Ikasleendako kanpo azterketen kontrako protestak

Guaixe 2015ko mai. 5a, 13:27

Guraso eta irakasleek LOMCE dela eta Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek pasa behar dituzten kanpo azterketen kontrako protestak egiten hasi ziren eta osteguneraino ariko dira. Guraso batzuek ez dituzte seme-alabak klasera eraman.

LOMCE Legetik eratorritako kanpo azterketak “alferrikakoak” direla uste dute familia askok, “ez dutelako ez ikaskuntza maila ezta hezkuntza kalitatea neurtzeko balio. Ebaluaketa jarraiaren prozesuarekin hausten dutela uste dugu”. Familiek beldur dira hezkuntza estrategiak eta metodologiak aldatuko ote diren azterketa horiek gainditzeko. Beldur gehiago badute: “probaren emaitzak ikasle eta ikastetxeetan bereizkeria ekarriko ote duen”.

Lehen Hezkuntzako ikasleei egiten ari zaizkien probak ez dute inolako balio akademikori, baina “presioa eragiten” diela salatu dute familiek. Presio hori DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako ikasleen kasuan presioa nolakoa izanen den galdetu dute. Hezkuntza Departamentuaren “inposaketa” salatu dute, proba derrigorrezko bihurtzeagatik, emaitzak espedientean sartzeagatik eta anonimotasunerako eskaerei ezetza emateagatik.

Bestelako hezkuntza ereduaren alde
Halaxe agertu dira familia eta irakasle asko. LOMCEk sistema “zaharkitu” bat dakarrela eta ikuspegi pedagogikotik premiazko aldaketak eskatu dituzte, besteak beste: ikasleriaren beharrak errespetatu, ikasteko eta garatzeko erritmo ezberdinak aintzat hartu eta hezkuntza komunitatearen ahotsa entzun.

Protestak
Lakuntzako eskolan, 12:50etik 13:00etara.
Etxarriko Andra Mari ikastolan, 8:40etik 9:00etara langileak eta 16:20etik 16:30era gurasoak.
Altsasuko Zelandi eskola, 16:30etik 16:40ra.