Soziolinguistika inkestarekin bueltaka

Guaixe 2015ko abe. 17a, 18:06

Iparraldeko Euskara Mankomunitateko, Baztango Udaleko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko, Malerrekako Mankomunitateko eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuek hurrengo urteetako plangintzak egiteko oinarria izan dezaten, Siadeco enpresa Nafarroako Mendialdeko 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek eta haien gurasoek euskararekiko jarrera ikertzen ari da. Horren berri eman eta salaketa egin zuen aurreko ostegunean Diario de Navarra egunkariak. Eta atzetik erreakzio soka etorri da. Ostegunean bertan inkestaren kudeaketa administratiboa egin duen Sakanako Mankomunitateko buru Aitor Karasatorre Muguruzak inkesta egiteko ohiko prozedura erabili dela azaldu zuen.

Nafarroako Gobernuak gogora ekarri zuen aurreko gobernuak onartutako diru-laguntza deialdi batekin egin dela soziolinguistika inkesta. Aldi berean, argitu zuen aipatu erakundeek sustatutako ikerketa dela eta haiek egin zutela deialdia eta ikastetxeak jakinaren gainean jarri. Ikastetxeek bere gelatan inkestak egiteko baimena eman edo ez erabaki dezaketela gaineratu zuen. Azkenik, Nafarroako Gobernuak “arduraz” jokatzeko eta “hezkuntza moduko gai sentibera politikoki eta alderdikoiki ez erabiltzeko” deia egin zuen.

Iritziak
PSNk inkestaren gaia Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordera eraman zuen astelehenean. Sozialistek Nafarroako Gobernuari eskatu nahi zioten inkestari buruzko “ikerketa sakona” egiteko, “arduradunak identifikatuz eta halakorik berriro ez errepikatzeko neurriak proposatzeko”.  Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren botoekin atzera bota zen eskaera. Gainontzeko hiru alderdiek alde bozkatu zuten. Santos Cerdan eledun sozialistak gobernuari eta hari eusten dioten lau alderdiei “Sakanako eskola-inkestaren ardurak argitu nahi ez izatea” leporatu die.

Gaia berriro Parlamentuan izanen da. Bilkurako gaurkotasunezko galderen atalean sozilinguistika inkestaz galdetuko baitu PPko Ana Beltran Villalbak. Bere kide Pablo Zalbak Bilduri “ikastetxeak politikoki doktrinatzeko erabiltzea” leporatu zion. Hezkuntza Departamentua “jokabide sektarioaren” arduradun ere egin zuen.

UPNk, bestalde, Sakanako Mankomunitatearen “dirulaguntzen erabilera okerra” salatu zuen; “euskararen sustapenerako zen, ez asmatutako Euskal Herria bat eraikitzeko, abertzaleek hezkuntzarekin egiten duten moduan”. UPNekoen ustez, euskara sustatzeko ekimenek “elkarbizitza errespetatu eta sustatzeko balio behar dute”.

Soziolinguistika inkestarekin ikasleei “galdera politikoak” egin zaizkiela salatu zuten erregionalistek, “hizkuntza eta identitatea lotzen zituzten galderak egin baitziren”. UPNk ardura baldintza plegua onartu zuten erakundeen bizkar utzi zuen. Aldi berean, erregionalistek Nafarroako Gobernuari eskatu diote diru-laguntza ematea berrazter dezala, “bere esku baitago”.

Geroa Baitik UPNri zuzendu zitzaizkion “hezkuntza era alderdikoian erabiltzeari uzteko” eskatuz. Koaliziotik azpimarratu zutenez, “milaka haurrei hartzen duen zerbitzu bat, hezkuntza, ezin da arma gisa erabiltzen segitu”. UPNren gobernuak diruz lagundutako inkesta zela gogorarazi ondoren, Geroa Baitik erregionalistei “hezkuntza publiko eta kalitatezkoaren alde positiboan lan egiteko” gonbitea luzatu zieten.