Parte hartzeren bidez Mendialdeko Tokiko Garapen Estrategia zehazten

Guaixe 2015ko eka. 16a, 08:08
Sakanako Plan Estrategikoaren aurkezpenetako bat.

Ostegunean, 18:00etan, Arbizuko Utzuganen izanen den bilerara industria, enpresei zerbitzuak, enplegua, ekintzailetasuna eta prestakuntzako sektoreetako kideak daude gonbidatuta.

Europak Landa Garapenerako Proiektuak sustatzen eta diruz hornitzen ditu. Nafarroak bere Landa Garapenerako Proiektua egin beharra du, eta hori eskualdeka garatzen ari da. Cederna Garalur elkartea Nafarroako Mendialdearen Garapen Lokaleko Estrategia Parte-Hartzailea 2014-2020 era parte-hartzailean lantzen ari da. Estrategia horren zati bihurtu da Sakanako Plan Estrategikoa. Nafarroako Mendialdeko estrategia zehazteko martxoaren 23an aurreneko bilera egin zen Sakanan. Orduan jarduera ildo nagusiak zehaztu ziren. Garalurrek txosten batean lurraldearen AMIA diagnosia eta erronken definizioa jaso ditu.

Ostegunean industria, enpresei zerbitzuak, enplegua, ekintzailetasuna eta prestakuntzako sektoreetako kideak elkartuko dira. Haien egitekoa izanen da: orain arte identifikatutako ildoen eztabaida eta lehentasunak markatzea batetik, eta sektore gisa estrategikoak diren ildo edo proiektu estrategikoak identifikatuko dituzte bukaeran.

Gonbitea
Cederna-Garalurreko presidente Jose Mari Aierdik adierazi duenez, Mendialdeko Garapen Lokaleko Estrategiarako sektoreko eragileen ekarpena “oso garrantzitsua” iruditzen zaien eta, horregatik, parte hartzera deitu du. Bilera bera parte-hartzailea izanen dela aurreratu du. Aierdik adierazi duenez, “ahalik eta ideia eta lurraldeko proiektu gehien jaso nahi ditugu Estrategia berri honetan ager daitezen, 2014-2020 urteetan aurrera egiten laguntzeko eta Nafarroako Mendia lurralde lehiakorragoa, berritzaileagoa, ekonomikoki eta ingurumenerako iraunkorragoa eta berdintasun printzipioekin adeitsuagoa izatea lortzeko”.