Duela lau urteko gazteen kontrako sarekadaren salaketa

Guaixe 2014ko urr. 23a, 14:07

Horixe egin zuten atzo iluntzean ehun bat sakandarrek. Segiko kide izateagatik erakunde terroristako kide leporatuta duela lau urte hainbat gazte atxilotu zituzten, haien artean Ainara Ladron arbizuarra eta Imanol Salinas olaztiarra. Haiek jasandako torturak salatu zituzten. Baita inkomunikazio aldian “atxilotuen autoinplikazioa eta beste gazte batzuen kontrako inkulpazioak eraikitzea” helburua dutela ere. “Inposatutako herri eredu baten jarraikortasuna mantentzeko, legeditik kanpo edozer gauza egiteko prest daude”. Gazteen kontrako akusazio bakarra autoinkulpazioa besterik ez dela nabarmendu zuten.

Elkarretaratzetik adierazi zutenez, “ez dute lortu euskal gazteriaren eta herriaren askapen borroka moteltzea”. Aldi berean, gaineratu zuten “Euskal Herrian garatzen ari den prozesu demokratikoarekin konpromiso argia dutela”. Konpromiso horri eutsiko diotela adierazi zuten.


Ainara Ladron Urbieta
28 auzipetutako gazteetako bat

Torturatuak izan zineten?
Bai, aurretik milaka herritarrek pairatu duten bezala. Autoinkulpazioak eta beste batzuk inkulpatzea lortzeko erabiltzen dute. Zerrenda beltzak osatzeko. Gure tortura saioetatik irten ziren izenak, abenduaren 6ko sarekadan atxilotu zituzten. Euskal Herrian abian da prozesu berri bat eta prozesu guztietan gazteriaren freskotasuna eta indarra behar dira aurrera egiteko. Halakoekin beldurra zabaldu eta askapen borroka moteldu nahi izaten dute gazteria bera motelduz. Baina ez dute lortzen.

Epaiketa hasi da irailean. Aurretik eta auzitegian salaketa. Zergatik?
Ez gaituzte 28ak bakarrik epaituko. Ondoren ere gazte gehiago epaituko dituzte. Herri oso baten kontrakoa da eta Auzitegi Nazionalaren aurrean badugu zer esanik. Irailaren 14an Gernikan Herritarren Adierazpena publiko egin genuen, herrietako Libre lantaldeen bidez lantzen ari dena. Herri osoak aurre egitea beharrezkoa dela ikusi dugu.

Herriak batzen dituen aldarrikapenak dira, lehenik, Auzitegi Nazionalak ez du gu epaitzeko inolako zilegitasunik, hori Euskal Herriak du. Bigarrenik, torturen salaketa egitea. Eta, azkenik, epaiketa politikoak gelditzea. Elkartasunetik konpromisora salto egiteko eskatu genuen eta sinadura bilketa egiten ari gara herriz herri.

Desobedientzia zibilerako deia ere egin zenuten?
Argi dugu erasoak erantzuteko eta eraikitzeko jendarteak duen tresnarik eraginkorrena dela. Epaiketari desobedientziaren bitartez erantzun nahi genion. 28 gara eta 28 modu ezberdin daude desobeditzeko. Loiolan gelditu ziren bost gazte epaiketara joan gabe. Orduz geroztik Imanol Salinas preso da. Epaitegian ere desobedientzia jarrera hartu dugu. Epaiketa hasterakoan konponbidearen aldeko kartelak erakutsi ziren eta bizkarra eman genion epaileari. Epaiketa ordu batzuk beranduago hasi zen. Tortura salaketak ere egin ditugu Auzitegi Nazionalean, gure adierazpenekin eta poliziak deklaratzen zuten bitartean tortura saioetan hartzera behartutako posturak irudikatu genituen. Astakeria bat da torturatzaileak deklaratu bitartean gu aretoan egotea.

Garagarrilean akusazio beragatik 40 gazte absolbitu zituzten. Zer espero duzue?
Ustez gu haien segida ginen. Absolbitu zituzten. Ez du zentzurik gu epaitzea. Baina epaiketa politiko bat da, Euskal Herriko prozesuari oztopa jartzeko. Gertatu daiteke gu zigortzea, oztopoak jartzeko. Guk argi dugu Euskal Herria eraikitzeko prozesuan aurrera egin behar dugula.