Kale Txikian eta udal eraikinetan lanak egiteko txanda iritsi da

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 3a

Udaletxeko teilatua berritzeko lanak.

Sareak eta zorua berrituko dituzte udalak eta Sakanako Mankomunitateak Kale Txikian. Udalak lanak baliatuko ditu kalea Arronga plazaraino luzatzeko. Udaletxean eta frontoian ere lanak eginen ditu.

Olatzagutiko Udalak aurten 2.467.040 euro izanen ditu, aurreko urtean baino 175.040 euro gehiago. Joseba Vizuete Askargorta alkateak azaldu duenez, "dirulaguntza gehiago jaso ditugulako hazi dira udalaren diru kontuak". Aurrekontuko 193.000 euro udalaren kirol azpiegituren kudeatzeaz arduratzen den Erburua Olazti SM enpresarendako dira. Olatzagutiko Udal musika eskolak, berriz, 52.000 euroko aurrekontua izanen ditu aurten.

Udalak aurten 434.920 euroko balioa duten inbertsioak aurreikusi ditu. Inbertsio nagusia Kale Txikian eginen du udalak Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuarekin batera. Ibarreko erakundea urarekin zerikusia duten sareak berritzeaz arduratuko da eta gainontzeko sareak eta zorua udalak berrituko ditu. Lanek, guztira, 215.656,65 euroko aurrekontua du, eta dirulaguntza 175.444,33 eurokoa izanen da. Izan ere, lan horiek finantzatzeko, udalak Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko Inbertsioen Planeko dirulaguntza lortu du.

Vizuetek aurreratu duenez, Kale Txikian lanak eginen direla baliatuz, kale hori eta Arronga plaza bat egiteko lanak eginen dituzte. Horretarako lursail bat kale bihurtuko dute. Kalea eta plaza lotu eginen dira "besteak beste, larrialdi zerbitzuek, esate baterako, suhiltzaileak edo anbulantziak, batetik bestera azkar pasa ahal izateko aukera izanen dute", azaldu du alkateak. Lanak irailean hastea nahi du udalak.

Olatzagutiko Udalak sei kontratazio egin ditu. Haietako bost igerilekuan ariko dira lanean: hiru atezain-garbitzaile eta bi sorosle. Herri lanetan laguntzeko beste pertsona bat ere kontratatu du.

Energia eraginkortasuna
Arlo horri dagokionez, bi lan eginen ditu aurten udalak. Alde batetik, LED argiak jarriko dituzte argiteria publikoak. Zehazki, elizako auzoan, Memoria parkearen inguruan eta Sarasate eta San Migel plazetan. Bestetik, Olatzagutiko Udalak instalazio fotovoltaikoa jarriko du eskolako teilatuan. Han sortutako argindarra udal eraikinetan kontsumitu nahi luke udalak.

Eskolan jartzekoak diren eguzki plakak hasiera batean Erburua kiroldegiko teilatuan jarri nahi zituen udalak. Itajuarak zituelako kiroldegiko teilatua konpondu zuten joan zen urtean. Lan horiengatik udalak 140.493,10 euro ordaindu zituen. Eta, badaezpada, kiroldegiko teilatuan itajura berriak ez sortzeko, eguzki plakak tokiz aldatzea erabaki du. 


Kale Txikiko ikuspegia. ARTXIBOA

Udal eraikinak 
Halako bi eraikinetan lanak egitea aurreikusi du udalak. Alde batetik, "udaletxeko teilatua eta haren isolamendua berrituko ditugu, itajurak daudelako". Lanak aste honetan hasi dira. Obrak 36.000 euro inguruko balioa du. Bestetik, frontoiak egiteko beste 20.000 euro bideratuko ditu udalak. Han ere itajurak kentzeko lanak eginen dira. "Gainera, goiko palkuko aulkiak aldatu eta hara igotzeko eskailerak berrituko ditugu. Gainera, udalak igerilekuan punpa eta filtroak berritu ditu.

Bestetik, haurrendako bi jolas parkeetako zorua berritzeko lanak aurreikusita daude. Memoria parkekoan dagoeneko lanak egin dituzte. Kamiogaina jubilatu elkartearen ondokoa falta da orain. Bakoitzera 12.000 euro bideratu dira. Bestalde, azken parke horri estalpea jartzeko lanak atzeratu eginen ditu udalak.

Baso lanetarako 100.000 euro inguru aurreikusita daude. Auntzetxerako bidearen zati batean hormigoia jartzen ari dira. Obra maiatzaren 13an hasi zen eta garagarrilaren 30era arte iraunen du. Beraz, epe horretan ezin izanen da ibilgailuekin handik pasa.

Arkeologoak bueltan
Aranzadi zientzia elkarteak Koskobilo II koban zazpigarren indusketa kanpaina eginen du aurtengo garilean eta agorrilean. Horretarako Olatzagutiko Udalak 30.000 euro inguru bideratu ditu. Bestetik, kobaren gainean harrobia izandako espazio bat dago. Harrobia leheneratzea eta parke bat egin nahi du udalak. Parke horretarako udalak duen egitasmoa honakoa da: garai batean paraje hauetan bizi ziren animalien berri emanen duen parke egitea. Vizuetek azaldu duenez, Nafarroako Gobernuarekin guztia behar bezala lotzeko hizketan ari dira oraindik.

Azkenik, Olatzagutiko Udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala onartu zuen 2025ean. Araudi horren bidez hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko edo saltzeko merkatura ateratzeko bulkada bat izan nahi du zerga hori, alkateak azaldu duenez. Etxebizitzaren kontribuzio zergaren arabera ordaintzen da zerga hori. Joan zen urtean %0,5ekoa zen, aurten %1ekoa eta heldu den urtean %1,5ekoa izanen da. Nafarroako Gobernuaren hutsik daude etxebizitzen erregistroaren arabera bi etxe huts zeuden Olatzagutian 2025ean, aurten hiru etxebizitza dira.