Eguzkiak Sakanako automobilismoaren festarekin bat egin nahi izan zuen eta urriaren 4an Urbasa bete egin zen. Milaka zale hurbildu ziren Sakana Motorsport eskuderiak antolatutako XLIII. Urbasako Igoeraz gozatzera. Zuhurrenek jarlekuak, bazkaria, eguzkitarako babesleak eta denetarikoak eraman zituzten. Egunak aurrera egin ahala, ordea, lainoak azaldu ziren, Urbasako portuan gora lainoa azaldu eta txiri-miria hasi zen, baina horrek ez zuen motorzaleen festa oztopatu, eta Sakana Motorsport eskuderia pozik dago egunak izandako erantzunarekin.
Faboritoak, kale
Berriki Espainiako Mendi Igoeren Txapelketa irabazi duen Arkaitz Ordoki (NOVA NP-03) zen faborito nagusia. Urbasako azken bi edizioen irabazlea denboraldiarekin pozik, eta Urbasan hirugarren aldiz jarraian irabaztearekin ginga jarri nahi zion denboraldiari. Entrenamenduetan denbora onena egin zuen (3:18.103), baina lehen mangan, irteera puntuan ateratzear zegoela, autoa geldirik geratu zitzaion. Ez aurrera, ez atzera. Autotik jaitsi behar izan zen eta asistentzia gunean matxura konpontzen saiatu. Javier Polancok (Formula Dicode FR) lasterketa utzi behar izan zuen, eta horrek aukerak eman zizkien arerioei.
Horrela, oso-oso borrokatua egon zen proba. Azkenean, Miguel Gutierrezek (Osella PA 21) irabazi zuen Urbasako Igoera (3:28.136), baina Daniel Jimenezekin (BRC B59) lehia oso estua izan eta gero; 283 ehuneneko eskas atera zizkion Gutierrezek Jimenezi (3:28.419).
Erritmo falta
Sakana Motorsporteko Iker Palacios lakuntzarrak (BRC B52) denboraldia ongi prestatzeko ez duela behar bezalako baldintzarik izan aipatu zuen. Izpegin hirugarren izan zen, baina gero transmisioan matxura izan zuen eta geldirik egon da. "Justu beharrezko piezak Urbasarako iritsi dira. Beraz, erritmo falta dut, denboraldian ezin izan naizelako aritu. Eta hori asko nabaritzen da. Esan daiteke autoa Urbasan probatuko dudala". Nolanahi ere, gustura aritu zen, eta, azkenean, monoplazen sailkapenean bosgarren sailkatu zen (3:36.027), eta bere multzoan, hamargarren klasean hirugarren. Palaciosek lehen sakandarraren saria jaso zuen.
Turismoen sailkapenean Mikel Mazkiaran pilotu altsasuarra (Seat 600 JTR) laugarren sailkatu zen (3:42.197), eta hamargarren denbora onena egin zuen. Aurretik car-krosean aritzen zen altsasuarrak aurten autoarekin debutatu du eta denboraldi oso ona ari da egiten. Bigarren sakandarra izan zen, eta bere mailan, lehen klasean, bigarren, Antonio Ortuñoren atzetik (3:39:302, Seat 600).
Beste sakandarrak
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, turismoen mailan lehiatu ziren guztiak. Ander Gurmindo (Renault Clio Sport) turismoetan 16. sailkatu zen, laugarren klasean laugarren (3:55.572); Alberto Villar (BMW E36) 18. sailkatu zen, laugarren klasean bosgarren (3:59.363); Delfin Goikoetxea (BRAND PRM Proto Alpine) 36. sailkatu zen, hirugarren klasean bederatzigarren (4:07.619); Asier Juanez (Renault Clio Sport) 40. postuan sailkatu zen, zazpigarren klasean bosgarren (4:09:892); Josu Olmos (Citroen AX) 44., zazpigarren klasean bederatzigarren (4:14.601); eta Iñaki Yaben (Citroen Saxo) 60., zazpigarren multzoan hamahirugarren (4:25.461). Asier Solisek (BMW E36) eta Odei Juangok (BMW E46) ezin izan zuten proba bukatu.
Nafarroako Txapelketa
Urbasako Igoera Nafarroako Igoeren Txapelketarako azken proba puntuagarria zen, Ioar, Izpegi, Ibardin, Etxalar eta Lezaungo igoerekin batera. Turismoetan Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) izan da finena, proba guztietan parte hartu eta gero (363 puntu), Jose Miguel Baquedanoren (BMW 320i, 220 puntu) eta Mikel Mazkiaranen (Seat 600 JTR, 175 puntu) aurretik. Alberto Villar (BMW E36) zazpigarren sailkatu da (127 puntu). Monoplazetan Unai Arretxe (Speed Car GT 1000) izan da txapelduna (167 puntu), Iker Palaciosen aurretik (BRC B52, 89 puntu). Daniel Jimenez hirugarren sailkatu da (BRC B59, 54 puntu).