Astekaria

"Chica Sobresaltoren soinekoa Olaztin egin nuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko ots. 25a, 13:16

Alba Amigo diseinatzaile olaztiarra. UTZITAKOA

Alba Marin Amigo diseinatzaile olaztiarraren soineko bat Benidorm Fest jaialdiko eszenatokian eraman zuen Maialen Gurbindo abeslariak. Bere marka martxan jartzen ari da, Sevillan.

Ilbeltzaren 28tik otsailaren 1era, Benidormen, RTVEk antolatutako Benidorm Fest musika jaialdia izan zen, eta bertan ordezkaritza sakandarra izan zen. Lehenengo semifinalean Iruñeko Maialen Gurbindok gidatzen duen Chica Sobresaltoren Mala Feminista abestiaren ikuskizuna izan zen, eta horren atzean Santi Goikoetxea zuzendari kreatibo altsasuarra egon zen. Gainera, abeslariaren soinekoa Alba Amigorena izan zen, Made in Olazti. Diseinatzailea Sevillan bizi da, eta musika jaialdia ospatu bitartean Milanen zegoen ikastaro batean. Bertatik ikusi zuen bere lana musika jaialdiko eszenatokiaren gainean. 

Nola heldu zitzaizun Chica Sobresaltoren soinekoa egiteko proposamena? 
Santi, Maialenen zuzendari kreatiboa da, eta duela urte asko elkar ezagutzen dugu. Beti egin izan ditugu proiektutxoak elkarrekin. Urrian esan nion Benidorm Festerako edo edozer gazarako laguntza behar bazuen, eskatzeko. Pixkanaka nire marka sustatzen ari naiz, baina lasai, etxetik jantziren bat egiten. Berak momentu horretan proposatu zidan estilo jakin bateko kimono bat egitea; egin nuen eta bidali nion. Sevillatik Iruñera. Mala Feminista abestiko bideoklipean erabili zuen. Nik ez nekien erabiliko zuenik; uste dut azkenengo momentuko zerbait izango zela: pentsatuko zuen, hau daukat, eta jantziko diot. Horren ondoren oraindik ez zekien Maialenek zer eramango zuen Benidorm Festen, baina hitz egiten egon ginen. Azkenean, alde batera utzi genuen logistika zaila zelako. Ni Sevillan nengoen eta haiek Iruñean. Ezin genuen probatu, eta, azkenean, soinekoa telebistan atera behar zen eta oso ongi gelditu behar zitzaion eta ezin ginen ausartu. Alde batera utzi genuen. Kasualitatez aurten diseinu eskola batean irakasle naiz, eta oporretako egun pila bat nituen, duela urte pila bat ez nuena, eta etxera, Olaztira, etorri nintzen. Abenduaren 25ean bertan, eguberri egunean, iritsi nintzen. Santirekin hitz egiten egon nintzen eta esan zidan justu egun horretan herrian zegoela ere, eta behintzat joan aurretik egoteko gelditu ginen, eta esan zidan ez zuela alde batera uzten zerbait egitearena. Orduan, esan nion zerbait egitea nahi bazuen egun horretan izan behar zuela, ehunak erosiko genituen, eta dena egin genezakeela. Amak josteko makina eta lan egin ahal izateko oinarrizko tresnak ditu, eta bakarrik nengoenez, mutilaguna ez zelako etorri, aukera gehiago nuen etxean gelditzeko. Orduan, hori izan zen nire plana: hiru edo lau egunetan egin nuen. 


Soinekoa egiten. UTZITAKOA

Beraz, soinekoa Olaztin egindakoa da. 
Bai. Asteazken batean hitz egin genuen, larunbatean ehunak hartzera joan ginen, eta Santik ileapaindegia Iruñean daukanez, bertan egiten genizkion soinekoaren probak Maialeni. Santik oso ikuspegi zehatza zuen, oso argi zeukan nola, eta zer nolako estetika nahi zuen. Soinekoa elkarrekin diseinatu genuen, berak esaten zidan hemendik bai eta hemendik ez. Horrela sortu zen. Igandean egin genion patroiaren proba Maialeni, eta hurrengo egunetan soinekoa josi nuen, etxean. Egia esan, oso prozesu dibertigarria izan zen. 

Nolakoa izan zen prozesua?

"Ez da jantzi baten prozedura normal bat izan; baina prozesua oso dibertigarria izan zen"

Ilusio handia eman zidan proiektu bat izan da. Lan egiten ari nintzen ezagutzen nuen jendearekin, eta Santik askatasuna eman zidan. Banekien zein zen bere ikuspuntua eta horren barruan lan egin behar nuela, baina jantzian ere ni ordezkatuta nago. Ez da jantzi baten prozedura normal bat izan. Jantzi bat egiteko prozesua luzeagoa da, denbora aldetik, gehienbat. Lau egun gelditu gabe egon nintzen, nik nahi izan nuelako; inork ez zidan derrigortu. Behin diseinua itxita dagoeneko niri gustatzen zait patroiaren lehengo probat bat egitea. Azken hiru urteetan patronajean egon naiz lanean, eta garrantzia handia ematen diot. Patroiaren proba egin genuen, eta behin horrekin josten hasi nintzen biharamuna egongo ez balitz bezala. Soineko honek oihal eskegi asko ditu, eta kapa bat bestearen gainean. Pare bat proba egin genituen ikusteko nola gelditzen zitzaion eta gorputzari moldeatzeko, eta ikusteko zer gelditzen zitzaion hobe. Bestela, etxean ahizpari jartzen nion, eta gutxi gorabehera aurreikus nezakeen, baina ez da berdina.  

Nolakoa da soinekoa? 
Deskribatzeko zaila da. Jantzi oso berezia da. Ikuskizun batean irudi jakin bat sortzeko da; orokorrean, ez duzu kaletik ikusiko. Ikusmen sortzaile oso jakin baterako sortutakoa da. Bularrean zulo bat dauka, eta bularretakoa ikusten da. Bularretakoa ikusten da. Goialdean zetazko puntukoa da, eta gona oihal eskegiz egindakoa da. Artisau teknika bat da. Lisatzeko taulan jartzen dut eta orratzekin ehuna tolesten joan naiz. Horrela sortzen dira lerro horiek. Diseinuak lerroak norabide desberdinetan zituen, eta nahiko denbora eman nuen hori egiten. Baina teknika horrekin asko disfrutatzen dut. 


Chica Sobresaltori egindako soinekoaren bozetoa. ALBA AMIGO / UTZITAKO

Zein zen Santiren ikuspegia? Zer nahi zuen? 
Berak hasieran kontatu zidan zer imajinatzen zuen. Zuzendari kreatibo bezala ikuskizunaz nahi zuenarekin txosten bat zuen. Oso metodikoa da, eta ideiak oso garbi ditu. Pinteresko taula bat osatu zidan eta bertan erreferentziazko irudi asko zeuden: siluetak, ebaketa motak... Normalean nik bakarrik diseinatzen dut eta gero erakusten dut, baina kasu honetan konfiantza handia dugunez elkarrekin egin genuen diseinua. Askoz azkarrago egin genuen. Silueta posiblea begiratzen hasi ginen; nahiko argi zuen, silueta zuzena nahi zuen, baina zerbait osatuarekin, gonaren zati hori. Behin silueta genuela formak eta teknikak begiratu genituen. Hau guztia bozetoan, noski. Azken diseinua ez genuen erabaki Maialeni probatu genion arte, eta ikusi genuen zer geratzen zitzaion hobe eta zerekin zegoen eroso. Azkenean, bere jantzia da. Ikuskizun bat da eta gora eta behera egon behar da, eta ez genuen zurrun sentitzea.  

Zer sentitzen da zure soinekoa BF bezalako eszenatokian ikustean? 
Oraindik ez dakit. Dena hain azkarra izan zenez... Soinekoa Benidorm Fest ospatu baino hilabete bat baino gutxiago egin nuen. Dena hain ongi joan zenez ere, sentitu nuen lagunekin etxean lan egiten ari nintzela. Lasai nengoen, gustatzen zitzaidana egiten. Ez nuen zerbait gaizki aterako zen sentsazioa izan. Ez nuen jende askori kontatzea nahi, pentsatzen nuelako aurreko entseguetan apurtuko zela, eta azkenean ez zela soinekoarekin aterako! Baina horrelako pentsamendu arraro bat izan zen. Egun horietan Milanen nengoen, eta arraroa egiten zitzaidan.

"Telebistan ikusi nuen, baina momentuan ez nintzen oso kontziente izan"

Telebistan ikusi nuen, baina ez nintzen kontziente izan RTVE1ean zela, eta lehiaketa milioika pertsonak ikusten duela, eta Eurovisionera joateko aukera zegoen. Nire buruak ez zuen prozesatu. Hurrengo egunean errealitate dosia etorri zen; jendeak ikusi zuen eta idatzi zidan eta asko pozten zela esaten zidan. Egia esan, asko asebetetzen zaitu zure lana horrela ikustea, eta jendeak baloratu duela. Gehiago pozte nau nire lanaren zati bat harago joaten dela ikustea. Lan talde baten parte da. 

Zer moduz Maialenekin? 
Oso ongi egon naiz. Miresgarria da. Harremana oso ona izan zen. Jantzia egiten egon ginenean oso eskertuta zegoen, eta oso gertuko pertsona iruditu zitzaidan. Harritu zitzaidan pila bat berarekin polemika egon zela entzun nuenean (jaialdian parte hartu zuten hiru dantzarik sare sozialetan salatu zuten hitzartutakoa baino lehenago joateko eskatu ziela).

SEVILLA
Zer egiten duzu Sevillan?

Flamenko jantzien eta patronaje irakaslea naiz. Nik ikasi nuen eskolan, hain zuzen. Bizitzaren nondik norakoak. Irakasle bat behar zuten eta nirekin gogoratu ziren. Hasi nintzen, eta geratu naiz. 

Bitartean zure marka egiten ari zara. 
Horretan ari naiz, bai. Jantziren bat egiten ari naiz, eta besteren bat ere prestatzen ari naiz argazkiak egin eta sare sozialetara igotzeko. Egia da ikasten ari nintzenean proiektuarekin hasi nintzela. Zentro horretan pasarela asko egiteko aukera ematen digute, ikasturte guztietan, gure lana erakutsi ahal izateko. Ikasketak amaitu nituenean nolabait nire marka ete nuen beste enpresetan lanean hasi nintzelako, eta horrek gaur egun ditudan taulak eman dizkit. Aurten iruditu zait nire markarekin pixkanaka hasteko urtea dela. Lasai. Orain feria etortzen dela, flamenko jantziak eta bolanteak igotzen hasi behar naiz. 

Flamenko jantzien marka bat da?

"'Pret-a-poter' egitea gustatuko litzaidake; pasarelak eta horrelakoak"

Orokorra izango da. Gustatuko litzaidake pret-a-porter izatea, eta aukera izatekotan pasarelak eta horrelakoak egitea. Irabaziak ateratzeko hasiera batean flamenko jantziak izan behar dute. Moda flamenkoak dirua ematen du, eta azkenean oso erraz egiten ditut. Hainbeste egin ditudanez, ongi maneiatzen naiz. Ez dut alde batera uzten flamenko jantziak egitea, baina moda egitea gustatuko litzaidake. Azkenean, nazioarteari begira egiten dudana erakusteko eta ulertzeko aukera gehiago ematen du. Moda flamenkoa Andaluziatik kanpo ez da hainbeste ulertzen; esan dezakezu polita den edo ez, baina gehiagorik ez. 

Bertan oso garrantzitsua da, ezta? 
Bertako jantzia da eta garrantzia ematen zaio ferietan eta erromerietan erabiltzen delako. Asko mugitzen du, erokeri bat da; eta urtero gehiago mugitzen du. Ez dira jantzi merkeak. Diseinatzaile asko daude, eta diseinatzaile baten soineko batek 900 euro inguru balio du. Hortik, gora. Izen handiko diseinatzaileak, gehien saltzen dutenek, 1200 eta 1300 eurotan saltzen dituzte, eta pila bat jantzi saltzen dituzte. Izugarria da. Urtero berriak erosten dituzte. Betidanik mugitu du, baina lehen ohikoagoa zen modistarengana joan eta berak egiten zituen jantziak. Sektorea profesionalizatzen ari da, pasarelak egiten dira, eta moda eta tendentziak jarraitzen dira. Diseinatzaile asko ateratzen gara ere. Jende asko honetara dedikatzen da merkatua dagoelako. Duela pare bat urte hasi ginen ikusten Txinatik ekarritako soinekoak 60 eurotan saltzen dituztenak, eta barneko gerra bat daukat: ulertzen dut jende guztiak ezin duela flamenko jantzi bat erosi, baina aldi berean gure lanaren kontra egiten dute, eta soinekoek gainera ez dute kalitaterik. 

Baina denetarik egongo da, ezta? 
Badira beste firma batzuk ez diedala low cost deituko, ez direlako, baina bai gutxiagoagatik, 300 edo 400 eurogatik, jantziak saltzen dituztenak. Bertan egindako jantzi bat, ongi egina dagoela, material onekoak, eta agian ez du bolumen asko izango, baina jantzi on bat da. Oso ohituta gaude urtero jantzi bat mustutzera, eta hori da pixka bat aldatu behar duguna. Ditugunak aprobetxatu eta berrerabili. 

Non egon zara lanean? 
Moda flamenkoan. Hasiera batean enpresa batean egon nintzen ez zela moda flamenkokoa, baina oso denbora gutxi. Ondoren, flamenko jantzietan egon naiz lanean. Hemen enpresek egiten dutena da: Moda flamenkoa irailatik edo urritik urtarrilera bilduma prestatu, orain urtarriletik feriara  jantzi pila bat saldu, eta apiriletik irailera emaztegaiak eta ezkontzetako gonbidatuak. Nik ere egin izan ditut, baina gehien bat nire lana flamenko jantziak egitea izan da. 


Alba Amigo, erdian, eta berak egindako flamenko jantziak, 2021ean. ARTXIBOA

Sevillan jarraitzea espero zenuen? 
Ikasketak amaitu berri galdetuta, nik uste dut ezetz. Kasuistika asko eman dira: bertako bikotekidea ezagutu nuen eta lan bat bestearen atzetik aurkitu ditut. Eskola amaitu eta lan bat aurkitu nuen, hori amaitu eta beste bat. Horregatik gelditu nintzen. Moda flamenkoa egiten barrutik ikasi nahi nuen, eta hori hemen egin behar nuen. Ez dut alde batera uzten lekualdatzea.  

Moda asko mugitzen da? 
Arropa bai, baina Sevillan gertatzen dena da, eta sevillarrak barkatuko naute, baina zaharkitua da. Moda asko dago, baina denak berdin janzten dira. Sevillarren irudi tipikoa. Ikusi dudanagatik ere kontaktuen bidez egiten da dena; A, B eta C ezagutzen badituzu, ez zara lanik gabe egongo. Toki guztietan bezala, baina jendeak uste du Sevilla handia dela, baina txikia da; denok elkar ezagutzen dugu. 

Erlazionatuak

"Flamenko jantzi bakoitza bakarra da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 api 27 Olazti