Elizak ondasunak bere izenean erregistratzea

Elizaren inmatrikulazioak Europara

Guaixe 2015ko uzt. 14a, 13:03

Lizarragako eliza.

Estatuko bost hiritar kolektibok Eliza Katolikoak bere izenean jarritako ondasunen gaia Europako Parlamentura eramanen dute gaur. Haien artean dago Sakanako udal ugari kide dituen Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataforma. Parlamentuko taldeekin bilduko dira eta jabetza publiko ugari Elizak bere izenean jarri dituela azalduko diete. Estatuko historia-ondare guztiari eragiten dion gaia dela azalduko diete eta Elizak bere izenean jarritako jabetzen kopuruaren berri emanen diete.

Kolektiboen asmoa da Europako Parlamentuan inmatrikulazioei buruzko galdera sustatzea. Horretarako ahalik eta babes gehien lortzen saiatuko dira gaur. Eta, ahal bada, bestelako ekimen politikoak sustatu nahi dituzte. Hori euro-taldeekin biltzean aztertuko dute.

Erreforma
Hipoteka Legearen 206 artikuluak ahalbidetzen zion Eliza Katolikoari ondasunak bere izenean jartzea. Frankismoko legeak Eliza eta Estatua parean jartzen zituen, lehengoei fede-emaile publikoaren maila emanez. Konstituzioaren kontrako pribilegioa eskaintzen zion Elizari artikulu horrek eta kolektiboen ekinbidez aurten legea moldatu egin da. Dagoeneko, Elizak ezin du jabetza publikorik bere izenean jarri. Baina legeak ez du atzerako eraginik eta orain arte bere izenean jarritako jabetzak Elizaren esku segituko dute. Kolektiboak saiatu ziren aipatu legearen kontrako inkostituzionalitate helegitea aurkezten, baina ez Nafarroan, ez Adnaluzian ezta Espainiako Kongresuan ere ez zuten nahikoa babes lortu.

66 ondasun
Horiek dira Artzapezpikutzak bere izenean jarri dituen Sakanako ondasunak. Iruñeko 8. zenbakiko jabego-erregistroan daude bilduak.