Hauteskunde orokorrak 2015

Extremera PPren Iruña iparraldeko eskualde batzordeko burua

Guaixe 2015ko aza. 23a, 11:55

Eskualde batzordearen aurkezpenean Sanzek, Extremerak, Iturgaitzek eta Zalbak parte hartu zuten.

PPk Iruña iparraldeko eskualde batzordea aurkeztu zuen Donezteben larunbatean. Etxarri Aranatzen zinegotzi den Juan Antonio Extremera da presidentea. Berarekin batera Amaia Zarranz (idazkaria) eta Hugo Martinez, Juan Areta, Nerea Valez eta Serafin Lopez (koordinatzaileak) daude. Aurkezpen ekitaldian Nafarroako PPko kudeaketa batzordeko presidente Pablo Zalba, senaturako hautagai Cristina Sanz eta Carlos Iturgaitz eurodiputatua izan ziren.

Extremerak adierazi zuenez, Sakanako ekonomia garapenaren alde lan egiteko prest azaldu zen agerraldian, “baina ez independentzia moduko gauza absurdoez aritzeko”. Sakanara enpresak erakarri eta, horrela, enplegua sortzeko asmoa azaldu zuen. Biolentzia kondenatu eta biktimen aitortzaren alde lan egiten segituko zuela gaineratu zuen Extremerak. Juan Areta, batzordeko koordinatzailea, esan zuenez: "Nafarroako iparraldean Alderdi Popularra dagoen leku guztietan lan sendoa egingo dutela lanpostuak sortzeko. Eskualde hauetan langabezia arazo larria baita".

Aurreko legegintzaldian PPk Sakanan 5 zinegotzi zituen (Uharten 2 eta bana Etxarrin, Altsasun eta Olatzagutian) eta haiekin Sakanako eskualde batzordea sortu zuen 2013ko garagarrilaren 13an, legegintzaldia hasi eta bi urtera. Maiatzeko udal hauteskundeen ondoren popularrek Sakanan bi zinegotzirekin gelditu dira, biak Etxarri Aranatzen.

Erlazionatuak