Astekaria

"Olaztiko kontzertua berezia eta oso polita izango da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 23a

Leire Ayestaran mariatxi olaztiarra. UTZITAKOA

Leire Ayestaran akordeoilari olaztiarra A tope madre mariatxi taldeko kidea da, eta uztailaren 26an Olaztiko festetan kontzertua emanen du.

Leire Ayestaran olaztiarrarendako aurtengo festak bereziak izanen dira: uztailaren 26an, larunbata (23:30ean), A toda madre mariatxi taldearekin "etxean" joko du. Aurretik, uztailaren 25ean, Altsasun ere joko dute. Taldea hasiberria da, aurreko urteko urtarrilean jotzen hasi ziren. Zortzi taldekide dira: Javier Andueza eta Maria Anduez abeslariak, Idoia Perez saxofonista, Asdrubal Lahuerta tronpeta, Marta Muñoz biolina, Luis Alfonso de Pando baxua, Jokin Donamaria gitarrista eta Leire Ayestaran akordeoilari olaztiarra. Haiekin disfrutatzera gonbidatu ditu olaztiarrak eta sakandarrak. 

Nola sartu zinen A toda madre mariatxi taldean? 
Mariatxi musika talde bat sortu behar zutela eta akordeoilaria behar zutela mezu bat iritsi zitzaidan, deitu nuen, eta baietz esan nuen. Aukera oso polita da gustuko dudan musika egiteko eta taldekideekin ere oso gustura nago. Sekulako aukera da jendearekin esperientzia hau konpartitzea. 


A toda madre mariatxi taldea emanaldi batean; ezkerrean, Leire Ayestaran olaztiarra. UTZITAKOA

Beste talderen batean egon zara? 
Horrela kide bat bezala ez. Altsasuko Los del Rayo taldearekin kontzertu sinfonikoren batean jo izan dut bi edo hiru aldiz, baita Altsasuko beste talderen batekin. Baina kide bezala ez; kalean, erromeria askotan jo izan dut, baina libreki. 

Eta nola izan da talde baten sorreratik egotea? 
Prozesu polita izan da. Taldekideak ez genuen elkar ezagutzen; batzuk bai, beste talde batzuetatik zetozelako eta aurretik ezagutzen zutelako elkar, baina beste batzuk ez. Orduan, oso prozesu polita izan da guztien artean musika egitea eta gutxinaka ezagutzen joatea, ez bakarrik pertsonalki, baizik eta musikalki ere bai; eszenatokian nola mugitzen garen eta abar. Prozesu polita izan da guztien artean egitea eta ikastea. 

Zer esan nahi du mariatxi talde bat izateak? 
Hemen Nafarroan badugu tradizio handia mexikanak, rantxerak eta deribatuak entzuteko. Ohitura handia dugu. Gaur egun talde asko-asko daude, eta zenbait taldekide mariatxi musika taldeetan sartuta zeuden, eta beste talde bat egitea nahi zuten bere esentzia propioa emateko. Zerbait desberdina egin nahi zuten. Musika mexikanoa, Mexikotik datorren musika da, baina azkenen hemen gurea egiten dugu. Ez gara mexikarrak, saiatzen gara ahalik eta hobekien egiten, baina ez gara. Hango instrumentuak jotzen ditugu eta formazioa mantentzen saiatzen gara. Ez da mariatxi klasikoa; mariatxi klasikoan, adibidez, biolinak daude, eta guk dugu bat baina ez asko; akordeoia mariatxi klasikoan ez dago eta gure taldean badago, baita saxofoia ere, klasikoan ez dago eta guk sartu dugu. Mexiko oso handia da eta iparraldean horrelako instrumentuak sartzen dituzte, beste mexikar mota bat jotzen dute. 

Beraz, Mexikoko musika estilo desberdinak jotzen dituzue? 
Hori da pixka bat gure esentzia. Saiatzen gara oinarria mariatxi klasikoa izaten, baina buelta bat eman diogu beste instrumentu batzuk sartuz. Erritmoarekin jolasten dugu zerbait desberdina egiteko eta gure estiloa emateko. 

"Mexikar musikaren zale amorratua naiz; aukera izugarria izan zen"

Aurretik mariatxiak edo mexikar musika gustuko zenuen? 
Bai, bai. Mexikar musikaren zale amorratua naiz. Asko gustatzen zait; aukera izugarria izan zen. 

Nola prestatzen zarete? 
Askotan moldaketak egitea eskatzen ditugu eta horrekin joaten gara jolasten eta gure estiloa ematen. Guk ere ideiak ematen ditugu eta horrekin entseatzen dugu. Kontzertuetan ere asko ikasten dugu: zerk funtzionatzen duen, zer aldatu behar dugun... Horrekin hobetzen saiatzen gara. 

Nolakoak dira zuen zuzenekoak? 

"Publikoa da garrantzitsuena; gurekin disfrutazea eta ongi pasatzea"

Intentsuak. Errepertorio anitza eramaten saiatzen gara; abesti mantsoagoak daude, mugituagoak, euskaraz eta gaztelaniaz abesten dugu, eta saiatzen gara publikoak eskatzen duena ematen. Momentuoro gaude begiratzen zer behar dugun sartu, eta abestiren bat eskatzen badigute, hurrengoa jotzeko prestatzen gara. Publikoa da garrantzitsuena, haiek gurekin disfrutatzea eta ongi pasatzea. 

Zertan desberdintzen zarete? 
Saiatzen gara behintzat, ez dakit lortzen dugun, baina bidean ari gara behintzat. Talde mistoa da: lau neska eta lau mutil gaude taldean. Instrumentu konbinazio berezia sartu dugu: saxofoia, akordeoia... Mariatxi klasikoa eta beste maxikar estiloko batzuetako instrumentuak sartu ditugu, eta gero abestien bertsioak ere desberdinak dira; moldatzeko modua desberdina da. 


A toda madre mariatxi taldeko kideak. UTZITAKOA

Olaztiko festetan joko duzu. Urduri? Zer espero duzu? 
Oraindik ez dut asko pentsatu. Nik uste urduritasuna etorriko dela, baina gogotsu nago etxean jotzeko. Gainera, festetan. Ea olaztiarrek gure musika gustuko duten eta gurekin partekatzen duten. Abesteko eta dantzatzeko hortxe egongo gara. Ez da beste emanaldi bat izango. Berezia da. Urduritasuna hortik etorriko da ere. Etxean zaude eta dena ongi ateratzea nahi duzu. Berezia eta oso polita izango da. Lagunekin eta familiarekin mundu hori partekatzea polita da. 

Zein da errepertoriotik zure abestirik gogokoena? 
Ufa! Asko gustatzen zaizkit, moldaketa oso politak ditugu, baina agian animatu bat aukeratu behar badut: Corrida de Mazatlan. Jendeari asko gustatzen zaio. 

Festetako unetxorik gogokoena? 
Agian arratsaldean herriko jendea elkartzen denean dantzaldiaren edo erromeriaren inguruan. 

Erlazionatuak