4nek bidea egiten hasiak

Guaixe 2014ko urr. 25a, 12:00

Pop-rock talde berria osatu dute eskarmentua duten musikari sakandarrek: Imanol Goikoetxea (gitarra, Urdiain), Joseba San Sebastian (baxua, Lesaka/Lakuntza) eta Juan Pablo Agirre (ahotsa, Etxarri Aranatz). Hirukoteak 4nek izena eman dio taldeari. Duela urte bete biltzen hasi zen. “Ahal dugunean” zehaztu digu Agirrek, “zaila baita lana, familia eta beste uztartzea”.

Musikari sakandarrek dagoeneko 8-10 kantu sortu dituzte. Agirrek esan duenez, “neguan jendaurreko emanaldiekin hasi nahiko genuke, ia”. Horretarako, taldea handituko dute. Dagoeneko haiekin aritzen da Xabier Zubeldia (teklatua, Ibarra). Bateria bat ere behar dute eta litekeena da dorrobarra izatea. Jotzen hastearekin pozik leudekeela esan digu Agirrek.

Lehiaketa
Taldeak “arrankatzeko eta gure buruari presioa egiteko”, 4nek Vodafone Yu Music Talent lehiaketan izena eman du, 1.157 talderekin eta bakarlarirekin batera. Irauli etorkizuna kantua aurkeztu dute lehiaketara. Publikoak aurkeztu diren taldeen aldeko botoak 31ra arte eman ditzake Facebook eta Twitter bidez (profileko boto bat). Hala 30 talde aukeratuko dituzte. Ondoren epaile profesionalek finalerako hiru talde aukeratuko dituzte. Horiek 3.000na euro jasoko dituzte. Irabazleak gainera, diskoa grabatuko du eta heldu den urteko lehen hiru hilekoan Vodafone yu Music Shows jaialdietan telonero gisa ariko dira.