Irurtzun eta Arakilgo udalek, Sakanako Garapen Agentziak, bertako arrazen sustapenerako elkarteak, Arbaso Euskal Herriko artisauen elkarteak, Belardi Sakanako ekoizleen ekimena eta EHNE-Bizilur ekimena dira III. azokaren antolatzaileak. Arakil bailararen hiriburuan ospatuko da III. Azoka Irailaren 13an.
Irurtzun, Arakil bailararen eta inguruko herrien gune komertzial nagusia izan aspalditik. Bere abere azokak, gertuko eta urritiko abeltzain eta komertzianteak erakarri izan ditu urte luzeetan zehar. Lehenik, hilean behin izaten zen azoka, gero hamabostean behin (1792-1921) geroago hamarrean behin (1921-1945) eta azkenik astean behin, asteartero, orain dela 40 urte erabat galdu zen arte.
Ardiak, txahalak, zerriak, zaldi-behorrak eta gainontzeko abereak, garaiko nekazal produktuak eta artisau-ogibideak, Irurtzungo kaleetan protagonistak izanen dira berriz, datorren igandean, irailak 13. Ekimen honekin Irurtzun eta Arakilgo herriek, salmenta zuzenean eta ekoizleen partehartzean oinarrituriko ereduan pausoak ematen jarraitu nahi dute.
Hirugarren edizio honetan, aurrekoetan landutako eredua egonkortu eta indartzen da, orain arteko hiru espazioak mantenduz: Bertako abere arrazen azoka, nekazal merkatu gardena eta artisau azoka.
Bertako abere arrazen gunean, arraza hauen sustapanerako elkarteek antolaturik, hainbat eta hainbat arraza izango ditugu ikusgai. Aurtengoan, Eoalak elkartearen eskutik, Euskal Arrazako oilo eta antzaren erakusketa izango dugu berrikuntza moduan.
Urtetik urtera, azoka bere herri izaera handitzen doa, herritarren partehartzea handituz egunean zehar antolatzen diren ekitaldi ezberdinetan. Ekintza hauetako bat, laborantza lanabes tradizionalen erakusketa izango da, bertan gure ondare kulturalaren parte diren lanabesak ikusteko aukera izango dugu..
Aurten berrikuntza bezala, gazteenek, gure tradizioei loturiko joku eta jolasak ezagutzeko aukera ere izango dute, horretarako espreski prestaturiko gunean.
Festa eguna ongi amaitzeko, herri bazkaria ere izango dugu aurtengoan, horretarako egun guztian zehar burduntzian erreko den Euskal Txerria izango dugu dastagai.
Igande honetakoa, bertako arrazen, ekoizle elaboratzaileen kalitatezko elikagaien eta artisauen lanare gorazarrea izango da nagusi Irurtzun Arakilen. Festa egun honetara denok gonbidatuak zaudete.
Herri bazkaria
Igandean, 15:00etan herri bazkaria izanen da. Txartela 15 eurotan eskuratu daitezke, ostiralera arte Arakilgo eta Irurtzungo udaletxeetan. Azoka egunean turismo informaziorako karpan ere.
Menua
Salda
Piperrada
Euskal txerria burruntzi erara
Postrea
Kafea
Kopa