Irailaren 12an hasi zen Goxua Taldeak Olaztin antolatutako Goxua Txapelketa-Agustin San Miguelen Omenezkoa. San Miguel elkarteak 2018an antolatutako azken txapelketatik Olaztin ez zen goxua txapelketarik jokatzen, eta "ostiral haietako goxua partida herrikoiak eta frontoiko giro hura" berreskuratu nahi izan dituzte. Eta lortu dute; ostiraleko txapelketako lehen jardunaldian leporaino bete zen Olaztiko pilotalekua. Bigarren jardunaldia irailaren 19an izanen da, 21:00etatik aurrera, Olaztiko frontoian.
Lehen jardunaldiko emaitzak
Lehen partida izan ezik, gainontzekoak "oso borrokatuak" izan ziren. "Sekulako giroa egon zen, barre algara ugari eta garai bateko ostiral gauetako frontoiko giro hura". Txapelketa herrikoia denez, are gehiago antzematen da gertukotasun hori. Lehen partidan Agirrek eta Kamuelek 18-2 hartu zituzten mendean Vizuete 1 eta Vizuete 2, eta bigarren partidan Goya eta Zornoza 18-13 gailendu ziren Ekhiren eta Solasen aurrean. Hirugarren partidan Flores-Etxebestek eta Berat-Enerizek lehia estua izan zuten, baina lehenak nagusitu ziren 18-14. Bukatzeko, Izagirre-Belokik 18-14 hartu zituzten mendean San Vicente eta Maiza.
Bigarrena, eta afizionatuak
Goxua Txapelketako bigarren kanporaketa irailaren 19 jokatuko da, 21:00etan, Olaztiko pilotalekuan. Zozketa egin eta gero, ondoko partidak daude lehian: Goya-Zornoza vs Agirre-Etxeberria; eta Beloki-Izagirre vs Flores-Etxebeste.
Horretaz gain, Afizionatuen Pilota Txapelketa abiatuko da. Bi partida jokatuko dira. Lau eta erdian Otxoak Murgiondo izango du aurkari, eta beste partidan Igoa Salcedoren kontra ariko da.
Bi txapelketetako finalak irailaren 26an jokatuko dira, San Migueletan. Egun horretan Agustin San Migueli omenaldia egingo zaio.