Asteazkenean, 11:00etan, Geroa Baiko kongresurako hautagai den Bixente Serrano Izko gurean izan da. Guaixe.eus web orriko irakurleek bidalitako galderak erantzun ditu Geroa Baiko kideak. Hauteskunde orokorrak izanen dira igandean eta Guaixe.eus-ek alderdi nagusiei on-line elkarrizketa egiteko aukera eskaini die.
1. Kaixo.
Klima aldaketa, zer egin eta nola egin instituzioetan zaudetenak eta, orokorrean, gizartea kontzientziatzeko? Zuzena eta argia izanen zara? Eskertuko nizuke.
Basoa
Ba, energia iturri berriztagarrien aldeko ekimenak-eta bultzatzen. Berriztagarriak eta garbiak, jakina.
2. Geroa Bairendako zer litzateke hobea talde mistoan egotea edo beste alderdiekin talde propioa sortzea?
galdetzaile
Hor bertan ikusi behar, baina printzipioz ziru aski talde mistoa izanen litzateke gure aukerarik onena.
3. Kaixo, nafarra izanda ez dut ulertzen batetik Senatura elkarrekin talde batean joatearena eta bestetik Kongresura banatuta. Zer dela eta?
Loli
Boto sistema ezberdina da. Senaturako sistema maioritarioa da, eta arruntean lehen indarrak hiru eserleku lortu ohi du, laugarrena bigarrenak. Kongresurako, zerrenda itxiak eta sistema proportzionala: indar hauek banandurik joaten, pentsatzekoa da denon artean boto gehiago lortuko ditugula, eta eserleku gehiago guztira. Bertzela, Geroa Bairi botoa emateko prest dauden jende dezentek ez luke botorik emanen, eta berdin Ahal Dugu edo EHBildu edo I-E aldekoen aldetik.
4. Zein lirateke Kongresura eramanen zenituzkeen lehen hiru neurriak edo gaiak?
S O S
Gure autogobernua eta fintzazio-sistema (Konbenioa) defentsan, Politika sozialen defentsan, elkarbizikidetza, horiek izanen dira gure lehentasunak.
5. Politikari baino gehiago, gurean, Etxarrin irakasle izan genueneko garaiko aipamentxo bat egiterik badu. Atze atzera egin behar badu ere.
ANDRA MARI IKASTOLAKO LEHENENGO IKASLEAK
Bai, Sakanan hasi nintzen ene irakasle jardunean eta oso oso oroitzapen onak ditut. Oso gustora ibili nintzen, D eredua irekitzen zeudela.
6. Nafarron hitza Madrilen diozue. Ez zarete bakarrak hori esaten duzuenak, zergatik zuek Nafarron hitza eta besteak ez? Zein Nafarren hitza daramazue Madrilera?
Loli
Nafar guztiak, guztien interes kolektiboak eramaten saiatu gara orain arte eta saiatuko. Nafarroako gizarte pluralaren hitza, betiere gehiengoaren alde. Pluraltasun horretan, alde kulturalak, sozialak, jardun ekonomikoak, interesak, autoidentifikazio anitzak... Onartzen ez duguna da gure gizarteari buruzko ikuspegi kolorebakarrekoa, monolitikoa, orain arte UPNk egin duena.
7. Nafarron erabakitzeko eskubideaz zer iritzi duzue?
Loli
Funtsean, nafarrok subjektu politiko garelakoan gaude, inolaz ere ez objektu aldagarriak auskalo nongo bertze interesen izenean. Eskubidee horretan, aukera guztiak daude, eta arlo guztiak kontutan hartuz.
8. Zuen publizitatea iritsi zait etxera eta zergatik zaudete hain serio? Politika gauza serioa da baina aizu begirada zorrotz horiek ere...
Ane
Gauza asko daude jokoan legegintzaldi honetan, zer nolako planteamenduak ikusi ditugun Estatu eremuko hainbat indarren aldetik. Gauza asko eta serioak. Gure autogobernua defendatuko badugu, irudi serioa eman behar, ezta?
9. Zer galdu zaizue Madrilen?
!
Lapurtu nahi dizkiguten guztiak, eta haien bila joan behar.
10. Bipartidismotik laupartidismora pasa garela saldu digute estatu mailan, ze leku dugu nafarrok, euskal herritarrok?
ni neu
Etxean izan behar dugu geure lekua eta Estatu eremuan agerian irmo ikusarazi behar diegu. Gutaz erabakiak hartzen diren gune guztietan egon behar dugu.
Mila esker galderak egin dizkidazuen guztioi. Oso gustora erantzun dizuet, eta espero dut baleko erantzunak izatea, zuen erabakiak gero hartzeko. Besarkada bat guztioi.