Sakanako Plan Estrategikoan zehar hainbat arlotan Sakanan duguna hobeto ezagutzeko beharra agerian geratu zen. Hezkuntzari loturiko hausnarketetan, Sakanako haur eta gazteek gure kultur eta natura ondare ezagutzak hobetzeko beharra agerian geratu zen. Sakanako herri eskola txikietako eta ibarreko irakasleriaren prestakuntza arduradun Lierni Galarraga Lekuonak azaldu digunez “eskoletatik behar eta gogo hori zegoen. Sakanako bederatzi eskolek, Sortzenekin batera, ibarreko curriculuma lantzen hasteko egitasmoa genuen”. Bide askoren bidegurutzea.
Gaiari heltzeko irakasleendako prestakuntzarako ikastaroak aukera egoki jo zituen eta hura zehazteko Galarragak zenbait gairen inguruan oso aditua den jendea elkartu zuen: Mikel Markotegi (Ezpileta , historia eta arkeologia elkarteko lehendakaria), Maria Flores (irakaslea), Ainara Martin (Lehen Hezkuntzako irakaslea), Nekane Zubizarreta (ikastola) eta Iker Manterola (Sakanako Garapen Agentea). Galarragak Ezpileta elkarteak emandako laguntza eta “elkarlanerako erabateko borondatea” nabarmendu ditu.
Maila guztietako irakasleendako (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza) ikastaroa prestatu zuten, eta beste arlotako profesionalak gonbidatu zituzten. Mendi irteeretan oinarritu zuten ikastaroa: “nik irakasleen aldetik lekuetara joan eta ikusteko, ikutzeko, aztertzeko eta eztabaidatzeko behar bat ikusten nuen. Beste modu baten beharra”. Eta arrakasta izan zuen: 30 plaza zeuden eta 70 irakasletik gora eman zuten izena. “Eta beste jende asko ez zuen izenik eman lekurik ez zegoela ikusten zutelako”. Udaberriko beste ikastaroa prestatzeko oraingo parte-hartzaileen balorazioaren eta iritzien zain dago Galarraga. “Halakoak berriro etorriko direla uste dut, bai”.
Bost saioak
Irakasleak bost asteazkenetan elkartu dira, 15:30etik 18:30era. Guztira 15 orduko prestakuntza jaso dute. Urbasako kanpinean izan zen aurreneko prestakuntza saioa, lehen gizakiari lotua, irailaren 16an. Benjamin Botanz Sakanako geologiaz aritu zitzaien. “Interesgarria zen beti Sakanaz ari ginelako; bai ateratzen zituen fosilak bai aipatzen zituen lekuak… bitxikeria guztiak Sakanarekin lotutakoak ziren. Hori zen guretako berritasuna”. Bestalde, Jesus Garcia Gazolazek (Vianako Printzea elkarteko arkeologia arduraduna) suharriekin, hantxe bertan, historiaurreko tresna bat egin zien. Suharriak non aurkitu daitezkeen erakutsi zien Markotegik. Josefa Insaustiren bilduma interesgarria ezagutzeko aukera izan zuten ere.
Astebete geroago Markotegirekin Uharte Arakilen elkartu ziren. Sakanako despopulatua, Done Jakue bidea, komunalen kudeaketa eta Bernoako galtzada izan zituen hizketa-gai. “Oso saio aberatsa eta interesgarria izan zen. Jendearendako oso berria izan zen. Agiriko despopulatua ere sorpresa galanta izan zen” azaldu digu Galarragak.
Irailaren 30ean Uhartetik Aralarrera igo ziren. Jon Zufiaurrek (natura eta basoaren interpretazio teknikaria) Sakanako basoaren interpretazioa egin zuen. “Andia eta Aralar aldeko basoak zein ezberdinak diren bereizten zituen; daukagun basoa gizakiak eskua sartu eta landu delako dugula azaldu zuen, gaur egun basoa ukitu behar ez den ideia baitugu eta irakasleak konturatzeko hori ez dela horrela eta gure arbasoek lan handia egin zutela”. Burundako ordenantzen liburua aipatu zen (azken saioan irakasleei banatu zitzaien). Josean Mujikak (EHUko historia irakaslea eta arkeologoa), berriz, bertako trikuharriez, ibarreko arkeologiaz eta Burdin eta Brontze Aroez hitz egin zien.
Zamartze bera izan zen topalekua lastailaren 7an. Oihan Mendok (Zamartzeko arkeologoa eta Garesko alkatea) Bordele eta Astorga arteko galtzadaz, erromatar eta baskoien arteko harremanaz eta baskoiek erromatar garaian… horiez aritu zen. “Irakasleria bertan gogoz eta interes handiz agertu zen bertan”.
Aurreko astean, lastailaren 14an, despeditu zen ikastaroa. Mikel Leozekin (itsas ondarean teknikaria. Albaola kultur fundazioa) Altsasuko Dantzalekun elkartu ziren. “Itsasoa eta barrualdea guk uste baino lotuagoa egon zirela azaldu zigun. Gaur egun baino gehiago. Zuhaitzak itsasontzien piezak izateko nola prestatzen ziren azaldu zigun. Seriean lan egiten zela eta basoaren kudeaketak diru asko ematen zuela garai hartan. Kontatu zigun Ingalaterran urperatutako barku baten zura Altsasukoa zela”.
Plataforma eta lantaldea
Galarragak aitortu digunez, kultura eta natura ondarearen berri eskolara eramaterakoan “eskola bakoitzaren planak, moduak, maila edo etapa bakoitzean oso ezberdina da. Oso ezberdina da gai hauek Haur edo Bigarren Hezkuntzan lantzea. Aukera sorta zabala dugu aurrean”.
Dagoeneko Interneten baliabideen plataforma bat sortzen hasi dira. “Kontua bidea egiten hastea da”, dio Galarragak, “gauza ez da aurten zerbait egin eta hor uztea. Luzera begirako bide eta jarrera bat direla ikusten dugu. Beraz, hainbat mailatan landu ahal izanen da: irteeren bidez, edukien bidez, eskolara jende aditua eramanez, eskolatik irtenez… Jarrera hori sortuz: gurea baloratu eta Sakanatik eta Sakanaz aritzeko”.
Prestakuntza arduradunak “interesgarri” jo du gaiaren inguruan irakasleen lantalde bat sortzea: “pixkanaka, nik uste, hortik jo beharko dugula”. Izan ere, “irakasleek ez dituzte bakarrik materialak nahi. Hari horri nondik tiratu egin ahal izan nahi dute. Horretan izanen dugu zeregina”.