Olatzagutiko ekialdeko autobidearen ondoko zubian aparkatuta zegoen kamioi batek su hartu zuen martxoaren 17an, 03:36 aldera. Kamioi artikulatua eta zeramatzan bi movil home-ak kixkalita gelditu ziren. Kamioiko kabinan lo zegoen gidariak garaiz eta onik ateratzeko aukera izan zuen. Kixkalitako kamioia garagarrilaren hasiera kendu zuten tokitik.
Foruzaingoak hartu zuen ikerketaren ardura eta sua nahita piztuta izan zela ondorioztatu zuen. Diario de Noticiasek jakinarazi duenez, erantzulea etxebizitza prefabrikatuen garraioan espezializatutako enpresa bateko langilea zela ondorioztatu zuen foru poliziak, Olatzagutira sutea eragitera propio etorri zena. Ikerketaren arabera, atxilotutako gizonezkoak, antza, aurretik halako zerbait egiteko asmoa adierazi zion lekuko bati. Eta, aurretik, Madrilen beste ibilgailu bati su eman zion. Atxilotuari giza hilketa eta sute saiakera delituak egotzi dizkiote.
Epaileak behin behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabea ezarri dio. Erabaki hori hartzeko, epaileak delitua berriz egiteko probabilitatea kontuan hartu du. Baita jokoan dauden ondasun pertsonalak, gertaeren larritasun handia eta bere garaian ezar zitezkeen zigorren larritasunaren aurrean Justiziaren akzioa saihesteko aukera handiak ere. Bestalde, epaileak gogorarazi du kamioiaren kabinan lo egiten zuen kamioilariaren bizitza eta osotasun fisikorako arrisku larria egon zela gogorarazten baitu, eta kiskali egin zela. Auzitegiak dioenez, delitu horrek 10 eta 20 urte arteko espetxe zigorra du, eta horrek, berez, ikertua Justizia saihesten saiatzeko arriskua dakar.