Iaz car-krosean aritzen zinen, aurten eman duzun saltoa turismoen mailara. Zergatik?
Car-krosarekin Nafarroan ezin genuelako lasterketarik egin. Nafarroako Igoeren Txapelketan parte hartu nahi genuen, eta horregatik beste mota bateko autoa behar genuen.
Auto oso berezia eta polita duzu, Seat 600 JTR.
Nire asmoa zen monoplaza bat ekartzea, baina auto hau erosteko aukera sortu zen, eta aitari, bereziki, asko gustatu zitzaion. Txasis tubularra du, eta alde horretatik, monoplazekin antzekotasuna du. Tenerifetik ekarri genuen. Aurreko jabeekin harreman ona egin dugu, Urbasako Igoera ikustera etorri ziren. Asko gustatu zaie.
Autoak arreta pizten du. Jendea hurbiltzen al zaizu esatera?
Bai; azkenean, autoa oso ikusgarria da. Seat 600 bat da, baina berezia.
Gidatzeko orduan nolakoa da? Zaila?
Oso erraza egin zait gidatzeko modura moldatzea. Direkzioa oso zehatza du, eta hain txikia denez, carrarekin aritzearen antzeko sentsazioa dut.
Turismoekin lehiatzen zaren lehen urtea da eta denboraldi ederra egin duzu. Kontentu al zaude?
Nafarroako Mendi Txapelketetan turismoetan hirugarren izan naiz eta oso pozik nago.
Espero al zenuen?
Banekien autoa oso lehiakorra zela, baina lehen denboraldian horren goian egotea ez nuen espero, egia esanda.
Car-krosarekin Urbasan ezin aritzearen pena zenuen. Zure lehendabiziko Urbasa espero zenuena izan da?
Txikitatik etortzen nintzen Urbasara, eta arantza hori nuen. Ilusioa handia izan da; Urbasako igoeran aritzearekin amets bat bete dut. Etxean aritzea, jende ezagun askoren aurrean... pasada bat izan da.
Lasterketa hasi baino lehen oso urduri zeunden.
Bai, hala egoten naiz hasi baino lehen, beti. Entrenamenduak hasita, lasaitu egiten naiz.
Entrenamenduetan 3:47 minutuko denbora egin zenuen, lehen mangan 3:42 eta bigarrenean 4.17.
Bagenekien lehen manga denbora onena egiteko tartea zela, ondoren eguraldi kaxkarra iragarrita zegoelako. Eta hala izan zen. Bigarren mangan euria ari zuen, eta ez zuen estutzea merezi. Zertarako?
Arkaitz Ordoki zen faboritoa, baina matxura izan zuen.
Horrela dira lasterketak. Nik aurten bi lasterketa ezin izan nituen bukatu.
Kuadrilla, gurasoak... denak zure ondoan zenituen.
Bai (kar-kar), egun polita izan zen, gogoratzekoa. Gurasoek sartu ziguten motorraren zaletasuna; beti etortzen dira.
Hemendik aurrera, zer?
Aurten egin beharrekoa egin dugu, aurrekontuak ez du gehiago ematen. Oso eskertuta nago babesleekin. Ea hurrengo urtean hobeki egiten dugun.