Ikasturte honetan ikasketa horiek egin nahi dituzten 60 ikaslerendako eskaintza egin du Hezkuntza Departamentuak. Mendi kirol eta eskaladako gradu ertaineko lehen maila egin nahi dutenek izena eman ondoren onartua izateko probak egin beharko dute, haien egoera fisikoa baloratzeko.
Hautagaiek 1.500 metroko desnibel absolutua duen ibilbide batean ariko dira hamar kilo baino gehiago pisatzen duen motxila batekin eta epaimahaiak erabakitako denbora batean. Hiru ibilbide ere gainditu beharko dituzte: lehena, belar-malda batetik egindako jaitsiera izango da; bigarrena, haitz-malda batetik jaitsi ondoren aldapan gora egingo dute, eta horiek guztiak epaimahaiak erabakitako gutxieneko denboran osatu beharko dituzte. Horren ondoren jakinaraziko da onartuen zerrenda.
Sakanan bakarrik
Otsaila hasieran hasi zen Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutua mendi kirol eta eskaladako gradu ertaineko ikasketetako lehen maila. 21 ikasle hasi zituzten ikasketa horiek, bi ikasturtetan banatuak daudenak. Guztira 975 orduko ikasketak dira. Aurreneko kurtsoan 420 ordu egin zituzten, klasean eta mendiko praktikak uztartuz. Bigarren ikasturtean ikasle horiek 555 ikasgai-ordu izanen dituzte aurretik.
Behin gradu ertaineko mendi ertaineko kirol-teknikaria zikloko titulua eskutan dutela ikasleek ikastetxe, klub, federazio edota enpresetan lan egiteko aukera izanen dute. Ikasketetan sakondu nahi duenak goi mailako ikasketak egin ditzake. Altsasuko institutua da ikasketa hori Nafarroan eskaintzen duen bakarra.
Sakana LH IIPko eskaintza
Ziklo horretaz aparte, Altsasun LHko ikasketa hauek egin daitezke: motorren mekaniko laguntzailea (DBH gainditu ez duten ikasleei zuzendutako hasierako prestakuntza profesionaleko programa); mantenu elektromekanikoa (gradu ertaina); sodadura eta galdaragintza (gradu ertaina) eta mekatronika industriala (goi gradua).