du, baina bi anai-arreba edo gehiagok izena ematen badute, 58 euro ordaindu beharko da guztiengatik. Matrikula ordainketa aipatu telefonoaren bidez egin daiteke. Bestela, udalaren edozein kontutan sartu daiteke dirua. Banku bidezko ordainketa egiten duenak ordainagiria udaletxean aurkeztu beharko du izena emateko epean. Izen-ematea formalizatzeko, izena emateko epean ordaindu beharko da. Ordainketatik salbuetsita egongo dira egoera ekonomiko larrian dauden familiak, baldin eta udalari aldez aurretik ez ordaintzeko eskaera egiten badiote eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek horretarako propio egindako txostena aurkezten badute. Deialdiari buruzko informazioa olazti.eus webgunean dago.