Eneida Carreño eta Maider Betelu
1.Zer da ANFAS?
Adimen urritasuna dutenen Nafarroako elkartea da, batez ere euren senitartekoen elkartea. Duela 50 urte inguru sortu zuten ANFAS familiek, ikusita adimen urritasuna zutenek ez zutela nora joan, ez zituztela non landu eurek zituzten beharrak. Horri erantzuna emateko elkartea sortu zen. Elkarteak fase ezberdinak izan ditu. Hasieran elkartzea zen helburua, adimen urritasuna duen jendea dagoela jakinaraztea. Ondoren familiekin lan egiten hasi ziren, eta gero ikusi zuten helduekin lan egin behar zela. Hortik sortu zen TASUBINSA, adimen urritasuna daukaten pertsonek lan egiteko espazioa izateko. Egun Nafarroa osora zabaldu da ANFAS. Hasieran Iruñean zegoen, baina egun Iruñean, Sakanan, Baztan-Bidasoan, Tafallan, Zangozan eta Tuteran dago. Zonalde bakoitzean zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira.
2.Sakanan zer eskaintzen du ANFAS-ek?
Umeendako arreta goiztiarra eskaintzen dugu. Horretaz gain, helduendako TASUBINSAko lantokia ere badago Lakuntzan. ANFAS-en adimen urritasuna dutenen familiak, profesionalak eta boluntarioak biltzen dira. Boluntarioen lana oso inportantea da. Izan ere, zerbitzu ezberdinak eskaintzen dira ANFAS-en, eta aurrera ateratzeko profesional eta boluntario askoren beharra dago. Bereziki udako oporretan, udalekuetan, asteburuetako ekitaldietarako… ANFAS-ek badu “Aisia” izeneko proiektu bat, nerabeendako. Batzuetan asteburu pasa datoz Altsasuko aterpera, edo Iruñean ekintzak egiten dituzte eta boluntarioak behar dira.
3.Zenbat aritzen zarete lanean Sakanako zerbitzuan?
Momentuz gu biak gaude, logopeda eta psikologoa, eta arduraduna. Astean bitan etortzen gara. Arreta goiztiarreko zerbitzua eskaintzen diegu haurrei, 2 taldetan banatuta. Batetik 0-3 urte arteko zerbitzua dago. Zerbitzu kontzertatua da, Nafarroako Gobernuak hartzen du bere gain, eta dohainik da. Bestetik 3-6 zerbitzua dago. Kasu honetan familiek kuota bat ordaindu behar dute. Egun 15 ume ingururekin gaude lanean.
4.Non eskaintzen dituzue saioak?
0-3 urte arteko zerbitzua Altsasuko Txirinbulo haur eskolan eskaintzen dugu. Estimulazioa eta logopedia saioak eskaintzen ditugu. Haurra ez bada aurre eskolara joaten, goizetan egiten dira saioak eta bestela, aurre eskola bukatzen dutenean.
3-6 urteko saioa eskaintzeko Zelandi eskolan biltzen gara.
5.Zuengana jotzeko zein da jarraitu beharreko prozedura?
0-3koen kasuan, lehenengo Sarrigurenera joaten dira, bertan baitago zentro basea. Familiek, pediatrek edo eskolako ikasleek egiten dute eskaera aipatu zerbitzura joateko. Bertan balorazio bat egiten dute eta haurren beharren arabera gure zerbitzura bidali ahal dute. Kasu horretan, guk lehenengo kontaktua egiten dugu familiekin eta historiala osatzen dugu: datuak hartzen ditugu, familiak aipatzen digu zein behar eta interes dituzten… eta horren arabera hasten gara saioekin. Urtero helburu batzuk zehazten ditugu, eta hiru hilabetean behin profesionalak elkartzen gara helburu bakoitzarekin nola gauden ikusteko, jarraipena egiteko. Aipatzekoa da koordinazioa egiten dugula pediatrekin, irakasleekin, familiekin, medikuekin…
6. 6 urte gorakoendako ez al dago ezer?
ANFASen 7-21 urtera arteko zerbitzuak “habilidades adaptativas” du izena, baina Sakanan orain arte ez da atera. Hor gabiltza borrokan, ea hurrengo urterako zerbitzua hemen eskaintzea lortu ahal dugun. Orain galdezka ari gara, ea zein interes egon daitekeen zerbitzua eskaini ahal izateko.
7.Gutxieneko kopuru bat behar al da zerbitzua jartzeko?
Bai. Aurreko urtean haur baten eskaera egin zen eta ezezkoa eman ziguten. Nahiko genuke haur kopuru txiki batekin hasi, gero hazten joateko. Adin tarte honetan komunikazio abileziak, abilezi sozialak eta abilezia akademikoak lantzen dira. Autonomoak izatea sustatzeko bidean, kanpora joatea erosketak egitera, autobusa hartzea…
8.Geroz eta diru laguntza gutxiago dagoela entzuten da.
Nafarroako Gobernuarekin kontzertatuta dauden zerbitzuak finkatuta daude eta Barañaingo etxebizitzak %100ean ziurtatuta daude. Baina beste zerbitzuak ez. Bazkideen kuotekin eta enpresa pribatuek egiten dituzten donazioekin estaltzen dira. Familia bakoitzak senitartekoak hartzen dituen saioen araberako kuota pagatzen du. Bestalde, nahikoa baliabiderik ez dituzten familiei laguntza ematen zaie. Zerbitzua ezin badute ordaindu, minimoa ordaintzen dute eta beherapenak egiten zaizkie. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak bekak ematen dituzte, baina diru laguntzak behera doazenez…
Arturo: Guri Estatuko beka ezeztatu egin digute. Aurretik eman izan digute, baina aurten ez. Orain Nafarroako beka eskatu dugu eta ikusiko dugu.
9. Beraz, egoeraren aurrean beharrezkoak dira Etxarrin abenduaren 26an antolatu duzuen mus txapelketa bezalakoak, dirua ateratzeko.
Bai, batetik dirua ateratzeko, baina bestetik ANFAS-ek egiten duena gizarteratzeko. Jendeak jakiteko zer den ANFAS, zein lan egiten duen eta Sakanan zein zerbitzu ditugun.
10.Izena ematea zabalik dago?
Bai. Mus txapelketa abenduaren 26an izango da, Gabonetako oporretan, Etxarri Aranazko Lekuona tabernan. Izena ematea han bertan egin daiteke, aurretik, edo egunean bertan, 15:30ak arte. Izan ere, mus txapelketa 16:00etan hasiko da.
11.Hortaz, muslariak parte hartzera animatuko ditugu!
Bai, jendea animatu dadila, txapelketan parte hartzeaz gain, ANFAS-en egiten den lana ezagutu ahalko duelako.
Beste herritan ere egiten dira halako ekimenak. Lizarrako San Andres ferietan postu bat jarri zuten, Tuteran paella erraldoiak egin izan dituzte, Iruñean lasterketa solidarioak, Baztan-Bidasoan kontzertuak...