Sakanako alkateek gaur egindako agerraldiaren bidez Nafarroako Gobernuari eskaera zuzena egin diote: “gure ibarrean adostutako ekintzak aurrera eramateko beharrezko diren baldintza eta baliabide ekonomikoen inguruko gaiak adosteko Nafarroako Gobernuari Sakanak horretarako izendatu dituen ordezkariekin bildu dadila eskatzen diogu”. Ordezkaritza hori Aitor Karasatorrek, Sakanako Mankomunitateko presidentea, Ruben Goñi, Arakilgo alkatea, eta Garazi Urrestarazu, Altsasuko alkatea.
Alkateek gogora ekarri dute Sakanak bizi duen egoeraren larriak, “gure herri eta eskualdearekiko konpromisoak, legez ez dagozkigun eskumenak, horien artean Garapen ekonomikoaren sustapena , gure gain hartu eta lantzea ekarri digu”. Lanketa horretatik sortu zen Sakanako Plan Estrategikoa. Alkateen iritziz hura garatzeko “ezinbestekoa da Nafarroako Gobernuaren partehartze aktiboa”. Eta gogorarazi dute haren eskumena dela “ekonomia garapenerako aurrera eramateko baliabide eta baldintzak erraztea”. Horregatik, “Nafarroako Gobernua elkarlan dinamika honetan sartzea ezinbestekoa da”.
Aitortzaren ondoren
Sakanako eragileek azken lau urteetan egindako ibilbideari Nafarroako Parlamentuak hilaren 13an aho batez egindako aitortza eta babesa “oso positibotzat” jo dute alkateek. “Plan Estrategikoa, orain artekoan bezala, adostasun eta elkarlanari loturik, bide onetik goazenaren beste adierazle bat da”.
Aldi berean, gogora ekarri dute Parlamentuan onartutako mozioan Nafarroako Gobernuari “sakandarrok onartutako plangintza aurrera eramateko beharrezko baliabideak jartzea eta plangintzaren gauzatzean parte aktibo izatea” eskatzen zaiola.
Karasatorrek azaldu duenez, garilean bilera eskaera egin zioten Lourdes Goikoetxea kontseilariari. Irailerako biltzeko eskaera zen. Parlamentuak mozioa onartu eta biharamunean deitu zuen berriro eta hitzordua lotzeko, atzera ere, astelehenean hots egiteko asmoa du Mank-eko buruak.