Olatzagutiko porlandegian hiru greba egun deitu dituzte

Guaixe 2026ko ekainaren 8a

Enpresa batzordeak deituta, langileek protesta egin zuten maiatzaren 29an.

Zuzendaritzak zazpi langileren kontrako "jazarpena eta beldurraraztea" salatu nahi dute horrela.

Cementos Portland Valderrivasen Olatzagutiko langileak hiru greba egitera deituta daude garagarrilaren 8an, 9an eta 10ean, astelehenetik asteazkenera. Hala erabaki zuten langileek batzarrak maiatzaren 29an egindako batzarrean. Enpresa batzordeak (6 ELA eta 3 UGT) egindako hiru greba eguneko proposamenaren aldeko botoa 49 langilek eman zuten eta kontrakoa 3k. Olatzagutiko porlandegian ehun bat langilek lan egiten dute, baina gainerakoak lan hitzarmenetik kanpo daude.

Lanuzte horrekin porlandegiko langileek "enpresak gure zazpi lankideren kontra egiten ari den jazarpen eta beldurrarazte kanpaina salatu" nahi dute. Izan ere, lanpostuan egiten duten lanagatik kategoria altuagoa dagokiela uste dute laborategiko zazpi langilek. Zuzendaritzari aldaketa eskatu zioten, baina hark onartu ez zuenez, langileek zegokiena defendatzeko epaitegietara jo zuten. Dagoeneko epaileek bitan langileen aldeko epaia eman dute. Epaiaren berri izan ondoren, enpresako zuzendaritzak bi langileak lantokiz aldatu zituen. Beste langile bati lan hitzarmenean jasota dagoen errelebo kontratua ematea ukatu dio.

Langileen ordezkariek adierazi dutenez, "gertakari larri horien aurrean, enpresa batzorde honek ezin ditu beldurra sortu eta errebantxa nahia duten ekintza horiek onartu, eta enpresari eskatzen dio zuzen ditzala, ekintza horiek enpresaren eta langileen arteko lan harremanak are gehiago tenkatzeko eta hausteko besterik ez baitute laguntzen".