Bidelagun elkartea turismo eragile guztietara zabaldu da

Guaixe 2014ko aza. 20a, 18:46

Alojamendu elkarte hutsa izateari utzi eta turismoarekin lotutako eragileek ere tokia izanen dute.

Aurreko asteko ostegunean elkartu ziren Bidelagun elkarteko kideak eta erakundea eraldatzea erabaki zuten. Alfonso Nuin Cartujok azaldu digunez, “ibarreko eragileak elkarrekin aritu eta Sakanan turismoa mugitzea da asmoa. Denen artean turismo paketeak sortzeko, esaterako”.

Sakanako turismo eragileen aurrean aurkeztuko du bere burua elkarteak hurrengo egunetan. Gaur egun alojamenduen arloko 18 kide ditu elkarteak. Nuinek argitu digunez, “gehiago ere izan dira, baina krisiaren eraginez kide batzuk baja eman dute”. Nuinek turismoan ari diren eragileen profesionaltasuna aldarrikatu du: “konpetentzia handia dago eta jendeak gauzak ongi nahi ditu”.

Hilaren 13an despeditu zen duela urte pasa hasitako bidea. Sakanako garapen agente Iker Manterolarekin biltzen hasi ziren Bidelagun elkarteko kideak. Turismo arloan aritzen ziren Sakanako agenteak elkar ezagutzen ez zutela agerian gelditu zen. Bilera haietako hausnarketetatik sortu zen Bidelagun elkartea alojamenduetaz aparte turismo zerbitzu, artisau, jatetxe eta abarretara zabaltzea.

Zuzendaritza berria
Alfonso Nuin, lehendakaria (Hiriberri, landetxea); Daniel Torrente, lehendakari ordea (Lakuntza, jarduera enpresa); Arantza Etxeberri, diruzaina (Zuhatzu, landetxea) eta Iñaki Urrestarazu, idazkaria (Altsasu, jatetxea).

Harremanetarako
www.sakanaurbasa.com