Olatzagutia "oso kamioilaria" izan da; tradizio handia izan da. Garai batean estatu mailan biztanleko kamioilari gehien izan zuen herria izan zela aipatu dute Olaztiko Kamioien Lagunak taldeko kideek. 1970 eta 1980ko hamarkadetan loraldiaren urteak izan ziren, eta ehun bat kamioi zeudela esana zion Roberto Zornoza Limon-en aitak. Limon argazki zaharrak ikusten eta berreskuratzen hasi zen, eta horrela, kamioilari batekin eta bestearekin hitz egiten hasi, beste garai batzuk gogoratzen egon, eta Kamioien Eguna antolatzea erabaki zuten; dena Limonek "mugitu" duela esan dute: "Argazki zaharrak ikustearen nostalgiagatik; nire aita kamioilaria zen, haienak ere bai, eta horrela hasi zen; jendeak argazki zaharrak baldin bazituen telefono zenbaki batera bidaltzeko eskatu genuen". Guztira, 280 argazki zahar baino gehiago jaso dituzte, eta horiek erakusgai izanen dira maiatzaren 1ean eginen duten ospakizunean.
Argazki zaharrak biltzen hasi, eta egun osoko egitaraua egin dute maiatzaren 1erako
Kamioien, kamioilarien eta haien senideen argazki zaharren erakusketa, kamioi zaharren erakusketa, herri bazkaria eta kontzertuak, Pantxo Balbuena eta The Karkamals taldeak, osatuko dute Kamioien Eguneko egitaraua. "Hasiera batean argazki zaharrak bildu eta erakustea izan zen ideia, eta hori egin behar genuenez, zergatik ez bazkari bat egin, eta bazkaria egiten dugunez, zergatik ez kontzertu bat...". Jende asko mugitu dute, "nahiz eta orain gremioarekin zerikusirik ez izan, aita zela edo senideren bat kamioilaria zen". Besteak beste, zortzi edo bederatzi kamioi zahar etorriko direla konfirmatu dute ere. Hasiera batean San Cristobal eguna proposatu zuten, garraioen eta bideen zaindua, uztailaren 10ean, baina sanferminetako asteburuarekin bat egiten zuenez beste data bat bilatu zuten: maiatzaren 1ean. Topagunea Clinker izanen da.
"Gure aitak oso lagunak ziren, kamioiei buruz hitz egiten egoten ziren, Churrero ere hortik dago...". Kamioiak dira olaztiar talde honen mintzagai nagusia, baina orain arte ez dute horrelako topagunerik antolatu; noizbait bazkariren bat egin izan dute, San Cristobal egunean, hain zuzen, baina lehenengo aldia da bilduko direla. "Olatzagutian ez da inoiz kamioen inguruan ezer egin".
Tradizioa
Cementos, Echavarri zerrategia eta fabrika gehiago zeuden Olatzagutian, eta horrek garraio eta kamioi mugimendu handia egoteak erakartzen zuen; 1940ko hamarkadan, esaterako, Echavarri zerrategian bederatzi kamioi zituzten. 1950ko hamarkadan, Esa urtegia egiteko, Cementosetik eramaten zuten porlana, eta kamioiak kargatzeko ilarak egiten zirela gogoratu dute: "Lehen porlana zakuetan eramaten zen, ez zegoen zisternarik, eta kamioiak pilatzen ziren kargatzeko". 1960ko hamarkadara arte iraun zuen.
Flota handitzen joan zen, eta 1970ko eta 1980ko hamarkadak izan ziren "indartsuenak": "Aurreko egunean Olaztin zenbat kamioi zeuden kontatzen egon nintzen eta PRENASAn bakarrik hemezortzi kamioi egon ziren; norberak bere kamioia zeukan. Kamoi handiak, gainera". Garai horretan ehun bat kamioi zeuden herria, eta gehienak autonomoak ziren: Juan Jose Ascargorta, Aierdi, Iparagirre, Anastasio...
"Kamioiak herrian uzten ziren; txikitan gogoratzen naiz kamioiak kalean zeudela", gogoratu du Limonek. Erakusketaren argazki zaharretan ere herriko txoko asko ikus daitezke, kamioiak, aipatu duten bezala, herrian aparkatzen zituztelako. "Badago argazki bat Farmaziaren aurrean geunden a", gogoratu du Julen Perezek. Clinkerreko atzeko kalea, esaterako, kamioien pisuagatik hondoratuta zegoela esan dute.
Garrailari asko zeuden arren, inoiz ez dela talderik egin aipau dute: "Multzo handia egin zen greban". 1990ko urrian espainiar estatuan garraiolarien greba "handi bat" egin zuten, eta hainbat egunez geldirik egon ziren; hornikuntza arazoak sortu ziren eta enpresak itxi zituzten. "Hortik sortu zen Sakanako garraiolarien kooperatiba", bertako autonomoak bateratzeko helburuarekin.
"Olazti izan zenarekin...". Gaur egun garraiolari autonomo gutxi gelditzen direla esan dute, belaunaldien erreleborik ez dagoela aipatuz; "ez dago, guztian bezala". Garraio enpresa handiek mugitzen dute garraioaren sektorea gehienbat, "dena hartu dute". Garai batean kamioia izatea "mamitsuagoa" zela gaineratu dute, "kamioi bat zuenak dirua irabazten zuelako; baina gaur egun ez duzu egiten". Zenbat eta gehiago lan egin, orduan eta gastu gehiago sortzen direla gaineratu dute.
Omenaldia
Kamioien Eguna herriko garraiolari eta kamioilariendako omenaldia ere izanen da. "Badira errepidean hil diren herriko kamioilariak ere". Bestetik, egiten duten lana errekonozitzeko aukera ere izanen da: "Badago jende asko aste osoa kanpoan pasatzen duena".
"Atzerrian ibiliak gara". Kamioilari batek kontatu duenez, behin astelehen batean 5:00etan atera ziren, gauerdian Frankfurtera iritsi ziren, Alemanian, gaua pasa eta astearte goizean deitu zietenean deskargatu zuten, 13:00etan berriz kargatu, eta asteazkenerako Olaztin bueltan zeuden. "Familia etxean utzi, kamioia kargatu eta batzuetan aste osorako joan izan dira", gogoratu du Limonek.

Denborarekin dena aldatu dela azaldu dute: "Goruntz joaten denak badaki gauez bidaiatu behar duela, horrela hiriak gauez pasatzen dituzu. Bestela, ez dago aparkatzeko eta lo egiteko tokirik". Garai batean, gainera, aduanan gelditu behar ziren. Perez: "Nik aduana ez dut ezagutu; baina iparralderantz joaten ginenean lau ordu eta erdi ibiltzen ginen eta gero lo egiteko gelditu behar ginen...".
Kamioi "horiekin" bidaiatzen zuten, gainera: "Hori zen... Takograforik ez zegoen, liburu bat bete behar zen. Baina ez zegoen gaur egungo kontrola, ez zegoen ezer; ibiltzen zenuen ibiltzen zenuena". Gaur egun, takografoarkein "dena" kontrolatzen dute: abiadura, atsedenaldiak, zenbait gidatu duten... "Lehen Ederrena errepideko taberna-jatetxe bat zen eta bertan kamioilariak biltzen ziren zerbait jateko, biltzeko eta pixka bat hitz egiteko. Eta ez zen ezer gertatzen gelditzeagatik. Hurrengo egunean ateratzen ziren". Orain dena erregistratzen da. Nafarroako Gobernuak zein Espainiako Gobernuak takografoak eska ditzakete, "pendrive" bat da; "24 urtetan bi aldiz eskatu didate, eta bi inkesta egin dizkidate".
Kamioiak
Kamioiak ere "asko-asko" aldatu dira: "Orain Barrieros bat hartuta ez nuke jakingo ibiltzen". Barrieros markako kamioi bat izan dute hizpide, hain zuzen, Olaztiko kamioi zaleek: "Barreirosek bazuten aldaketa bat eta ez bazenuen ongi egiten kolpe handia jotzen zuen. Interneten irakurri nuen auzokide batek kontatzen zuela kamioilaria konfunditzen zenean eta aldaketa hori gaizki egiten zuenean santu guztiak zerutik jaisten zirela kaguendios eta kaguenlavirgen hasten zelako". Horrekin imajina daiteke zer nolako kolpeak ematen zituen.
Kamioien aldaketa kotxeen garapenarekin alderatu dute: "Bi zaldi bat edo Renault 4 bat eta gaur egungo kotxe bat alderatzen baduzu... Gaur egun argiak automatikoki pizten direla eta abar".
Solasaldia bitartean, erakusketarako argazki zahar gehiago iristen joan ziren; Barreiros, Pegaso, MAN... Limon: "Txikitan horiek ditut gogoan". Gaur egun, aldiz, Volvo, Escania, DAF eta IVECO dira ezagunenak. "Marka asko daude eta nahiko antzekoak dira". Prezio aldetik ere antzekoak direla gaineratu dute: "DAF bat 110.000 euro kostatzen da, mota bereko Scania batek 140.000 euro, Volvo batek antzeko, MAN pixkatxo bat merkeagoa da, eta Iveco merkeagoa, 98.000 euro".
8674 AB, 9767AM, 1302Z... Kamioilariek eta kamioi zaleek ohitura bitxi bat dute: "kamioi marka, motorrak eta matrikulak ezagutzen dituzte".

Zeintzuk dira kamioilari izatearen alde onak eta txarrak? "Dagoeneko onik ez dago". Hortaz, gaur egun garraiolaria izateko gustatu behar zaizula gaineratu dute. "Nire aitari gustatzen zitzaion eta aldi berean ez". Bestetik, "erlojuaren orduak" kontuan ez izatea garrantzitsua dela aipatu dute; hau da, ordu asko lan egiten dela. Perez: "Ez dira zortzi ordu, eta niri ez zait inporta. Baina semeak horregatik ez zuen nahi". Gremioa ezagutzen duten senideek badakite "zer dagoen": "Ezkondu nintzenean larunbatetan ere lan egiten nuen, eta lehen igandeetan ateratzen nintzen bidaian".
Larunbatak aipatzen direla, Limonen aitaren anekdota bat kontatu dute: "Pegasorekin ibiltzen zen, eta garai horretan ez zuten kotxerik eta larunbatetan eguerdira arte lan egiten zuten; larunbat ingelesak deitzen ziren". Larunbat goizean porlana kargatzen zuen astelehenean Gasteizen deskargatzeko. "Orduan, zer egingo dugu eta zer ez dugu egingo pentsatzen egon, eta Gasteizera joaten ziren, kamioia kargatuta, arratsalde pasa". Hurrengo egunean ere zer egin ez zutela, eta Gasteizera joaten ziren. "Eta astelehenean deskargatzera". Noizbait harrapatu zutela eta ea zergatik ez zuten larunbatean zuzenean deskargatu esan omen zieten, Limonek gaineratu duenez.
Kamioiarekin lanera joan eta beste gauza batzuk egiteko baliatzearena askotan egin izan dute. "Aita Muruzabalekoa zen eta kotxerik ez genuenez kamioian joaten ginen". Perezek ere gogoratu du astelehenetik asteazkenera Hendaiara kubarekin joaten zela, eta ostegun eta ostiraletan zakuekin, eta larunbatetan Arrasatera bidaia laburragoa egiten zuenez, emaztearekin eta haurrekin joateko baliatzen zuen, "duela 30 urte inguru". Azkoienera joan eta bidaia aprobetxatzeko familiarekin Logoroñora kargatzera joan eta bertan arratsalde pasa gelditu izan direla ere gogoratu dute, "duela ez hainbeste". Gaur egun takografoarekin "dena aldatu" dela gogoratu dute.
Anekdotaz anekdota, Limonen aitak izandako beste bat gogora ekarri dute: "Beti kontatzen zuen Andaluziara baloiekin joan zela eta jatetxe batean gelditu zela eta zerbitzariak esan ziola haur batzuk ari zirela kamioian sartzen baloiak hartzeko; tabernatik atera eta... haurra zerbitzarien semea zen!". Gidatu dituzten kilometro bezainbeste anekdota dituzte. Esaterako, "joan zaitez Andaluziarano girotutako airerik gabe!".
Errespetua
Kamioilaria izateko, gaur egun, CAP txartela behar da, "200 ordu" direla, karneta atera behar da ere, dirutza baita; bestetik, Garraiolari titulua atera behar da: "Gradu ertaina edo Goi gradua izan behar duzu aurkezteko, eta azterketa gainditu behar duzu gero, noski". Garai batean garraiolarien tituluak eros zitezkeen; ordaintzen ziren.
Garraiolariekiko errespetua galdu dela esan dute olaztiarrek: "Lehen kamioia iristen zenean, kamioia iristen zen". Deskargatzen eta kargatzen zuten. Orain, gehiago itxoin behar dutela esan dute, "eta orduaren arabera, galdu dituzun minutu horiek, trafiko gehiago aurkitzeak ekar ditzake edo deskargatu behar duzun hurrengo fabrika itxita egotea eta itxoin behar izatea". Beste lanbideetan okertzen bazara, "ez da ezer gertatzen", baina kamioian "isunak" direla azaldu dute, "okerrago ez bada; istripu bat izan daiteke". Istripuengatik lanbidea utzi izan dutenak egon direla gaineratu dute.
Etorkizuna "oso ilun" ikusten dute: "Atzetik ez datorrelako jenderik. Ez daude gazteak, eta gaur egun gauzak dauden moduan, erabaki ona iruditzen zait". Hori guztia, gainera, gasoilaren eta kamioi batek dituen gastuak alde batera utzita.
Argazkiak
Erakusketarako kamioien 280 argazki zahar baino gehiago bildu dituzte
"Herriko gauzak direnean, herritik egindakoak, jendeak izena ematen du eta parte hartzen du". Argazki zaharren artean bitxikeria asko ikusi daitezke: "Badago argazki bat plakak eramaten dituen kamioi bat ikusten dena, eta beste argazki batean garabiarekin plaka horiek jaisten agertzen da. Bi argazki desberdin dira, bi pertsona desberdinek egindakoak, eta oso polita da hori jasota izatea". Olaztiar batek kamioien argazkiak egiteko ohitura zeukan.
Instagram kontua sortu dute eta bertan argazkiak ikus daitezke (@KAMIOIOLAZTI).

