Aurreko ostegunean mustu zuen margolari altsasuarrak bere erakusketa, lagun “talde majo bat” ondoan zuela. Erakusketa jarri aurretik taberna bisitatu zuen margolariak eta neurri batean erakusketan eragin zuela esan digu. “Porlana, autoak, eraikuntzak… San Francisco erdian natura falta zegoela iruditzen zitzaidan. Natura hiri erdira eraman nahi izan dut”. Sortzaileak aitortu duenez, “natura da nire betiko gaia, inspirazio iturria, horretara eramaten nau”.
Hala Loreak izenburua eman dio erakusketari. Hura sortzeko lan ildoa “loreak eta armiarmen lan egiteko modua izan da”. Tamaina ertaineko sei obrek osatzen dute erakusketa. Teknika mistoarekin ondutako lanak dira. Haria, artilea, CD-ak, akrilikoa, tinta eta burdina erabili ditu haiek egiteko. Batzuk pintura eta eskultura arteko bidegurutzean kokatu ditu Manolita Thundersek.
Lastailean erakutsi zuen bat izan ezik gainontzekoak erakusketarako propio sortutako lanak dira. "Duela bi urte CDekin lan bat egin nuen eta hor nituen batzuk erdi eginak eta haiekin lanean segitzea otu zitzaidan. Loreak, armiarmen lanak agertzen hasi ziren. Lan koloretsuak".