1.Orain dela 19 urteko toki berean elkartu gara zurekin, Altsasuko Gure Etxea-ko atarian. Zuk orduan urte bat zenuen, eta 20 urte dituzu gaur, Guaixek bezala. Guaixeko azalean agertu zinen orduan, urte batekin, Guaixeak urte bat bete zuela islatzeko. Guaixe hori gordetzen al duzu?
Bai, amak gorde zuen. Duela gutxi atera zuen eta erakutsi zidan.
2.Zer sentitu zenuen?
Banekien orduko Guaixeko azalean atera nintzela eta amak erakusterakoan hasieran lotsa pixka bat eman zidan. Ni asko aldatu naiz, baina Guaixe ere asko aldatu da, eta Guaixe hartan agertzen den jendea ere bai!
3. Zein da Guaixeari lotuta buruan duzun lehen oroitzapena?
Gogoratzen naiz txikiak ginenean, ikastolan, edozeinen urtebetetzea zenean argazkia bidaltzen genuela Guaixen agertzeko, eta Guaixe iristen zenean korrika joaten ginela begiratzera ea noren urtebetetzea zen. Eta baita Guaixean agertutako argazkiak moztea eta gordetzearena ere.
4.Etxean Guaixea jaso duzue betidanik?
Bai, beti.
5.Aipatu Guaixeri lotutako zerbait ona eta zerbait txarra.
Ba ona, Sakanan dugun astekari bat dela eta harro nagoela astekari honetaz, gure gauza bat delako. Eta horrek pozten nau. Eta txarra, ba behin Guaixen agertutako albiste txar bat, bi lagun galdu genituenean. Orduko Guaixe berezia izan zen.
6.Gaur egun irakurtzen duzu?
Bai. Irakurri oso osorik, ez. Duela gutxira arte, urtebetetzeko argazkiak ziren gehien gustatzen zitzaidana. Egun, astekari osoa ikusten dut eta interesatzen zaidana irakurtzen dut. Atentzioa deitzen didan horretan gelditzen naiz, ezagunak agertzen badira artikulua irakurtzen dut, edo zerbait berezia dagoenean, inauteriak edo Korrikako argazkiak, adibidez.
7.www.guaixe.eus gure web orria bisitatzen duzu?
Bai, sartu izan naiz.
8. Zure inguruan Guaixe irakurtzen da?
Bai, eta gure artean komentatzen dugu: Guaixen hau agertu da, ikusi al duzue? Eta halakoak. Tabernetan ere Guaixe hartu eta komentatzen dugu. Guaixe sakandarretatik oso gertu dago.
9.Duela 20 urte atera zinen Guaixen, baina beste aldiren batean atera al zara?
Amonak urtero jartzen zidan Guaixean zorion-agurra.
10. Zer sumatzen duzu faltan Guaixen?
Aparteko ezer, baina lehen lagunartean aipatzen egon gara ongi egongo zela euskarazko denbora pasak egotea Guaixen, tabernan eseri eta egiteko.
11.Orduko Guaixeko azaletik 20 urte pasa dira. Hemendik 20 urtera berriro elkartuko gara?
Niregatik bai!