Lekuko aldaketa Bierrik fundazioan

Guaixe 2014ko ira. 12a, 09:00

Aldaketa garaia bizi dugu egun hauetan Bierrik fundazioan. Kudeatzaile bat joan eta berria heldu da. Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena da joaten dena eta Goizeder Anton Iturralde da heldu dena. Fundazioaren martxaren berri ematen ari dio lehenak bigarrenari. Horretan buru-belarri daudela, Bierrik fundazioaren, Sakanako euskarazko hedabideen inguruko galderak erantzun dizkigute. 

Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena, Bierrik Fundazioko koordinatzaile ohia.

Azken lau urteak koordinatzaile postuan egon zara eta aurretik publizista lanetan aritu zinen. Sarrerarekin batera, erabaki handiak hartzeko zituen fundazioak.

Bai, komunikabideen sektorea beti egon da krisian baina fundazioaren egoera ekonomikoa kolokan zegoen ni hasi nintzenean. Nafarroako Gobernuko laguntzak desagertu ez ziren arren, behera egin zuten nabarmen eta sektorea egonkortzeko egin ziren saiakera guztiak bertan behera geratu ziren. Hasiera aldapatsua izan zen, beraz, fundazioak bere ondarea ere txikitu behar izan zuen pilatutako zorrari aurre egiteko.

Krisia orduan hasi zen nabaritzen, ezta?

Bai, Sakanara gainera beste eskualde batzuetara baino lehenago iritsi zen eta fundazioaren auto-finantziazioan eragin zuzena izan zuen horrek, bertako enpresa eta komertzioen sostengua oso garrantzitsua izan baita beti. 

Sektorearen erreakzioa zein izan zen?

Sakanako Guaixe eta Beleixe, Euskaltzaleen Topagunearen parte dira, beste euskara elkarte eta euskarazko komunikabideekin batera. Ahalegin berezia egin da azken urteetan indarrak batzeko, mugimendua indartzeko, etorkizuneko erronkei aurre egiteko edota sektorea profesionalizatzeko. Tokikom eta Hekimenen sorrerak, horren adibide garbiak dira eta Sakanako komunikabideen ordezkari moduan gertutik bizi izan ditut aipatutako aldaketak. Ikuspegi zabalagoa eman digu horrek eta sektoreko beste batzuekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria izan da.  

Nafarroan murrizketak sufritzen lehenetakoa izan zen euskarazko hedabideen sektorea. 

Euskarazko komunikabideak indartzeko zegoen partida desagertu egin zen aurrekontuetatik eta horren ondorioz, hainbeste urtetan egindako lanaren aitortza ukatu ziguten. Gobernuak urtero egiten zituen azterketetan garbi geratzen zen eskualdeka tokiko komunikabideak zirela irakurrienak eta, era berean, sakandarrek gure proiektua estimatzen zutela.

2012an arriskuan egon ziren Sakanako euskarazko hedabideak.

Bai, 2011. urtean 0€ jaso genituen Gobernutik eta beste diru-laguntzak ere behera egin zuten (Sakanako Mankomunitatekoa eta Eusko Jaurlaritzakoa). Gainera, krisiaren ondorioz, publizitatetik lortutako sarrerak ere oso txikiak izan ziren. Eta hori gutxi balitz, fundazioak urte askotan pilatutako zorra zuen. Fundazioaren urte gogorrenak izan ziren, egindako lan guztia eta proiektua bera kolokan baitzeuden. Murrizketak etorri ziren orduan lan taldean, kaleratzeak. Gainera, irratiak eskaintzen zituen zuzeneko orduak kendu behar izan genituen, Guaixeri orriak kentzea eta astekaria bazkideei soilik banatzeko erabakia hartu ziren azkenik.

Zer oroitzapen dakarzkizute zenbaki eta hitz honek: 2000 esker? 

2000 esker kanpainak gure biziraupena ziurtatzeko balio izan zuen. Oroitzapen onak  ditut, jendearen inplikazioa harritzekoa eta eskertzekoa izan zen. Kanpainak bazuen talde eragile bat, herri guztietan genituen kontaktuak, sare oso indartsu bat sortu genuen 2000 bazkide lortzeko helburuarekin. Aurretik bazkide txartela sortzeko aurrerapausoa emanda genuen eta bazkide berriak lortzeko pizgarria izan zen deskontuen txartela. Txartela sortzearen helburuak hiru izan ziren: fundazioaren egoera ekonomikoa egonkortzea, herrietako komertzioetan erosketak egitea sustatzea eta bazkideei balio erantsi bat eskaintzea. Emaitza pozgarria izan zen: 450 bazkidetik 1570 bazkidera.

Eta nolaz heldu zenioten proiektu berriei? 

Krisialditik ateratzeko lan asko egin behar izan genuen, baliabide gutxiagorekin komunikabideak aurrera atera behar izan genituen. Bazkideen laguntza ezinbestekoa izan zen. Gure webgunea berritzeko apustua egin genuen, apustu ausarta izan zen baina biziberritzea besterik ez genuen. Joera berriei egokitu eta komunikabideak indartu nahi genituen, kalitatean aurrerapauso bat eman eta kanpainan lortutako bazkideei zerbitzu on bat eskaini. Tokikomen laguntzarekin jarri ginen martxan. Atari berrituak herritarren parte hartzea sustatzea zuen helburu eta aktualitatea formatu ezberdinetan eskaintzea. Multimedia elementu gehiagorekin elikatzen dugu gaur egun ataria eta jendeak hori benetan eskertzen du. 

Zer moduz dago gaur egun Bierrik?

Fundazioaren finantza egoera orain dela urte batzuk baino askoz ere hobea da, azken lau urteotan zulo ekonomikoa asko jaitsi da eta osasuntsuago gaude. Hala ere, auto-finantziazioan beste pausu bat eman behar du. Eskualdean komunikazio lanetan erreferente bilakatzea da erronka. Enpresa eta erakundeen komunikazio beharrak aldatzen doazela ondo dakigu. Horretarako formazioa ere beharko du taldeak. Azken hilabeteetan aplikazioak eskaintzen hasi gara eta beste adibide bat Sakanako Gida Komertziala da, lehen alea aurtengo lastailean publikatuko du Bierrikek.  

Tokiko prentsak badu etorkizunik?

Tokiko komunikabideak kontsumitzen jarraituko du jendeak, gertuko informazioa eta bat-bateko informazioa dira etorkizuna. Tokiko prentsak zubiak eraikitzeko konpromezua hartu behar du eta herritarrei ahotsa eman behar die... 

Zein dira zure kudeaketaren argi-ilunak?

Kudeaketarako ez dira urte xamurrak izan, erabakien eta aldaketen garaia izan da. Askotan bitartekari lana egitea egokitu zait eta egia esan hilabete zailenetan esperientzia eta bestelako tresnak ere faltan bota ditut.  Asko inplikatu naiz proiektu honetan eta arduraz eta ausardiaz jokatzea izan dira nire helburuak. Murrizketen prozesua izan zen gogorrena (lan talde eta patronatuko kide guztientzat bezala) eta nire lan kuttunenak bazkide txartelaren sorrera eta atari berriarena izan dira. Auto-kontzientziarako eta ezagutzarako urte aproposak izan dira, benetan.

Eskerrak eman nahi dizkiet kanpainan lagundu gintuztenei.  Fundazioari eskertzen diot arduradun izateko aukera ematea. Eta, bereziki, nire ondoan egon diren pertsonei eskertzen diet, nirekin batera proiektu hau aurrera eramaten lagundu nautenei, nigan konfiantza izan duten horiei. Zorterik hoberena opa diot Goizederri eta lan talde osoari.

Erlazionatuak

Bidean lagun

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Mundiñano Larraza 2014 ira 12 Sakana