1. Sakanako kultura eta natura ondarea hezkuntzan txertatzeko beharra nolaz sortu zen?
Bide askoren bidegurutzea da hau. Sakanako bederatzi eskolek, Sortzenekin batera, ibarreko curriculuma lantzen asteko egitasmoa genuen. Gure ezagutza zabaltzeko behar bat sumatzen genuen. Bestetik, Sakanako Plan Estrategikoaren ildoak kontuan hartuta, Sakanako garapen agente Iker Manterola etorri zen Albaolakoak ate joka zeudela esanez.
2. Zein hausnarketa egin zenuten?
Albaolakoa ongi dago, garrantzitsua da. Baina guk gureari balioa eman behar diogu. Eta, horretarako, ezagutza garrantzitsua da. Eta irakasleen prestakuntzarako ikastaroak antolatzeko aukera zegoenez…
3. Irakasleendako ikastaroa?
Bai. Maila guztietako irakasleendako izan da aurreneko hau. Beste zenbait profesional ere gonbidatu ditugu. Nahi dugulako eskolei ere gai hauei guztiei lotutako aukerak zabaltzea. Esaterako: zaldiz ibilaldiak, haurrekin basoan jarduerak egiteko aukerak…
4. Nolako ikastaroa izan zen?
Nik garbi nuen ikastaro ezberdina izan behar zuela. Horregatik, mendi irteeretan oinarritutako metodologia aukeratu genuen. Irakasleok, gela barruan, power point batekin pertsona bat hizketan eta gu entzuten egoteaz aspertuta gaude.
5. Zein eskolatako irakasleek parte hartu zuten?
Ikastetxe guztietako norbait egotea lortu da: eskoletakoak, ikastoletakoak, institutuetakoak parte hartu dute. Irurtzungoek interesa azaldu zuten baina oraingoan kanpoan gelditu zaizkigu.
6. Ikastaroa noiz hasi zen?
Irailaren 16an hasi genuen eta lastailaren 14an despeditu genuen. Hiru orduko bost prestakuntza saio izan dira.
7. Zein gai landu dira?
Sakanako geologia, arkeologia, Erdi Aroko despopulatuak, Done Jakue bidea, komunalen kudeaketa, Bernoako galtzada, erromatar galtzada, erromatarren garaia, megalitoak, baso kudeaketa… Ikastaroaren altxorra izan da, gaiaz benetan maiteminduta dagoen jendea aritu da guri haien inguruan erakusten.
8. Beraz, errepikatzeko modukoa?
Bai. Esker on asko jaso dugu. Hemen ere hobetzeko gauzak daude. Aurtengo aurrekontua itxia da baina udaberrian baliteke beste zerbait antolatzea. Onartuak izan ez diren horiek guztiak ate joka dauzkat. Ikusiko da zein motatakoa eta nola; gai bati helduta edo orokor xamarra.
9. Nola egiten da kultura eta natura ondarearen berri eskolara eramateko?
Bide asko elkartu dira eta oraindik ere asmo asko daude. Hemengo gai horiek guztiak eskoletara nola eraman unibertsitatearekin landu nahi dugu ere. Horren guztiaren emaitza litzateke Interneten plataforma aberats bat sortzea non edozein irakaslek edo pertsonak Sakanari buruzko zukua atera dezakeen. Horretan gaude. Interesgarria litzateke horren inguruan irakasleen lantalde bat sortzea. Ez dadila aurten egindako zerbait eta gero zintzilik gelditzen dena.
10. Dagoeneko irakasleren bat hasiko zen jasotakoa transmititzen, ez?
Seguru baietz. Aurretik ere jendea horretan ari da. Badakigu. Baina batzuk “hau halako gaiarekin lotuko dut” esan zuten. Edo irteerak egiterakoan jendeak ez daki oso ondo nora joan edo zer egin eta hemen ideia asko sortu dira.
11. Zergatik dago bertako ondarea ezagutu beharra?
Ezagutzeak maitatzea dakarrelako. Eta gure eskualdea maite badugu saiatuko garelako bertan gure ekonomia suspertzen eta etorkizun on bat garatzen. Guk irakasle gisa horretan ardura bat dugula uste dugu. Gurea estimatzen ez badugu, gainerakoa ere zaila izanen da, ezta?