Beriain KB-ean horren ongi aritzea espero al zenuen?
Egindako marka egitea ez nuen espero. Azken bi urteetako denboraren erreferentzia nuen (57:36) eta antzeko ibiltzea espero nuen, baina helmugan erlojua begiratu eta harrituta geratu nintzen (54:27). Hasieratik oso sentsazio onak nituen, eta azken momentura arte berdin jarraitu nuen, sufritzen baina gorputzaldi oso onarekin. Entrenatzen ari naiz, baina beste helburu batzuk dauzkat, eta nahiz eta ongi sentitu, zuhurra izaten saiatzen naiz, Km Bertikala beste gauza bat delako, oso gogorra, dena goraka, ohituta ez nagoen proba. Beraz, lortutakoarekin zoratzen nago, egia esanda.
Etxeko proba, Urbasakoa, jokatuko al duzu?
Bai. Nire helburua ez dira trailak, baina herriko proban ongi aritzea gustatzen zait. Niretako urteko probarik politena da, plazara iristen naizenean hunkitu egiten naiz beti. Udan mendian aritzen naiz, gustuko dudalako eta herriko proban pentsatzen. Horregatik astebete lehenago Uhartekoa egitea gustatzen zait, dortsala jarrita eramaten baitut nire gorputza mugara. Beriain KB izugarrizkoa izan da. Oso pozik nago, larunbateko Olaztiko lasterketarako prest.