Lorentxa Gimon, aske

Guaixe 2016ko mar. 3a, 18:08
Lorentxa Gimon espetxetik atera berritan. Argazkia: www.berria.eus

Maria Esparza bere koinata izurdiagarrak espero du “hau gaixo larri dauden gainontzeko presoendako bidea izatea”.

Lorentxa Gimonek gaixotasun larri eta kronikoa dauka, Krohn izeneko gaitza, eta 13 urte egin ditu espetxean. Bere gaixotasun larri eta kronikoagatik bere askatasuna aldarrikatzeko borroka luzearen ondoren, herenegun utzi zuten aske, eta Bretainiako Roazhongo kartzelatik atera zen angeluarra. Izurdiagako Maria Esparza Luri, Arakilgo Udaleko EH Bilduko zinegotzia, Lorentxa Gimon presoaren koinata da eta lan handia egin du bere koinataren askatasuna eskatzeko burutu diren ekimenetan, Iparraldeko abertzaleekin batera. Gimonen beraren eta senitartekoen eskariz, ez dizkiote harrera bereziko ekitaldiak egin “haren osasunak duelakoz lehentasuna”.

Gimonek Krohn izeneko gaixotasun larri eta kronikoa dauka, egoera oso aurreratuan, gainera. Espetxean ezin zizkioten behar dituen zainketak eman. Azken hilabeteotan hirutan izan da ospitalean. Bere askatasuna eskatzeko egin diren lan etengabeek fruitua izan dute, Parisko Dei Auzitegiak emandako epaiagatik asteartean aske utzi zutelako. Orain bere osasunari beharrezkoa duen arreta eskainiko dio, etxean.
Senitartekoak, tartean Maria Esparza Luri arakildarra, pozik daude erabakiarekin. “Egin ditugun dinamikengatik dago aske Lorentxa. Borroka, ez dago beste biderik. Eta espero dezagun Lorentxaren kasua aurrekaria izatea larriki gaixo dauden beste presoendako” gaineratu du Esparzak.