Larunbateko txistu kontzertuan Turrillasen A mi tierra vasca zortzikoaren moldaketa entzuteko aukera izan zen. Burundar Txistulariek letra aldatzea eta sakandartzea erabaki zuten. Josema Leitza bertsolari arbizuarrak ibarra aipatzen duen Sakana, banaka letra sortu du. Xabier Gartziandiak kantatu zuen.
Sakana, banaka
Herriz herri josi den
bide estu, Arakil
gero bizi nahiaren
gurpilean dabil.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.
Luze adina zabal,
erdian Aranatz
denboraren larrean
euskararen baratz.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.
Eguzkiaren azken
izpia Burunda
oraindik entzuten da
Jentilen burrunba.
Bakanetan bakarra,
bakarretan bakana,
Andia ta Aralar
zaindari Sakana.