Karasatorre: inkesta hau egiteko ohiko prozedura erabili da

Guaixe 2015ko abe. 10a, 17:18

Siadeco enpresak Nafarroako Mendialdeko 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek eta haien gurasoek euskararekiko jarrera ikertzen ari da. Soziolinguistikako lan horren emaitzak Iparraldeko Euskara Mankomunitateko, Baztango Udaleko, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko, Malerrekako Mankomunitateko eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuei hurrengo urteetarako plangintzak osatzeko baliagarri izanen zaizkie.

Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez, “inkestaren eduki politikoagatik eta abisatu ez zaielako haserrea adierazi duten familiak daude”. Informazio horri erantzun nahi izan dio Aitor Karasastorre Muguruzak, Sakanako Mankomunitateko presidenteak, gainontzeko erakundeen izenean Mank-ek administrazio kudeaketa egin baitu.

Ezaugarriak
Karasatorrek azaldu duenez, inkestak bi maila ditu. “Lehena ikerketa kuantitatiboa da eta horren barne DBHko ikasmaila guztietako ikasleak inkestatu dira”. Ikastetxe guztiei tokian tokiko lehendakariaren gutuna helarazi zaie ikerketaren nondik norakoak azaltzeko. Galdetegia ere bidali zaie ikastetxeei aldez aurretik. “Ikastetxe bakar batean ere ez da eragozpenik izan galdetegia egiteko. Ikasle bakarra izan da ikerketatik kanpo gelditu dena, bere gurasoek hala eskatu dutelako".

Mank-eko buruak gaineratu du galdetegia “ikerketa soziolinguistikoetan erabiltzen den ohiko galdetegia da, Siadeco enpresak diseinatua eta eremu horretako euskara teknikari guztien onespena duena”. Galdetegia anonimoa dela azpimarratu du. Ikerketaren bigarren atalean eztabaida taldeak, elkarrizketa sakonak eta beste egin behar dira. Karasatorreren arabera “Helburua da euskararen erabileraz eta egoera orokorraz dituzten iritziak jasotzea, eta nagusiki 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoekin landuko da”.

Karasatorrek jakinarazi duenez, “ikerketa soziolinguistikoak aurreko legegintzaldiko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jaso du, euskara erabiltzeko eta sustatzeko toki entitateendako diru-laguntza deialdiaren barruan, hain zuzen ere”. Inkesta egiteko ohiko prozedura erabili dela gaztigatu du. “Ez zaie hirugarrenei baimenik eskatu toki-entitateek zein ikastetxeek autonomia dutelako gisa honetako ikerketak egiteko”.

Erreakzioak
PSNk Nafarroako Gobernuari “Sakanako ikastetxeetan gertatu dena sakon ikertzeko, ardurak identifikatu eta antzeko ezer berriro ez errepikatzeko neurriak proposatzeko” eskaera aurkeztu du Parlamentuan. Sozialistek inkestak “elementu gaitzesgarriak” dituela adierazi dute. Bestalde, Uxue Barkos Berruezo lehendakariak adierazi du “gaia sakon aztertu gabe Nafarroako Gobernuak ezin du iritzirik izan”.