“Feminismoak egingo gaitu herri”. Sakanako Mugimendu Feministak “indarrak batu” ditu aurtengo Martxoaren 8a prestatzeko. Mugimenduak azaldu duenez “jendarte eredua” ezin da indibidualki aldatu eta mugimendua ikustarazi nahi dute. Hortaz, “feministon eta emakumeon artean sare eta aliantzak” ezinbestekoak dira. Biharko manifestazioa eginen dute Altsasun, baina “ahaztu gabe data puntual bat besterik ez dela”; borroka egunerokoa dela gaineratu dute. Sakana feminista, Sakana askea izango da leloa: “Sakana askea izango da feminista denean”, mugimendutik azaldu dutenez.
Martxoaren 8a “ospatzeko eta aldarrikatzeko” egun bat da. Sakanako Mugimendu Feministak indarrak batu ditu eta hainbat ekimen antolatu ditu. Emakumearen egunean, bihar, manifestazioa egingo dute Altsasun, 19:00etan. Aurretik askaltzeko eta “karakterizatzeko” tartea egongo da. Egun honetan morez janzteko edo gauzak moreak eramateko gonbitea luzatu dute, izan ere, esaten dutenez “morea da gure bidea”. Sakanako Mugimenduari indarra eman nahi diote eta elkarrekin ospatuko dute Emakumearen eguna, “etorkizunera begira irudikatzen dugun proiektu baten hazia” izango dena, mugimendu feministaren esanetan.
Baina martxoaren 8a “egun bat baino gehiago da” eta astean zehar hainbat ekimen antolatu dituzte herri bakoitzeko mugimendu feministak.
Indarkeria matxista Altsasun
Altsasun izandako indarkeria matxista kasuaren aurrean mugimendu feministatik diote ez duela inolako justifikaziorik “onartu ezta sinistuko ere”. “Indarkeria sexista egiturazkoa da eta sozializazio prozesu sexista baten ondorio kulturaletik dator”. Hortaz, “gure inguruan” gertatzen denean erasotzailearen ardura estaltzen dela eta emakumea errudun egiten dela salatu dute. Ezetza edozein kasutan ere ezetz dela gogoratu dute.