Aralar Mendi klubean urduritasuna zegoen Beriain Kilometro Bertikalaren bezperan. Ekaitz alertak zirela eta, proba aurrera aterako ote zen, zalantza handiak zeuden. Beriainera igo ordez, B plana martxan jarri eta Zamartzetik Aralarko San Miguelera igotzea egon zen mahai gainean ere bai. Bezperako ur erauntsiak ezjakintasuna areagotu zuen, baina, azkenean, irailaren 21ean goizean bertan Uharte Arakil Beriain Km Bertikala aterako zela erabaki zuen antolakuntzak. "Beriainera!" erantzun zuen, telefonoz, Juanjo Goikoetxeak, pozarren. Goizean ere euria egin zuen, baina lasterketa hasterako atertu eta proba euririk gabe jokatu zen. "Azkenean ongi libratu genuen eguna, sekulako zortea izan genuen" nabarmendu du Goikoetxeak.
Korrikalariak banaka atera ziren 10:00etatik aurrera Uharte Arakilgo frontoitik (471 m) Beriaingo San Donato baselizara (1.494 m) bidean. 5 km eta 1.023 metroko desnibel positiboa zituzten aurretik, eta malda oso zorrotzak, batzuek %71-ko inklinazioarekin. Beheko zatian lohia topatu zuten, bezperako erauntsien kalte ordaina, baina gorago igotzen hasita ez zegoen lokatzik, eta tenperatura epela zen. Korrika egiteko, ezin hobe.
Guztira 179 korrikalarik osatu zuten proba. Azkarrenak Aritz Unamuno bergararra (43:29) eta Lide Urrestarazu ordiziarra (49:37) izan ziren. Urrestarazuk bigarren aldiz jarraian irabazi zuen Beriain Km Bertikala, eta Unamunok joan zen urteko arantza kendu zuen, iaz ez baitzen espero bezala aritu eta helmugara seigarren iritsi baitzen.
Arkaitz Munarriz: "46 minuturen bueltan aritzea ez nuen espero. Oso kontentu nago"
Munarriz, denborarekin pozik
Sakandarren artean, Aritz Munarriz etxarriarra, aspaldiko ezaguna, izan zen lehena, sailkapenean hamabigarren (46:40). "Orain arte, behintzat, eusten diogu. Oso pozik nago. Beriain Km Bertikala urteko nire helburuetako bat izaten da. Ez dugu lasterketa irabaztea espero, Euskal Herrian dagoen mailarekin ia ezinezkoa delako (kar-kar). Nire helburua lehen sakandarra izatea da, aurten lortu dut ere bai, eta oso kontentu nago. Egindako denborak asko poztu nau. Urte batzuk baditugu, entrenatzen aritu naiz, baina ez nuen uste denbora hori ateratzeko adina izango zenik. Niretako denbora hori egitea beste batendako irabaztea bezala da. Sekulako animoa eta gorakada eman dit. Aspaldi egin nuen denbora da, Beriainen aritu nintzen lehen aldian 46 minutuko tartean ibili nintzelako, baina hori duela 12 urte izan zen. Ez nuen espero, baina atera da. Gainera, txispa nuela sentitu nuen. Aprobetxatu beharko dugu, ea noiz arte eusten diogun" azaldu du, irribarrez.
Izaskun Beunza: "Helmugan erlojua begiratu eta harrituta geratu nintzen"
Beunzaren markak
Emakumezkoetan, sorpresa ederra izan genuen. Bigarren emakumea eta, aldi berean, lehen sakandarra, Izaskun Beunza izan zen (54:27). Olaztiarra ikusgarri aritu zen, eta proba Nafarroako Km Bertikalen Txapelketa zenez, Nafarroako Km Bertikalen txapeldunaren saria jaso zuen, Ainara Alcuazen (55:10) aurretik. Gainera, emakume beteranoetan lehena izan zen, Maite Beregaña uhartearraren (1:00:04) eta Montse Vazquez bilbotarraren (1:00:15) aurretik. Podiumera gehien igo zen korrikalaria izan zen, lehen sakandarraren saria jaso baitzuen baita ere. Egindako marka egitea ez nuen espero. Azken bi urteetako denboraren erreferentzia nuen (57:36) eta antzeko ibiltzea espero nuen, baina helmugan erlojua begiratu eta harrituta geratu nintzen (54:27). Hasieratik oso sentsazio onak nituen, eta azken momentura arte berdin jarraitu nuen, sufritzen baina gorputzaldi oso onarekin. Entrenatzen ari naiz, baina beste helburu batzuk dauzkat, eta nahiz eta ongi sentitu, zuhurra izaten saiatzen naiz, Km Bertikala beste gauza bat delako, oso gogorra, dena goraka, ohituta ez nagoen proba. Beraz, lortutakoarekin zoratzen nago, egia esanda.
Gizonezkoetan sorpresa izan zen, sailkapenean hirugarren sailkatutako Mikel Merino izan baitzen Nafarroako txapelduna (49:37), Iñigo Maciasen (45:06) aurretik, sorpresa Taldeka, Hiru Herri kluba gailendu zen bai emakumezkoetan eta baita gizonezkoetan ere. Gizonezkoen beteranoetan Iñigo Lariz elgoibartarra izan zen onena (44:27), Mikel Beunzaren aurretik (46:27).
Gazteak, indartsu
Beriain Km Bertikalak agerian utzi zuen harrobi ederra dugula. Txirrindularitza utzi, eta sasoi ikaragarrian ari dira Jon Gil eta Adrian Martinez lakuntzarrak. Gil Top15ean sailkatu zen, hamalaugarren (47:09), eta Adrian Martinez 33. sailkatu zen (50:22), lasterketako lehen juniorra. Bigarren juniorra Lur Ocon hernaniarra izan zen (51:37), eta hirugarrena Julen Fuentes altsasuarra (56:06). Emakumezkoetan, Nahia Mendizabal beasaindarra izan zen lehen juniorra (1:13:14).
Uhartearrak, fidelak
Jose Luis Beraza uhartearra ezin aipatu gabe utzi. 56 urterekin, Beriain KB-eab jokatutako hamasei edizioetatik hamabitan lehen uhartearra izan da. "Jada ez naiz asko ibiltzen, baina atzetik datozenak hurbildu arte, eutsiko diogu" txantxa egin zuen. Emakumezkoetan, Maite Beregaña izan zen lehen uhartearra (1:00:04).
Primerako giroa
Beriaingo igoeran jendea bildu zen korrikalariak animatzera. Ondoren, giro ederra zegoen plazan. Ohikoa den moduan, Aralar Mendikoek auzate mundiala zuten prest. Boluntario ugari zeuden lanean. "Eurak eta babeslerik gabe, ezinezkoa litzateke" azaldu zuen Goikoetxeak.