Txistua, kontzertuko protagonista

Guaixe 2014ko mar. 14a, 10:30

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Burundar txistulariak

Erromeria eta festa egunez aparte txistua gehiago entzun beharko litzatekeela uste dute Burundar Txistulariek. Kaleaz aparte kontzertu serioetan ere txistua ikusi eta entzun behar dela uste dute. Horregatik, prestatu du Hastapenak izenburuko kontzertua txistu talde burundarrak.

Juan Pablo Urizar eta Rafael Goñi, Burundar Txistulariak taldeko kideak kontzertuaren bezperan esan digute txistuari ospea eman nahi diotela halako emanaldiekin. Azken urteetan txistuak izan duen garapena izugarria izan dela nabarmendu dute. “Garikoitz Mendizabal txistularia Bratislavako Orkestrarekin (Elovakia) grabatu du Txistu Symphonic eta gaurtik Hego Korean bost kontzertu emanen ditu Chun Cheon eta Gyongbook orkestra filarmonikoekin” esan digu Urizarrek.

“Mota guztietako instrumentuekin jotzen da gaur egun txistua”. Kalean txistuak presentzia galdu badu ere halako ekimenekin kalitatean irabazi dela nabarmendu Goñik. Burundar Txistularien asmoa da etorkizunean ere biharkoaren moduko kontzertu serioak edota alardeak egitea, “kalean ez bezala entzun dadila txistua, seriotasuna berreskuratu eta dagokion tokia hartzeko” esan du Urizarrek.

Kontzertua
Biharko emanaldian 25 bat musikari izanen dira eszenatokian. Perkusioarekin batera, bost silbote eta txistuen lehen eta bigarren ahotsak entzunen dira. Hasteko 1550 urteko partiturak izanen dituzte, berpizkunde garaiko musika, “erregeen gorteetan dantzatzen ziren doinuak” Goñik jakinarazi digunez. Haiekin batera XIX. mendeko musika klasikoarekin segituko dute eta akaberan XX. mendeko zortziko bat eta kantek osatuko dute egitaraua. Denboran izandako garapen musikala ezagutzeko aukera izanen du Iortia kultur gunera hurbiltzen den entzuleak.

Burundar Txistulariak taldeko 14 kide dira bihar eszenatokian ariko direnak. Eta, haiekin batera, Burlata, Iruña eta Gasteizko lagunak. “Alardeetan bat egiten dugu eta zerbait antolatzen dugunean elkar laguntzeko prest gaude. Txistuaren profesionalak ez badira, ia” esan du Urrizarrek. “Txistuaren militanteak dira” zehaztu du Goñik. Xabier Garziandia kantari etxarriarra eta Altsasuko Iñaki Agirre eta Etxarriko Irune Lizarraga dantzariek parte hartuko dute. Txistulariak biharko emanaldia beste nonbait eskaintzeko prest daude Burundar Txistulariak.


Taldea
Burundar Txistulariak taldea 2008an sortu zen eta “pittinka-pittinka ari gaituk lan on bat egiten, nik uste” esan digu Goñik. Zaila dela aitortu arren kontzertuan orain arte egindako lana erakutsi eta taldekideendako motibazioa izan da emanaldia bera. Astean ordu eta erdiko entsegua egiten dute elkarrekin, ostiralero, 19:30ean hasita Altsasuko Iortia kultur gunean. Baina horri txistulariek etxean egindako lana gehitu behar zaio.

Urizarrek eta Goñik azpimarratu dute taldeak ateak zabalik dituela: “Lana egina utzi nahi diegu atzetik heldu direnei. Esaterako, musika eskoletatik ateratzen diren txistulariei. Hemen non jo badute”. Gaineratu dutenez, “hiruzpalau txistulari uzten baditugu, pozik”.


Egitaraua
Obra                   Egilea
La bataille            Tielman Susato
Lau dantza           Tielman Susato
Amaiur                  Joaquin Iruretagoiena
Kurrusko               Jose Ignacio Ansorena
Arin Arin               Candido Albiztur
Rapsodia               Luis Uterga
A mi tierra vasca    Manuel Turrillas
Itsasontzi baten     Kaxiano
Minueto de Monzon Vicente Monzon
Suit Edurne           Hilario Olazaran
Agur Jaunak          Urtsale



Zortziko euskaratua
Manuel Turrillasen A mi tierra vasca zortzikoa entzunen da bihar Iortia kultur gunean. Burundar Txistulariek, ordea, letra aldatzea erabaki dute. Josema Leitza bertsolari arbizuarrak ibarra aipatzen duen Sakana, banaka letra sortu du.


Sakana, banaka
Herriz herri josi den
bide estu, Arakil
gero bizi nahiaren
gurpilean dabil.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.

Luze adina zabal,
erdian Aranatz
denboraren larrean
euskararen baratz.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.

Eguzkiaren azken
izpia Burunda
oraindik entzuten da
Jentilen burrunba.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.