Sakanako Garapenaren aldeko Plataforma Soziala sortu da

Guaixe 2015ko aza. 19a, 18:53

Sakanako dendarien elkarteak, Bidelagun Sakanako turismo elkarteak eta Sakantzen Sareak egindako deialdiari erantzunez 20 bat sakandar elkartu ziren Sakanako Mankomunitatearen Lakuntzako egoitzan ostiralean. Sakanako Plan Estrategikoa (SPE) martxan jartzeko Nafarroako Gobernuarekin egiten ari diren negoziazioen inguruan hausnartzeko espazio bat eskaini nahi zen. Testuinguru horretan gizarteak eta eragile sozialek joka dezaketen paperaz hausnartu nahi zen ere.

Parte-hartzaileek SPE aurrera eramateko beharrezkoak dituen baliabide ekonomikoez ez hornitzeak sorturiko egoeraren inguruko iritziak plazaratu zituzten. SPE adosteko egindako lan guztia alferrikakoa izatearen kezka azaldu zuten, baita SPEko neurriak ez garatzeak Sakanari eraginen liokeen “izugarrizko kalteagatik”  ere. Horregatik, ostiralean elkartu ziren pertsonek, euren izenean, Sakanaren Garapenaren aldeko Plataforma Soziala sortu zuten.

Atzoko bileraren ondoren plataformako kideek aurrera begira zer egin eztabaidatu eta erabaki beharko dute. Hala ere, ostiralean bertan manifestua onartu zuten. Idatzian Nafarroako Gobernuari Sakanako Mankomunitatearekin SPE garatzen laguntzeko hitzarmena sinatzeko eskatzen zitzaion. Batetik, plana giza- eta diru-baliabidez hornitzeko, beti ere, “Sakanako Sozioekonomia Behatokiaren ekonomia proposamenean oinarrituta”.  Eta, bestetik, Sakanako garapen estrategiaren bultzatzaileekin elkarlan eraginkorrerako marko egonkor bat sortzea. Manifestua sinatu zuten Sakanako dendarien elkarteak, Bidelagun Sakanako turismo elkarteak eta Sakantzen Sareak, Sakanako Garapenaren aldeko Plataforma Soziala, Abian plataforma eta Pagadi, Sakanako lur taldeak (enplegu tailerreko kideak).

sakanakogarapenalde@gmail.com
Plataforman parte hartu nahi dutenek e-posta helbide hori erabil dezakete.