Sektorearekin harremanik baduzu?
Izan dudan azken lanak, hasi berri dudan beste honekin, Ainhoa, lekukoa pasatzen ari zaidan honetan puntu asko ditu komunean. Komunikazio enpresa batetan aritu naiz lau urtez. Aldizkari eta urtekari bat (Entzun!) argitaratzen genituen. Hasieran harpidetzak eta administrazio kontuak kudeatzen hasi nintzen arren, pittinka-pittinka lan ardurak gora egin zuten, kontabilitatera, papergintzara eta diseinura. Koordinazio lanetan ere badut zer esana urtetan aritu bainaiz rock arloan manager.
Bierrik fundazioan hasi aurretik, Sakanarekin erlaziorik bazenuen?
Gazteago nintzenean, parrandak ugari egiten genituen eta oso gustuko genuen zonalde hau. Maitasun handiz gordetzen ditut ere San Pedroko belardietan egiten ziren Egin egun haiek, PikuRock-en ere izan naiz hainbat urtetan... Nire osaba baten sustraiak ere hemengoak dira: ama altsasuarra zuen eta aita, berriz, Iturmendikoa. Bestalde, ikasle garaian ezagutu nuen lagun altsasuar bat, aspaldi pista galdua genuena, orain, Bierrik-eko lankide dut, bizitzaren bitxikeriak!
Guaixe astekaria eta Beleixe irratia (FM 107,3) ezagutzen zenituen?
Zintzoki aitortu behar dut ez dudala Guaixe aldizkaria zuenera gerturatu naizen arte fisikoki eskuartean inoiz izan, izena, ezaguna nuen arren. Orain ez naiz oroitzen baina ziurrena da duela urte batzuk, kontzertuen agenda bidalketetan Guaixe presente izanen zela Sakanako erreferente gisa.
Beleixeren kasuan berriz, bai izan dudala noizean behin entzuteko parada. Urtetan asko tokatu zait Euskal Herrian barna bidaiatzea, Bizkaia aldera gehien. Beraz Sakanako pasabidea derrigorrezkoa nuen. Irrati kaxkarra izanda autoan sintonizazioarekin arazoak nituenean Irurtzun pasata bilaketa egiten nuen bakoitzean Beleixe harrapatzen zuen segituan eta hainbat kilometrotan bidelagun izaten nuen berriz galtzen nuen arte...
Orain arte ikusitakoarekin, zer argazki atera duzu?
Ateratako argazkia txuri-beltzean eta oso panoramikoa da momentuz. Denborarekin zoom-a egin eta koloreztatzen joanen naizena. Baina polita da eta aukera askorekin. Zinez espero dudana da proiektu honek merezi duen lan eta dedikazioa notarekin gainditzea.
Administrazioei eskatuko zenieke?
Euskarazko hedabideen defentsan ausardiaz jokatzea eskatuko nieke. Hedabide txiki eta ez horren txikiek ezinbesteko papera jokatzen baitute euskal gizartean. Euskara da egun dugun ondarerik preziatuena eta guztion inplikazioa ezinbestekoa da.
Sakandarrei?
Azken egun hauek nahikoak izan dira sumatzeko Guaixe altxor kuttun bat dela sakandarren artean, oso gertukoa eta preziatua. Honekin batera, animatu nahi nituzke sakandar guztiak gure familia honen parte izatera. Bakoitzak ahal duen neurrian, bere ekarpena egin dezake, badira hainbat modu sostengua emateko: bazkide eginez, komunitateko kide eginez...
Badugu uneotan proiektu polit bat eskuartean interesgarria dena eta probestu nahiko nuke jendea animatzeko: Sakandarren Gida Komertziala argitaratuko dugu datorren hilabetearen hasieran. Erakusleiho interesgarri bat izan daiteke zuen negozio, zerbitzu, eta abarrak ezagutarazteko. Paperezko bertsioarekin batera, on-line bertsioa ere prestatuko dugu beraz munduratu zaitezkete! Egunotan gure komertzialak jotake dabiltza produktua zuenera eramaten baina zaila da guztiengana iristea, beraz, jakin ezazue hilabete honen bukaeran, irailak 26, iragartzeko epeak itxiko ditugula. Gustu handiz jasoko ditugu zuen ideiak, kritikak, kezkak. Horretarako, bulegoko ateak zabalik dituzue eta fisikoki ez bada ere, e-postaz bierrik@guaixe.net edo 948 564 275 telefonoan ere ongi etorriak izanen zarete.
Bierrik fundazioko laguntzaileei/bazkideei?
Kontziente izanda bizi garen egoerak ez direla samurrenak, eskerrak eman bazkide guztiei egiten ari diren ahaleginagatik eta jasotzen ari garen sostenguagatik, ikusi dudanez, asko dira eta. Oso garrantzitsua da guretzako.
Lankideei?
Nirekin batez ere hastapenetan, pazientzia izan dezatela. Argi dago lanean fin dabiltzala proiektuak hemendik gutxira 20 urte beteko baititu eta hau ez da gauza makala! Goazen denon artean beste hainbeste betetzera!
Lanerako gogoz?
Hori da orain eskaini dezakedan baliorik handiena, lanerako gogo eta ilusio osoa.
Harrera oso ona izan dut lan taldean eta ordezkatuko dudan Ainhoa bereziki egiten ari den lana lekuko aldaketa prozesuan, txapela kentzekoa izaten ari da. Milesker!