Benar Intxaurrondo, Josefina Arregi klinikako gizarte langileak, ostiralean utzi zuen azken 20 urteetan bere lantokia izan dena. Klinikaren argazkia egiteko eskatuta burura etorri zaiona irribarre bat da. “Asko ibili da. Oso profesional onak pasa dira eta orain ere oso onak daude. Ilusio handiarekin aurrera eginen dute”.
Klinika bera eraikitzen ikusi zuen Intxaurrondok. 1994ko udan, Felipe Lezearekin batera, obretan izan zen, arkitektoarekin batera guztia begiratzen. “Errietan egoten ginen. Harendako praktikoa zena klinikarako ez zen egokia”. Iruñean elkar ezagutu zuten. Lezearen emazte Josefina Arregiren egoera zela eta hura Iruñeko eguneko zentro batera eramaten zuen. “Batzuetan senarra ezagutzen zuen, besteetan ez”. Lezeak Arregi goizero Iruñera eraman eta arratsaldeetan ekarri egiten zuen. “Hango profesional eta teknikoekin hizketan Altsasun halako zerbait egin nahi zuela esan zuen. Bere emaztea nola zegoen ikusita, eskualdeko gaixoendako zerbait egin nahi zuen”.
Zentro hartako profesionalekin (Madoz, Martin, Lourdes, Nadal…) hasi zen ideia mamitzen. Bere lurrak eman zituen klinika jasotzeko. Argibide zentroko profesionalak etorri ziren zentroa martxan jartzera. “Nik haiekin harremana nuen eta hala etorri nintzen”. Baita Ines Frances medikua eta Angel Albeniz neuropsikologoa ere. Fisioterapeutak, erizainak… etorri ziren gero.
Hasiera
Klinikaren egitasmoa ezagutzera ematea izan zen lan taldearen lehen egitekoa. “Familiekin egotea zen. Zituzten kezka eta inpresioak jaso. Zerbitzu berria zen eta zer egiten zen ez zen ezagutzen. Aiton-amonendako ona zen zerbait zela saltzen egon ginen”.
Inolako zerbitzurik ez zegoenean Sakanan egoera “gogorrak” zeudela gogora ekarri du Intxaurrondok: “Askotan ezkutuan etortzen ziren. Gaixotasunei buruz ez zegoen ezagutza handirik. Adinarekin lotutako gaixotasuna zela eta <falta de riego> deitzen zela. Ez gehiago”.
Intxaurrondok azaldu digunez, “hori ez da horrela. Adineko jende asko oso sano daude. Gaixo daudenak ongi diagnositikatu behar dira. Dementzia bat bada, zein dementzia den jakin behar da. Orduan ez zen jakiten. Jendea janzten joan da”. Eguneko zentrora etortzen zirenak ikusi zuten ona zela, “gaixoak aktibo daude eta haiek zeuden lekura bideratutako terapiak direla ohartu zen jendea. Errendimendu kognitibo, fisiko eta soziala”.
1994ko azaroan 20 plazako eguneko zentroarekin hasi ziren (gerora 25era zabaldu zen). “Paziente gutxirekin, baina autobusa eta guzti”. Kanpo kontsultak ere orduan jarri ziren martxan. Aurretik Sakanako mediku kontsultategi guztiak bisitatu zituzten eta hitzaldiak eman zituzten klinikaren egitasmoa aurkezteko. “Feliperen laguntzarekin, gurekin etortzen baitzen”.
Zaintzaileak zaindu beharraz
Gaixotasunaren ezaugarriak eta haiek nola erantzun behar zuten azaltzen genien. Hasieratik lan hori egin du Intxaurrondok familiekin. “Gaixoek ezinegona bizi dute, non dauden, eurak zein diren ere ahaztu egiten zaie. Familiari ere ezinegona sortzen dio horrek. Egoera horietan familiari gaixotasunaren aurrean nola aritu, jarraibideak eman behar zaizkie”.
Familiekin egindako lan hori “gustukoa” izan du Intxaurrondok: “jendeak ongi hartzen zuen. Hitz egiten zuen, kezka atera. Beste familiekin haien egoera partekatzea ona da”. Hilean behin elkartzen ziren familia taldeak eman ditu ere Intxaurrondok: “espazio bat, kezkak, beldurrak eta beste konpartitzeko”. Etxean gaixoak zaintzen dituztenek gainean duten pisu eta kezka handia nabarmendu ditu: “hori denbora luzez eramanez gero estresantea da eta estresak depresiora eramaten zaitu”. Gaixoa eta familia hobe egoteko lan egiten dute Josefina Arregi klinikan. Oharra egin digu gizarte langileak: “luzea da gaixotasun hau. Zaintzailea ere gaixotu daiteke eta hura ere zaindu beharra dago. Zaintzaileak berarendako espazioak ere bilatu behar ditu, gero gaixoa hobe zaintzeko”.
“Teknikoki eta materialki ez dugu asko aurreratu, gabeziak daude. Baina klinikak funtzionatzen badu, ospitaletik bereizten duena, ematen duen tratua da. Arlo horretan laguntzaileek eta erizainek, hor, benetan, lan handia egiten dute. Bakoitzari arreta pertsonalizatua ematen diete, egoeraren arabera behar dutena ematen diote”. Fisioterapiarekin eta okupazio-terapiarekin gauza bera gertatzen dela nabarmendu du Intxaurrondok. “Maitasun handiarekin tratatzen dituzte. Beldurrik gabeko kontaktua da”. Eguneko zentroan ama izan zuen gizon baten esanak gogora ekarri ditu: “tratu on hau patentatu egin nahi dut”.
Egungo egoera
Eguneko zentroak 25 plaza ditu. Duela bi urte familiendako diru-laguntzak murriztu ziren eta egonaldiak ere txikitu ziren. Pixkanaka berriro betetzen joan da. “Baina Sakanan egoera ez da ona. Zentrora ekartzea azken batean dirua da” dio gizarte langileak. Orain plaza libre batzuk daude.
Eguneko zentroan fisioterapia, okupazio terapiak eta beste jasotzen dute gaixoek. “Etortzen dena engantxatzen da. Sozializatzen da. Emakumeak dotore jartzen dira. Gizonen artean ere sozializatzen dira”. Bestalde, fisioterapeutak gaixoarekin “duen gaitasuna ateratzeko” lortzen duen konexioa ere aipatu du Intxaurrondok.
Ospitalea. 1995ean, “administrazioarekin borroka askoren ondoren” klinikak 13 oheko ospitalea zabaldu zuen, 2004an 21 ohera pasa zena. Gizarte langilearen arabera, “asko diagnostikatu gabe edo faltarekin etortzen dira. Bakoitzari behar duena eman behar zaio. Medikazioa doitzea batzutan kostatzen da. Bai terapiarekin, fisioterapiarekin eta ematen den tratuarekin, nolabait haien ezinegon hori pixkanaka kontrolatzen hasten da, hobera eginez”. Tratamenduetan asko aurreratu dela adierazi du gizarte langileak. “Hala ere, esan behar da den-denak ez ditugula sendatzen”.
Eta kexu da: “kontzertuak oso eskasak dira. Lehen Osasunbideako buru-adimen sailaren menpeko ginen. Nonbait aspertu egin ziren eta hitzarmena sei ohera murriztu nahi izan zuen bota zigun hordagoan. Gizarteak emandako babesak asko lagundu zigun. Negoziazioak izan ziren. Aurrera atera ginen ohe guztiak kontzertatuta”.
Duela lauzpabost urtetik osasun etxeko medikuek eta neurologia, geriatria eta barne osasuneko espezialistek gaixoak klinikara bideratu ditzake. Kontzertua eskasa dela eta gabeziak estaltzen Klinikaren Lagunen Elkarteak egiten duen lana nabarmendu du Intxaurrondok.
Klinikak hasiera-hasieratik prestakuntza eta ikerketa izan ditu. Hala, geriatria eta psikiatria ikasketak egin dituzten estatu osoko ikasle askok euren formazioa (MIR) Josefina Arregi klinikan osatzen dute. Osasunbidean halako hitzarmenik ez dago. Joan den urtean familia medikuak MIRa egitea ere lortu da. Ikerketari dagokionez, gaixoen garunak donatzeko eskaerak egiten dute klinikan. “Orain ezaguna da, baina hasieran kostatu egiten zen eskatzea”.
Kanpo kontsultak. “Felipe zegoela ez zen ezer kobratzen. Orain bai. Denendako irekia dago eta sakandarrei gutxiago kobratzen zaie”. Ospitalean bezala, kanpo kontsultetan edozein buru-gaixotasun tratatzen dute. Kanpo kontsultetan gaixoak ospitalean egonaldia behar duen edo ez ere baloratzen da. “Edo ingresatu gabe konpentsatu”. Interesa dutenek klinikara hots egin eta hitzordua eskatzea besterik ez.