Gaur, asteazkenean, Binakako Txapelketako ostiraleko partidarako materiala aukeratu dute Altsasuko Burunda pilotalekuan Ezkurdia-Barriolak eta Irujo-Rezustak. Pilota aukeraketan denbora dezente eman dute bi bikoek, eta badirudi kontentu geratu direla aukeratutakoarekin. Peñagarikano material hautatzaile berriaren begiradapean aritu dira bi bikoak. Material aukeraketak ikusmina sortu du eta makina bat pilotazale eta kazetari hurbildu dira Burundara.
Joseba Ezkurdiak adierazi digunez, ongi aukeratu nahi zituzten pilotak. “Gustura geratu gara. Pilota ona da, ostiralean diferente portatuko da ziurrenik, baina gaur pozik geratu gara. Beraienak salida gehiago edo pixka bat azkarragoak edo fuerteagoak dira. Beraiek gu baino kolpe gehiago dute eta normala da beraiek irteera gehiagoa dutenak aukeratzea. Baina kontentu gaude”.
Estrategia zein izango den galdetuta, “zaila dela esatea” onartu du arbizuarrak. “Ahal dena egingo dugu. Gurea da partida gogortzen saiatzea, beraiek guri tantoa egitea kostatzeko. Baina oso indartsu daude, pilota azkar mugitzen dute, abiadura askorekin. Gurea defentsa ona egitea izango da, boleekin eta gantxoekin erritmoa aldatzea eta beldurrik gabe jokatzea. Hori izango da inportanteena” nabarmendu du Ezkurdiak.
Barriolarekin oso gustura dagoela onartu du sakandarrak. “Gogoa nuen berarekin jokatzeko. Niretzat atzelari bikaina da, betidanik miresten dudana, eta oso pozik nago. Txapelketa zaila dago baina ea gauzak ongi egiten ditugun. Txapelketa berdindua atera da, faboritoek ez dute beti irabazten eta hori txapelketarako ona da. Gu gurea egiten saiatuko gara. Orain arteko bi partidak onak izan dira, kostatakoak, eta ea ostiral honetakoa horrela den. Momentuz txapelketa polita izaten ari da” gaineratu du Ezkurdiak.
Burunda frontoian “gustura aritzen dela, etxe ondoan pozik” aitortu zu Ezkurdiak. “Ea ostiralean giro ona sortzen den frontoian, hori izango da politena. Frontoi aldetik ez dago aitzakiarik. Sentsazio onak ditut, fisikoki ongi nago eta eskuetatik ere. Ea horrela agoantatzen dugun” dio Josebak.
Irujo: “Txapelketa luzea da, bukaerara arte ez da erabakiko”
Irujok, bere aldetik, “faboritoak egon badaudela baina hori kantxan demostratu behar dela” adierazi zuen. “Txapelketak 14 jardunaldi ditu eta soilik 2 egin ditugu. Guk bi partidak irabazi ditugu baina ez dago ezer erabakita. Luzea da, gogorra, eta ziur lesioak agertuko direla. Binakakoan oso zaila da partida guztiak jokatzea. Uste dut 11. edo 12. jardunaldira arte ez dela ezer erabakiko eta alde horretatik emozioz betetako Txapelketa izango dela” nabarmendu zuen. Burundan jokatzearekin kontentu azaldu zen Iberokoa. “Ia urtero jokatzen dugu Altsasuko festetan, entrenatzera ere etortzen gara, etxetik gertu dago eta beti dago giro ona. Horregatik kontentu nago. Zein izango den gure taktika? Ez dago sekreturik. Beñatek 9raino bidali ditzala pilotak eta nik pilota dudanean asmatzen saiatzea. Eta gauzak ateratzen ez bazaizkigu, ahal den hobekiena defendatzea, tantoa lortu arte”.