Altsasuko festen data airean

Guaixe 2015ko urt. 15a, 19:31

Aurten irailaren 13a domeka da, eta festak astebururik gabe burutuko lirateke. Festak aurreratzea edo galdeketa egitea daude mahai gainean. Parte-hartze Batzordeak ilbeltzaren 22an proposamenak aztertuko ditu eta Udalak ilbeltzaren 28an hartuko du erabakia.

Altsasuko festak irailaren 13an hasten dira, Iraileko Gurutzearen bezperan, eta guztira 5 egun irauten dituzte. Aurten festak igandean hasi eta ostegunean bukatuko lirateke, hau da, astebururik gabe. 2009an festen inguruan egindako galdeketan festak beti irailaren 13an hastearen alde egin zuten altsasuarrek, baina data konplikatu hauek tokatzen direnean iritzi desberdinak sortzen dira beti.

Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak (Bildu) nabarmendu nahi izan du Altsasuko festak Parte-hartze batzordean egituratu, erabaki eta aurrera ateratzen direla. “Aurtengo festen dataren gaia bertan aztertu zen, soilik aurtengorako litzatekeen proposamena egin zuten: jaien data aldatzea eta festak ostegunean, irailaren 10ean hasi eta irailaren 14an, astelehenarekin bukatzea. Guk proposamena gure egin genuen eta 2014ko azken osoko bilkurara eraman genuen”. Betiko egutegia mantentzeak unibertsitate ikasleak eta langile asko festetan ezinen zutela parte hartu argudiatu dute batzorde-kideek.

Beste proposamen bat
Abenduko osoko bilkuran gaia aztergai izan zuten udal taldeek. Batzordeko proposamenaz aparte, NaBai 2011k festen aurretik altsasuarrak aldaketaren arrazoiez informatzea eta herri galdeketa egitea proposatu zuen. Koalizioko eledun Unai Hualdek “egoki” jotzen ditu batzordearen argudioak. “Baina udal bilkurak aurretik hartutako akordio lotesleak ditu”. Hualdek gogora ekarri zuen, bost urtero antzeko egoera izaten da eta argudio berengatik 2009ko lastailaren 4an herri galdeketa egin zuen udalak. 1.776 parte-hartzaileetatik 1.436k ez aldatzearen alde bozkatu zuten eta 332k baietz.   

Urrestarazuk adierazi digunez, “gu ez gara inor Parte-hartze batzordearen gainetik erabakirik hartzeko eta ez genuen erabakirik hartu, eta NaBai 2011k bere proposamena Parte-hartze Batzordera eraman zezala proposatu genuen, batzordean eztabaidatu eta erabaki daitezen festen inguruan dauden proposamenak”.

Erabakia ilbeltzaren 28an
Festen dataren inguruko erabakia lehenbailehen hartu nahi du Altsasuko Udalak, erabakiak altsasuar guztien egutegian eragina duelako. Urrestarazuk aipatu duenez, ilbeltzaren 22rako, ostegunerako, dago deitua Parte-hartze batzordea eta proposamen guztiak aztertu eta eztabaidatuko dituzte. “Bertan erabakiko da zein proposamen egiten zaion herriari eta osoko bilkurari, eta ilbeltzaren azkeneko asteazkeneko ohiko udal osoko bilkuran proposamen hori bozkatuko dugu. Bertan hartuko da aurtengo festen inguruko erabakia” azaldu du alkateak.

Ziordian eragina
Jakinik Altsasun festak aurreratzeko aukera dagoela, Ziordiko eta Altsasuko festak elkarri ez zapatzeko, Ziordiko Udalak aurtengo festak aurreratzea erabaki du. Irailaren 5ean hasiko dira, larunbatarekin, eta 8an despedituko dira, asteartean. Azken egun hori Koruko Ama Birjina patroiaren eguna da. Udalak finantzazioa jartzen badu ere Errekakartea elkarteko batzorde bat arduratzen da urtero festak antolatzeaz.