Astekaria

Festetako puntadak

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 28a

Belen Gomez Olaztiko armarria zapi batean brodatzen.

Bordados Txantxagorri Olaztik, besteak beste, festetako zapi eta blusa asko brodatu ditu.

Bada herriko festa gehienetan, guztietan ez esateagatik, janzten den elementu bat: zapia. Olaztiko festetan, esaterako, suziriak eztanda egin ondoren zapi gorria janzten dute lepoan. Gainera, blusak daramatzate, eta hauek ere kuadrillaka izenen bat edo irudiren bat brodatuta daramate. Duela bi urte zapiak, blusak eta bestelako ehunak brodatzen hasi zen Belen Gomez altsasuar-olaztiarra: Bordados Txantxangorri Olazti. Festen aurretiko asteetan zapien azken enkarguak bukatzen aritu zen. 

"Betidanik brodatu izan dut, baina niretako". Bordados Txantxagorrirekin hasi aurretik senarraren harategian lan egiten zuen Gomezek, "aurten jubilatu zen eta aurretik harategia itxi genuen. Nik aurretik ere pentsatu nuen zerbait egin behar nuela, ez nintzela etxean geldirik geldituko". Zerbait egin behar zuela argi zeukan jostunak, eta duela zenbait urte buruan zituen joste makinak begiratzen hasi zen. "Horrela hasi nintzen honetan pentsatzen". Iruñera makinak ezagutzera joan zen eta Bilboko BECen egiten den arte kreatiboen azokara ere joan zen, "argi izan nuen makina hori nahi nuela". 

Autodidakta
Gomezek erabiltzen dituen joste makinak suitzakoak dira, alde batetik, ordenagailu programa batean irudiak daude eta irudi hori makinera eramaten da makinak brodatu dezan. Programaren "barruan" 1500 bat marrazki ditu, "baina bertan erabiltzeko bakarra ere bai". Teknikoarekin hitz egiten komentatu zion ea marrazki propioak egiteko aukera izango zuen, "margotzea eta marraztea gustatzen zaidalako", eta teknikoak baietz esan zion, programak berez aukera ematen zuela, "baina ez zituela azalpenik, eta nik nire kabuz egin beharko nituela". Programak barruan zituen marrazkiak nola moldatu azaltzen zuen bakarrik, "irudiak sortzeko ez zegoen ezer; Youtuben ere begiratu nuen...". 

Joste makinarekin lehenengo urratsak emateko, beraz, doako bertsioa deskargatu zuen, "eta ingelesez zegoen!", azaldu du Gomezek barrezka. "Hiru aste osorik pasa nituen, arratsalde osoa gauerdira arte, programarekin bueltaka, eta ez nuen ezer lortu". Azken astean emotikono bat egitea lortu zuen, brodatzea ere lortu zuen, eta programa erosi zuen. "Hortik tiratzen joan nintzen". Programa erosterakoan gaztelaniazko bertsioa zegoen, "baina nik ingelesez ikasi nituen aukerak". 

Otsailean joste makina erosi zuen eta brodatu zuen lehenengo gauza auzokide baten festetako kuadrilletako blusa brodatzea izan zen, emotikono batekin, hain zuzen. "Beldurrez zeuden, ea ongi aterako zen galdetzen zidan". Egindako proba eta irudi guztien adibidea gordeta dauzka. Izan ere, azaldu duenez, ehunaren arabera brodatua ere alda daiteke, eta aurretik probak egiten ditu. 

Lan handiena irudia sortzea da; kapaka sortu behar da irudia, irudi hori kapaka banatu behar da, eta bakoitzean puntadaren tamaina eta angulua kontuan izan behar dira. "Pertsonalizatutako lan asko egiten dut, kintoen zintak, zapiak abizenen armarriekin...". Asko ezin dira berriz erabili, edo oso gutxi molda daitezke. Dena dela, badaezpada disko gogor batean denak gordetzen ditu ere. "Pertsonalizatutako irudi bat ordenagailuko ordu asko dira; 20 bat inguru". Behin irudia eginda eta makinara pasatzen denean ere adi egon behar da, "jendeak uste du makinak egiten duela dena, baina haria ez apurtzea, ez nahastea eta abar ez gertatzeko adi egon behar zara". Esaterako, Olaztiko armarria duen zapia egitekoak ordu bat edo ordu eta erdi irauten du, hari eskainitako atentzioaren arabera. Aurreko urteetan nahiko zapi egin zituela esan du Gomezek: "Esango nuke herri osoak baduela berea". 

Txantxangorri
"Aitak ez du hau ezagutu. Amak, bai, baina aita justu hil zen landa etxea mustu nuen egunean". Bordados Txantxangorri ez ezik, Gomezek Imaz landa etxea ere dauka herrian, eta zoritxarrez lehenengo bezeroak aitaren hiletaren egunean iritsi zirela esan du. "Pena ematen dit gauza hauek egiten ditudala ez ikusteak". Aitak txantxangorriei lepogorria deitzen ziela esan du Gomezek, "eta nik ere lepogorri deitzen diet, baina horrela deitzen banion jendeak galdetuko zuen". Horregatik Txantxangorri deitzea erabaki zuen. 

Erlazionatuak