Oneka Marrazoa ikuskizunaren grabaketa

Guaixe 2015ko ira. 21a, 19:14

Oneka Marrazoa ikuskizunaren DVD grabaketa lastailaren 3an eginen da, Barañaingo Auditorioan. Lortzen den diruaren zati bat Larraun eta Araitz-Beteluko Mailope aldizkaria laguntzeko izanen da.

Lastailaren 15ean “Oneka Marrazoa” ikuskizunarekin Iruñeko Gayarre Antzokia bete zutela urtebete. Argitaratu berri genuen hirugarren laneko kantuetan -batik bat- oinarritutako ikuskizuna, 21 abestiez eta 21 bideoklipez osatutako diska, Oneka, hain zuzen. Kulturarekin, kirol zein euskal gizartearekin loturiko jende ezagunak abestua, eta ezin ahaztu, noski, bertan parte hartu zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetako 12 ikastetxetako 500 ikasleak.

Maila horretara iristeko Ene Kantak proiektuko kideekin egon dira mementu oro Euskalerria Irratiko lagunak: esan beharra da haiek ere kantuetako bat abestu eta dantzatu zutela eta Ene Kantaken mamia eta zerizana erraz ulertu eta transmititzen jakin zutela. Beraiei esker halako agertokira joaten ausartu ziren eta beraiei esker eta gure proiektua urte osoan zehar babestu duen jende horri guziari esker ere beste pauso bat emateko saltoa egingo dute: DVD berri bat karrikaratzeko ikuskizuna bera grabatu.

Oraingoan Barañaingo Auditorioan izango da, Eneko eta Nereren abenturak bizitzeko agertoki aproposa, eta zergatik ez, Oneka marrazoaren beste hainbat lagun gonbidatzeko ere.


NOR LAGUNDUKO DUTE DVD HONEKIN?
DVD berri horrekin lortutako diruaren parte bat Mailope herri aldizkaria laguntzeko izango da.Mailope Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko herri aldizkaria da. 1990. urtean argitaratu zenez lehenengoz, aurten 25 urte beteko ditu. Berez ingurune euskalduna den arren, aldizkaria bera jaio zenean, euskararen normalizaziora heltzeko urrats franko eman beharra zegoela ikusi zuten bertako hainbat euskalzaleek. Gau-eskolako ikasleen ariketa gisara sortu zen aldizkaria. Lau orrialdeko ale bat atera zuten lehenengoz, eta herritarren artean zer nolako arrakasta izan zuen ikusita, azkenean, hilabetekari bihurtu zen.

Hilabetekaria argitaratzeaz gain, hainbat kultur ekitaldi ere antolatzen ditu elkarteak, beti ere euskara eta euskalzaletasuna ardatz hartuta. Bidean, zailtasun ugari izan da. Nafarroako Gobernuak azken urteetan diru laguntza ukatu, eta bazkideen eta publizitatearen bidez lortutako diruari esker egin ahal izan du aurrera proiektuak. Dvd berri honekin jasotako dirua onuragarria izango da oso Mailoperentzat, bidea erraztuz eta ilusio handia banatuz.

DVD berria abenduaren 9an argitaratuko dute, hala ere, urriaren 3an Barañaingo Auditorioan bertan erreserbatu ahal izango da eta etxera bidaliko diete azaroaren azken astean. Prezio berezia erreserbatzeko Barañainen: 10€ (bidaltze gastuak barne). Abenduaren 1a arte webguneko prezioa 12 eurokoa izango da (+ bidaltze gastuak). Abenduaren 9tik aurrera ohiko tokietan salgai egongo da.


SINOPSIA
Lur planeta sufritzen ari da, euririk ez du egiten azkenaldian, ur eskasia dago, auto kopurua ikaragarria da... Eneko eta Nere kezkatuta daude, ezin baitute gehien gustatzen zaien jolasean aritu: putzuetan saltatzea.

Liburu majikoa hartuta uraren bila joango dira: baina... lortuko al dute? Oneka marrazoak lagunduko al die? Etxera bueltatu ahal izango dira? Izan ere... “marrazo handi honek sortarazten du beldurra”...
Etor zaitez, eta bizi itzazu Eneko eta Nereren istorioak!

Erlazionatuak